Albisteak

Albistea

Demiku auzoko jaiak ospatuko dira asteburuan

  • Demikuko Mendi Martxa Herrikoia zapatuan izango da, eta ahiezko tostada txapelketa, berriz, domekan.

Barikuan hasi eta domekara bitartean, Demiku auzoko jaiak ospatuko dira, eta Bermeoko Udalak eta Demiku auzoko bizilagunek antolatuta, hainbat ekitaldirekin ondo pasatzeko aukera izango dute herritarrek; besteak beste, mendi martxa herrikoia, tostada txapelketa, umeentzako jolasak eta musika egongo dira.

Otsailaren 2an, barikuan, Kandelaria Egunean, goizeko 11:30ean txupinazoagaz hasiko dira festak, eta, ondoren, 12:00etan meza izango da.  Ostean, 13:00etan, luntxa egongo da trikitilariak girotuta.

Zapatuan, Demikuko Mendi Martxa herrikoiaren txanda izango da, 12:00etan auzoko baselizaren ondotik abiatuta. Mendi Martxan parte hartzeko ezinbestekoa izango da izena ematea, eta 11:30etik aurrera egin beharko da baselizaren ondoan.  Parte hartzaileek euro bat ordaindu beharko dute, eta martxan batutako dirua Demikuko baselizaren mantentze eta berriztatze lanak ordaintzera bideratuko da.

Mendi martxa laburra izango da, 10 eta 12 kilometro bitartekoa, “umeekin batera egiteko modukoa”. Ibilbidea seinaleztatuta egongo da eta honakoa izango da: Demiku, Katillotxuko bidea, Goiko Ur Biltegi handia, Sukarrietaranzko bidea, Munitiz, San Bartolome, Zabale,  Katillotxu, Demiku. Hala ere, antolatzaileek ibilbidea aldatzeko eskubidea daukate. Helmugan, parte hartzaileentzako ura eta janaria egongo dira.

Demikura oinez igotzeko eskaera egin dute, inguruan kotxeak aparkatzeko leku gutxi dagoelako.

Ahiezko tostada txapelketa

Domekan, umeentzako jolasekin hasiko dute eguna, 11:15ean. Meza aurretik zein meza ostean, gainera, Josepa kale kale taldearen kantaldiekin gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek.

Domekan, gainera, ez da faltako Demiku auzoan ohikoa den tostada txapelketa, eta modalitate bakarra egongo da: ahiezkoa. Edozeinek parte hartu ahalko du, eta horretarako 14:30ean izena eman beharko da. Epaimahaia ordu horretan hasiko da tostadak dastatzen, eta 15:00etan izango da sari banaketa ekitaldia, Demikuko baselizaren ondoan.

Parte hartzaileek 3 tostada aurkeztu beharko dituzte, kartoizko plater batean eta Demikuko auzotarra den ala ez zehaztu beharko du. Izan ere, hiru sari nagusiez gain (60, 40 eta 20 euroko otzarak), Demikuko auzotar batentzako sari berezia egongo da (40 euroko otzara). Epaimahaiak honakoak izango ditu kontuan: tostaden itxura eta zaporea eta tostadak egiterakoan, osagaien erabilera egokia. Demiku auzoko tostada txapelketaren oinarriak Bermeoko Udalaren webgunean daude ikusgai.

Bermeoko Udalak Demikuko bizilagunei jai zoriontsuak opa dizkie, eta herritar guztiak gonbidatu ditu jaietan parte hartzera.

31 / 01 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0