Prensa

Prensa

Sareginek, Txosna Batzordeak eta Udalak kontzentrazioa deitu dute bihar Lameran eraso sexisten kontra

 

 

Bermeoko Sareginek, Txosna Batzordeak eta Bermeoko Udalak kontzentrazioa deitu dute irailaren 16an, barikuan, 14:00etan, Lameran, -harrizko bankuaren ondoan-, eraso sexisten kontra.

Sareginek, Bermeoko Feministen Sareak azaldu duenez, Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan “bost eraso egon dira, euren artean, lau sexistak: akosoa, akosoa eta ukituak, lelo iraingarriak, eta bikoteari eragindako indarkeria. Kasu horiek eraso sexistak izan dira eta ezinbestekoa da eraso sexista bezala identifikatzea eta herriak salatzea, era guztietako erasoak saihestu nahi baditugu”.

Salatzeaz gain, eraso horren biktima izan diren emakumeei elkartasuna eta babesa eskaini gura diete. “Hori ikusita, Sareginek, txosna batzordeak eta Udalak  kontzentrazioa deitu dugu”, gaineratu du.

Sareginek adierazi dutenez, “urtean zehar egindako lanaren ondorioz, sentsibilizazio handia dago eraso sexisten inguruan eta eraso horiek argira ateratzea  oso garrantzitsua da”. Gaineratu dute “aurtengo jaietan ez dela egon beste urte batzuetan baino eraso gehiago edo gutxiago, ez da kopuru kontua, aldiz, jendearen sentsibilizazioa handiagoa da, emakumeok eta oro har jendarteak erasoekiko dugun tolerantzia maila aldatu egin da, emakumeok babestuago sentitzen gara eta ondorioz erasoak gehiago salatzen dira, antolakuntza handiagoa dugu eta egindako jarraipena eta koordinazioari esker, kasuak arinago identifikatu dira.

Dinamika kezkagarritzat jo dute talde batek publikoki erabilitako lelo iraingarriak. Emakume guztien aurkako eraso zuzen hori salatzeaz gain, hausnarketa egin beharrekoa dela adierazi dute. “Jaiak amaitutakoan hainbat eragileren hausnarketa bideratu nahi dute, guztion zeregina delako horrelako jokabideak ez errepikatzeko zerbait egitea”, esan dute.

Horrez gain, Txosna batzordeko kideek adierazi dutenez, zapatuan antolatu zuten kontzertuan lan egiten ari zen kide bat jipoitua izan zen. “Eraso sexista ez bada ere, jaien eredu parte hartzailea ulertzen ez duten pertsona horien jokabidea gogor salatu gura dugu” , adierazi du.

Beraz, Bermeoko Udalaren esanetan, “ezinbestekoa da herriak era ezberdinetako eraso sexistak salatzea, argi uzteko erasoak ez direla onargarriak ez Bermeon ez inon”.

Hortaz, Sareginek, Txosna Batzordeak eta Udalak herritar guztiak deitu dituzte irailaren 16an, barikuan, Santa Eufemia egunean, kontzentrazioan parte hartzera eguerdiko 14:00etan Lameran. Horrez gain, iluntzeko 20:30ean, txosna-gunean, kalejira zaratatsua egiteko deia egin dute. Mobilizazio bi horiek irauten duten bitartean, txosnak itxita egongo direla azaldu dute.

15 / 09 / 2016

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0