Albisteak

Albistea

‘Aire!’ Filmaren emanaldi eta solasaldiarekin hasiko da Martxo Morea, bihar

  • Bermeoko Udalak antolatutako ekimenez gain, Bermeoko Mugimendu Feministak manifestazioa egingo du M8an, eta Demiku jubilatuen elkarteak eta Erroxape Emakumeen Elkarteak antolatutako omenaldi eta jarduerak ere egongo dira datorren astean.

Emakumeen Nazioarteko Eguna, Martxoak 8, datorren astean bada ere, Bermeoko Udala bihar (martxoak 1) hasiko da Martxo Morea izenpean antolatutako ekitaldiekin.

Hain zuzen ere, Aire! filmaren emanaldi eta solasaldiarekin hasiko da Martxo Morea. Maurizia Aldeiturriaga panderojolean inspiratutako dokumentala ikusteko aukera egongo da, 19:00etan, Nestor Basterretxea aretoan, dohainik. Gainera, dokumentalaren zuzendari Gentzane Martinez de Osaba ere bertaratuko da, eta berarekin solasaldian aritzeko aukera egongo da.

 
Datorren astean jarraituko du egitarauak, martxoaren 7an (eguena), Eva Perez-Pons idazlearen Erresistentziarako gorputzak: bollerak liburuaren aurkezpenarekin; 18:30ean izango da liburutegian.

Martxoaren 8an bertan, Bermeoko Udalak La Furia eta Albina Stardust & Divina Comedia taldeen kontzertuak antolatu ditu. Bermeoko Kafe Antzokian izango dira, eta lehenengo kontzertua 21:30ean hasiko bada ere, 21:00etan zabalduko dituzte Bermeoko Kafe Antzokiko ateak. Sarreraren prezioa 5€-koa da, eta dagoeneko salgai daude Gizarte eta Kultura Etxean eta giglon.com webgunean. Udaletik bi sarrera bikoitz zozkatuko ditugu Instagram sare sozialetik.

Gainera, BERTON Bermeoko txiki-erdi enpresen elkarteak antolatutako ekimenarekin bat egin du udalak. Herriko merkatariek inguruko emakume esanguratsuak goraipatuko dituzte euren erakusleihoetan. Ekimen hau ikastetxeekin elkarlanean egin dute.

Azkenik, III. Berdintasun Plana eratzeko prozesuaren baitan, herritarrekin dinamika parte hartzaile bat egingo da martxoaren 14an (eguena). 18:30ean jarri da hitzordua, Gizarte eta Kultura Etxeko Gaztelekuan. Udaletik herritar guztiak deitzen dituzte parte hartzera.

Mugimendu Feministaren manifestazioa eta gehiago

Bermeoko Udalak antolatutako ekitaldiak baino gehiago daude antolatuta Martxoaren 8ra begira. Bermeoko Mugimendu Feministak, urtero legez, manifestazioa antolatu du Emakumeen Nazioarteko Egunerako, 19:00etan aterako da Goiko Plazatik. Bermeoko Udalak bat egiten du Mugimendu Feministaren deiarekin, eta herritarrak ere gonbidatu dituzte parte hartzera.

Martxoaren 8an bertan, Demiku jubilatuen elkartekoek, elkarteko nagusiak omentzeko ekitaldia daukate antolatuta, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta. Gizarte eta Kultura Etxeko sotoan elkarteak daukan lokalean izango da omenaldia, 18:00etan hasita. Ondoren, jai giroan jarraituko dute.

Erroxape Emakumeen Elkarteak, bere aldetik, martxoaren 4tik 9ra bitarteko egitaraua antolatu du. Martxoaren 4an (astelehena) hitzaldi batekin emango diote hasiera asteari, 19:00etan izango da Erroxape Emakumeen Elkartearen lokalean. Datorren martitzenean (martxoak 5), Nestor Basterretxea aretoko ateak zabalduko dituzte, elkarteko kideek ikastaroetan egiten dituzten lanak erakusteko jarriko duten erakusketaren inaugurazio ekitaldia egiteko; 19:00etan jarri dute hitzordua. Erakusketa, hala eta guztiz ere, martxoaren 12ra bitartean bisitatu ahalko da, 19:00etatik 21:00etara. Eguaztenean (martxoak 6), 19:00etan, euren lokalean bertan Las buenas compañias filma jarriko dute.

Omenaldirako tartea ere hartuko du Erroxapek, urtero, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egiten duten moduan.  Emakumeen kolektibo bat aukeratzen dute, omenaldi txiki bat egin, eta eurek egindako lanari esker ona adierazteko. Aurten, andereñoak omenduko dituzte. Omenaldia martxoaren 7an (eguena) izango da, 19:00etan, Erroxape Emakumeen Elkartearen lokalean.

Martxoaren 8an, berriz, Bermeoko Mugimendu Feministaren deiarekin bat egingo dute Erroxapekoek ere. Asteari amaiera emateko, berriz, martxoaren 9an (zapatua), meza, bazkaria eta dantzaldia antolatu dituzte. 

Bermeoko Udaleko Berdintasun Saila oso pozik agertu da antolatu diren ekimen guztiekin. “Emakumeok goraipatzeko hilabetea dugu martxoa, baina baita emakumeok lortzeke ditugun erronkak zerrendatzeko ere. Guztiok berdintasuneranzko bidean lan eta oztopo asko gainditu behar ditugu. Bidea dugu egiteko eta pausoz pauso lortuko dugu. ZUETAZ HARRO!”, azpimarratu du Arantza Ormaza Tarantino Berdintasun zinegotziak.

29 / 02 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0