Prensa

Prensa

Hondakinen kudeaketaren inguruan aritu dira ikastetxeak eta Bermeoko Udala


Eskola Agenda 21 ekimenaren barruan, Eskola Foroa eta Udal Foroa egin dira gaur Bermeoko Gizarte eta Kultura etxean. Aurten gai nagusia hondakinen kudeaketa izan da eta horren inguruan egindako diagnostikoa, ekintzak eta proposamenak aurkeztu dizkie Bermeoko ikastetxe guztietako (Herri Eskola, Eleizalde Ikastola eta Sagrado Corazón) ikasleek Bermeoko Udalari eta horren inguruan eztabaidatu dute guztiek.

Horrela, goizeko 11:00etatik 12:00etara, eskola foroa egin da. Bertan, ikastetxe guztietako guraso, ikasle eta irakasleen ordezkariek euren ikastetxeetan hondakinen kudeaketaren inguruan egindako lana partekatu dute.

Ostean, udal foroa 12:00etatik 13:00etara izan da. Bertan, Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek, alkateordeak, Benito Ibarrolazak, eta Ingurumen zinegotziak, Irune Ormaetxeak, harrera egin die ikasleei, irakasleei eta gurasoei eta ikasleek aurreneko saioan prestatu duten aurkezpena azaldu dute.

Foroan, lehendabizi ohiko proiektuei buruz informatu dute: eskolako hazitegia, ortua eta lorategia, ikasturte honetan egindako tailerrak (elikadura tailerra, erosketei eta modari buruzko tailerrak…). Horrez gain, Portuko, Aritzatxuko eta San Martineko errekaren uraren egoera aztertu dute.

Jarraian, hondakinen kudeaketaren inguruan egindako lanaren berri eman dute. Egoeraren diagnostikoa egin dute gurasoei eta Bermeoko dendetan egindako galdetegien bidez eta  honakoa adierazi dute: “Bermeon orokorrean beira, papera, eta ontziak ondo birziklatzen dira eta euren edukiontzietan botatzen dira, baina, aldiz, txarto kudeatzen dira olioa (harritik behera botatzen baita) eta DVDak, CDak eta tinta kartutxoak, boligrafoak, errotulagailuak, tipex-a eta horrelakoak”.

Horrez gain, ikasleek hondakinak gaika biltzearen garrantziaz informatzeko egindako sentsibilizazio lan garrantzitsuaren berri eman dute (antzerkiak, bideoak, maskotak, txoko berdeak, kartelak…). Ildo berean, Bermeoko Udalari euren proposamenak luzatu dizkie: herritarrei ontzien erabilera eta kokapenari buruzko informazio gehiago ematea; ontziak sarriago hustea; jolas parkeetan sastar-ontzi hori txikiak jartzea eta Garbigunearen ordutegia zabalagoa izatea, hain zuzen ere.

Gero iradokizunen eta elkarrizketaren txanda izan da. Idurre Bidegurenek azaldu duenez, oso garrantzitsua da herriko ikastetxeek gure ingurumena zaintzearen alde hartzen duten konpromisoa, jasangarritasunaren garrantzia txikitatik landu eta barneratu dezaten.

 

03 / 06 / 2016

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0