Albisteak

Albistea

Larunbat honetan Bermeo Hiriko XLI Ikurriña-BTWC traineru estropada ospatuko da

-  "Hitzordu hau iristeko irrikan gaude, zalantzarik gabe, traineruen festa handia izango da. Udaletik bermeotar eta bisitari guztiak gonbidatzen ditugu primeran pasa dezaten eta ahalik eta gehien goza dezaten" adierazi du Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak 

Bermeon, 2023ko irailaren 13an.- Beste urte batez, eta ohitura den bezala, larunbat honetan, 2023ko irailaren 16an, Bermeoko uretan, Izaro uhartearen parean, Eusko Label Liga estropadaren azken-aurreko jardunaldia ospatuko da: "Bermeo Hiriko XLI Ikurriña-BTWC Bermeo Tuna World Capital". Gainera, hitzordu honetan Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako Playoff-etako lehen jardunaldia ere jokatuko da. Gaur goizean bertan, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak, Agustín Aranburu García "Bermeo Urdaibai Arraun Elkarteko" presidenteak eta  Anertz Muniategi, Bermeo Tuna World Capitaleko Zuzendaritza Batzordeko kideak, banderaren xehetasunak azaldu dituzte Arrantzaleen Museoan egindako prentsaurrekoan.


"Jai giro eder honetan, larunbatean, irailak 16, gure herriko estropada ospatuko dugu, Bermeokoa. Hitzordu hau iristeko irrikan gaude, zalantzarik gabe, traineruen festa handia izango da. Udaletik bermeotar eta bisitari guztiak gonbidatzen ditugu primeran pasa dezaten eta ahalik eta gehien goza dezaten. Besoak zabalik hartuko ditugu. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiet antolatzaile guztiei urtez urte egiten duten lan handiagatik. Eskerrik asko", adierazi du alkateak.

Jardunaldia Euskotren Ligako playoffekin hasiko da 17:30ean. Ondoren, 18:04an, Eusko Label Ligako playoffaren txanda izango da. 18:47 aldera, Eusko Label Ligako lehen txanda egingo da, Bermeo Hiriko XLI Ikurriña-BTWC Bermeo Tuna World Capital, eta, 19:16tik aurrera, bigarrena.

Estropada ikusteko pantaila erraldoi bat duen eremu ludikoa Bermeoko portu zaharrean jarriko da, eta gogorarazten da irailaren 16ko goizean, 08:00etatik aurrera, ibilgailuek ezin izango dutela Artzako biribilgunetik haratago sartu, portuko sarbidea mugatuta egongo baita.

13 / 09 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0