Albisteak

Albistea

Bermeoko Udala ez da interesdun modura agertuko Eako Udalak Busturialdeko Ur Partzuergoari ezarritako demandan

Bermeoko Udalak ez du aurrera egingo Eako Udalak Busturialdeko Ur Partzuergoaren (BUP) eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren (BBUP) kontra hasitako prozeduran. Modu horretara, EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako 1 sekzioan jarraitzen den prozeduran, amore ematea erabaki dute Osoko Bilkuran. Hortaz, Bermeoko Udala ez da prozedura horretan interesdun modura agertuko, aurrerago onartu zenaren aurrean ­­-2022ko azaroaren 25ko Osoko Bilkuran-, bere jokabidea aldatuz.

Bermeoko udal gobernuaren jarrera argia da: “Ezin gara interesdun modura agertu, beste udal baten eskubideen aurka. Eako Udalak bere ondarea defendatzeko eskubidea dauka”, esan du Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk.

Bermeoko Udalak Eako Udalak hasitako prozeduran interesdun modura agertzea erabaki zuenean, Eako Udalak jarritako demandaren edukiaren informaziorik ez zegoela adierazi du Xabier Ortuzar Butron alkateordeak. “Orain, informazioa izanik, argi daukagu prozedura horretatik kanpo geratu behar garela. Informazio guztia esku artean izanda ikusi dugu Eak eskatzen duenak, ez diola Bermeori inolako kalterik eragiten. Eako Udalaren subiranotasuna errespetatu behar dugu”, gaineratu du.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan Bermeoko Udalaren ordezkari den Bitor Uriarte zinegotziak gogorarazi du Busturialdeko Ur Partzuergoa eratu zenean, eskualdeko udal bakoitza borondate propioz sartu zela partzuergora. Gero, Busturialdeko Partzuergoak Bilbao-Bizkaiara sartzea erabaki zuenean, aldiz, udal batzuk (ur-horniketarako horiek zituzten baliabide eta ondasunekin batera) nahiz eta kontrako botoa eman, Busturialdeko Partzuergoko udalen gehiengoak hala erabaki zuelako, derrigortuta sartu zituzten.

Uriartek azaldu du integrazioa burutzean, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren eskuetara pasatu zirela Busturialdeko Ur Partzuergoari udalek ur-horniketarako aurretik zituzten eta, jakina, euren jabetzakoak ziren baliabideak eta ondasunak: “Integrazio prozesuan Busturialdeko Ur Partzuergoak baliabide horiei buruz egindako inbentarioaren kontra da Eako Udalak jarritako demanda, bere baliabide eta ondasunen jabetza erreklamatuz”.

Hori guztia kontuan hartuta, Bermeoko udal gobernuak ikusi du, “bere interesak ez daudela jokoan”, eta, horregatik, demanda horretako prozesuan interesdun modura agertzeari amore ematea bozkatu du Osoko Bilkuran.

01 / 03 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0