Prensa

Prensa

Guraso eta etorkinentzat euskara ikastaroetan izena emateko epea irekita

Euskara ikasleentzako diru-laguntzak eskatzeko epea, urriaren 1etik 31ra

 

 

Gurasoentzako eta etorkinentzako ikastaroak aspaldiko urteetan antolatzen ditu Bermeoko Udalak udalerriko euskaltegi biekin elkarlanean, eta horien helburuak argiak dira, familia bidezko transmisioa indartu nahi da alde batetik, euskara ez dakiten gurasoei ikasteko erraztasunak emanez eta beste alde batetik, Bermeora kanpotik etorri direnentzat euskara ikasteko aukera zabaldu gura da. Ikastaro hauetan interesa dutenek irailaren 30era arte eman ahal izango dute izena Berhaz bulegoan.

Horrela adierazi dute Bermeoko Udaleko Euskara zinegotziak eta teknikariak, Juan Karlos Agirrek eta Maite Alvarezek, hurrenez hurren, gurasoentzako eta etorkinentzako euskara eskolak aurkezteko Euskal gunean gaur egindako prentsaurrekoan. Bertan, eurekin batera, AEK euskaltegiko ordezkari Iratxe Garmendia egon da.

Agirrek azaldu duenez, urtero eskaintzen diren ikastaro hauek urrian hasiko dira ekainera bitarte, eta batean zein bestean, taldeari egokitutako metodologia erabiltzen dute. 

Gurasoei zuzendutako ikastaroak AEK euskaltegian izango dira, 120 orduko iraupena izango dute eta 20 euroko prezioa. AEK-ko arduradunak, Iratxe Garmendiak, adierazi duenez, ikastaro hauetan bai euskaraz ez dakitenek eta bai berbetan jakin arren, alfabetatu nahi dutenek, parte hartu ahal izango dute. Seme-alabekin ohiko harremanetan komunikatzeko trebetasunak landuko dituzte, ulermena eta berba egiteko lotsa galdu eta testu laburrak irakurtzen eta idazten ikasiko dute. Aurreko edizioetan ikasle izan diren gurasoen esanetan,  emankorra da era honetako ikastaroan parte hartzea. 

Euskara teknikariaren esanetan, euskara ikasteko etxea bide bakarra ez bada ere, gurasoek zeregin garrantzitsua dute hizkuntzaren transmisioan; zenbat eta hobeto jakin euskaraz, seme-alabei transmitituko dieten hizkuntza osatuago eta aberatsagoa izango da eta etorkizunerako oinarri sendoak jartzen lagunduko diete seme-alabei. 

Bestalde, etorkinei zuzendutako ikastaroari dagokionez, Gotzon Garitonaindia euskaltegian antolatzen da eta udal ordezkariek esan dutenez, 120 orduko ikastaro hau urrian hasiko da. Matrikularen truke 10 euro ordaindu behar dira, gehi materiala. 

Ikastaro honetan komunikatzeko oinarrizko gaitasuna lantzen dute, HABEren Aisa metodoaren bitartez. Horrela, bada, euskaraz lehen berbak esaten ikasten dute ikasleek eta eguneroko bizitzan erabiltzen diren berbak eta esaldiak praktikatzen dituzte. Ikastaro hau antolatzen hasiz geroztik, etorkin ugarik izan dute aukera euskaraz berbetan ikasteko eta aurrera pausu handia dela azpimarratu dute. 

Ikastaro hau beste herrialde batzuetatik etorri diren pertsonentzat antolatzen da, berton bizitzeko euskara ikastea lagungarri delako. “Izan ere, euskara jakiteak hartu-emonak errazten ditu eta aukerak eta bideak zabaltzen ditu”, esan du Euskara teknikariak.  

Ikastaro horietan izena emateko epea irekita dago irailaren 30era arte eta izena Berhaz bulegoan eman behar da (Ertzilla 6-8). Ordutegia zehaztea talde bakoitzaren esku egongo da. 

Ohiko ikastaroetarako matrikulazioa irailean 

Udalak eta euskaltegiek elkarlanean antolatzen dituzten ikastaro bi hauetaz gain, Bermeoko Atalde 17an, Euskal Gunean kokaturik dauden AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegietan, maila guztietako ikastaroetan izena emateko epea irekita dagoela nabarmendu nahi izan dute euskaltegietako ordezkariek. 

Ordu aukera zabala eskaintzen dute, euskaltegian bertan edo internet bidezko ikastaroak, azken batean, euskara erabiltzeko aukerak zabaltzen laguntzen dute Bermeoko euskaltegietan. Hori egin nahi duten herritarrak euskaltegietara hurreratzeko gonbitea egin dute. 

Matrikula egiteko beharrezkoak direnak eta eskuratu daitezkeen diru laguntzei buruzko informazioa jasoko dute euskaltegietara joaten direnak. 

Diru-laguntzak 

Izan ere, euskara ikasteko doakotasunaren bidetik, aurten ikasleek beste aukera bat izango dute. HABEk eta Bermeoko Udalak ematen dituzten diru laguntzei, aurten estreinakoz Bizkaiko Foru Aldundiak emango dituen laguntzak gaineratu behar zaizkio. 

Alvarezek azaldu duenez, udalak banatzen dituen diru laguntzen kasuan, eskariak urriaren 1etik 31ra bitarte aurkeztu behar dira Udaleko Berh@z bulegoan (Ertzilla kalea 6-8). Laguntzak eskatu ahal izango dira 2015-2016 ikasturtean eta 2016ko udan egindako ikastaroetarako. 

Euskara arduradunak zehaztu duenez, diru-laguntza hauen onuradunak izango dira ikasturtean edota udan, homologaturik dauden euskaltegi edota barnetegietan, helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten Bermeon erroldatutako biztanleak. Baldintza horrez gain, ikastaroan emaniko orduen %80 edo gorako asistentzia eta hasten den ikastaroa bukatzea egiaztatu beharko dira. 

Euskara teknikariak azaldu duenez, ikasle bakoitzak, gehienez, 300 euroko diru-laguntza jaso ahal izango du ikastaro bakoitzeko. “Urtean zehar egin daitezkeen ikastaro guztiengatik ikasle bakoitzak, gehienez, 500 € jaso ahal izango ditu”, adierazi du. 

Oinarrizko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntzarik jasotzen duten eskatzaileek laguntza handiagoa izango dute, gehienez, matrikularen % 70ekoa, eta diru-laguntzaren xede den ikasturte barruan langabezian izan direnek, gehienez, matrikularen % 60a eskura ahal izango dute. Gainontzeko ikasleentzat: gehienez, matrikularen % 50a. 

Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza, berriz, euskaltegietan jasoko dute informazio osotua. Hala ere, aurreratu dutenez, ikasleak txartel edo bonua eskuratuko du aplikazio informatiko baten bitartez eta euskaltegian erabili ahal izango du matrikula egitean, beraz, matrikula merkeagoa izango zaio, baldin eta aurreko ikasturtean A1, A2 edo B1 maila gainditu badute. 

2015-2016 ikasturtea amaitu duten ikasleak izango dira lehen onuradunak eta 2016-2017 ikasturteko matrikula egiteko erabili ahal izango dute aplikaziotik eskuratzen duten txartela. 

Informazio gehiago nahi duten pertsonek Euskara Sailean (94 617 9122, euskera@bermeo.eus) edo/eta bere web gunean (www. bermeo-euskaraz.eus) izango dute.

12 / 09 / 2016

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0