Albistea
-Bidegurutze honetan bat egingo du saihesbideko sarrera-irteera berriak eta guneak hartuko duen trafikoa modu seguruan antolatzeko helburu duten lan hauetan, guztira, 253.582,27 euro (BEZ barne) inbertituko dira.
-Besteak beste, bidegurutzea eta Erreinezubi kalea asfaltatuko dira, ura bideratzeko kainu-zuloak egingo dira eta espaloi, semaforo-sare eta seinale berriak jarriko dira
Bermeon, 2020ko azaroaren 4an.- Bermeoko Udalak lan garrantzitsuak eramango ditu aurrera datozen asteotan. Izan ere, herriko sei kaleen (Tellaetxe tar Josu, Erreinezubi, Askatasun Bidea, Artike Bidea, Almika Bidea eta Ander Deuna kalea) eta saihesbidearen arteko zirkulazioa antolatzeko bidegurutzearen obrak hasiko ditu berehala. Inbertsio handia izango da (253.582,27 euro, BEZ barne), baina behar-beharrezkoa segurtasuna bermatzeko, trafikoa berrantolatzeko eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko. Helburua bidegurutzea modu seguruan antolatzea da. Gune hau saihesbidetik herrigunerako sarrera-irteera berri bat izango dela aintzat hartuz eta trafikoa zuzentzeko aukera ezberdinak aztertu ostean, semaforo-sare sistema berria jartzea erabaki da.
Lanek 8 asteko iraupena izatea aurreikusten da. Semaforo-sare berria jartzeaz gain, besteak beste, Erreinezubi kalea eta bidegurutzea bera asfaltatu egingo dira, ura bideratzeko kainu-zuloak eta sareta berriak jarriko dira, zenbait espaloietan hobekuntzak egingo dira, edukiontzi eta zerbitzu guneak (zama-dezama guneak, autobus geltokia…) berrantolatuko dira eta seinale bertikal berriak instalatuko dira, lurrean ere seinaleak margotzeaz gain.
Bermeoko saihesbidea eta herriko erdialdea modu egoki batean lotzeko, hirugarren sarrera bat egitea aurreikusi zen. Lotura hori lortzeko, Tellaetxe tar Josu kalea luzatu da azken hilabete hauetan. Obra hauei esker, herritarrei aukera emango zaie Bermeon sartzeko eta irtetzeko herriko zeharkaleetatik ibili gabe eta, honi esker, herriko erdiguneko trafikoa arindu egingo da. Sarrera berri hau egiteak, aipatu sei kaleen arteko bidegurutzea antolatzea ekarri du eta hau da asteotan egingo dena. Gainera, aurrerantzean, herriko hainbat kaleetako zirkulazioa berrantolatu beharko da baita ere.
Honenbestez, Bermeoko Udal Gobernuak bere helburu estrategikoetako batean aurrerapauso garrantzitsu bat ematea lortu du. Izan ere, lan hauei esker, herriko irisgarritasuna nabarmen hobetuko da, herritarren bizi kalitatea hobetuz.
010 (94 617 91 00)