Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak 26,4 milioi euroko aurrekontua onartu du, azken urteotako handiena

-“Aurrekontu hau gure lan lerro nagusi diren bermeotarren bizi kalitatea hobetzeko, herriko jarduera ekonomikoa sustatzeko eta bermeotarron nortasuna balioan jartzeko bideratuko da”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak

Bermeon, 2022ko abenduaren 19an.- Bermeoko Udalak 26,4 milioi euroko aurrekontua onartu du gaur goizean EAJ-PNVren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta Guzanen kontrako botoekin. Honela, azken urteotako aurrekontu handienetako bat onartuta geratu da. “Aurrekontu hau gure lan lerro nagusi diren bermeotarren bizi kalitatea hobetzeko, herriko jarduera ekonomikoa sustatzeko eta bermeotarron nortasuna balioan jartzeko bideratuko da”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

“Aurrekontu honek Bermeoko eta bermeotarron beharrizanei erantzuna ematen diela uste dugu. Noski, herritarrek prozesu parte hartzaileetan egin dizkiguten eskariei ere erantzuna ematen die. Tamalez, eta nahiz eta azken egunera arte adostasuna bilatzen saiatu garen eta EH Bilduren hainbat ekarpen aurrekontuan sartu ditugun, ez dugu oposizioaren babesa lortu. Uste dugu zaila dela aurrekontu hauei ezetza ematea, baina hala izan da. EH Bilduk ezetza esan die aurrekontuei baina, azken finean, dirutan, sartu ez ditugun emendakinak aurrekontu osoaren %0,77a besterik ez dira izan”, gehitu du Abaroak.

“Herrirako dugun proiektua garatzen lagunduko digun aurrekontua da aurkezten duguna, azken urteotako inbertsio gaitasun handiena duena, gainera. Ia 1,5 milioi euro. Eta, proiektu hau garatzeko adostasunetara iristea lortu dugu beste instituzio batzuekin. Elkarlan horri esker proiektua garatzen jarraitu ahal izango dugu eta honekin irabazten aterako direnak bermeotarrak dira”, jarraitu du Abaroak.

Hauek dira proiektu nagusiak:

- Aire libreko kirolgunea eta umeentzako jolasgune berria eraiki  San Martinen (201.320,54 euro)

- Santa Eufemia aurreko kalea konpondu (35.000 euro)                                                  

- Itxasbegi auzora igogailua jarri (643.896,97 euro)

- Alde Zaharra berrurbazinatu. Nekazari eta Intxausti kaleak. (114.018,62 euro)

- Kale-garbiketa zerbitzuan errefortzuak eta hobekuntzak egin (239.320,37 euro)

- Berdintasun politikak garatu (93.201,91 euro)

- Adikzioen prebentziorako zerbitzuak eta programak garatu (61.599 euro)

- Langabezian dauden herritarrei formakuntza eta laneratzeko aukera emateko programa garatu (375.000 euro)

- Ekintzailetza bultzatzeko zerbitzuak eta laguntzak (Lokalbide programa, ekintzaileentzako aholkularitza…) (56.000,00 euro)

- Herriko ostalaritza eta merkataritza dinamizatzeko programak garatu (50.000,00 euro)

- Bermeoko euskara balioan jartzeko ekintzak egin (15.000 euro)

- Gaztelugatxe modu jasangarrian eta geure nortasuna balioan jarriz ezagutzeko lanzadera eta bisita gidatuak antolatu (77.000 euro)

- Bermeoko ondarea berreskuratu, balioan jarri eta ezagutzera emateko ekimenak (45.000 euro)

- Efizientzia eta jasangarritasun energetikorako programak (ibilgailu elektrikoak, eraikinetan hobekuntzak, autokontsumorako plakak, sentsibilizazio eta aholkularitza kanpainak…) (400.000 euro)

- Herriko kaleak asfaltatu, konpondu eta mobiliario urbanoa berritu (210.700 euro)

19 / 12 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0