Prensa

Prensa

Bermesex zerbitzua bihar, barikuan, berriro martxan udako etenaldiaren ostean

Gazteleku eta Ludoteka zerbitzuak urriaren 1ean, zapatuan, hasiko dira martxan udako etenaldiaren ostean

 

Udako etenaldiaren ostean, Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak sexualitateari buruzko informazioa eta orientazioa emateko Bermesex zerbitzu publikoa, doakoa eta konfidentziala jarriko du martxan berriro bihar, irailaren 30ean, barikuan. 

Bermesex, Bermeoko Sexologia Orientazio Zerbitzua, Gizarte eta Kultura Etxean eskainiko da, bariku arratsaldero. Zerbitzuaren helburua da sexualitatearen eta sexuaren bizipenean modu onuragarriak eta mesedegarriak bilatzeko orientazioa ematea. 

Bermesex zerbitzuko adituak, hainbat gairi buruzko orientazioa ematen du barikuro Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean kokatutako bulegoan, besteak beste: sexu bidez transmititutako gaixotasunak (STG), antisorgailuak, tabuak, sexu orientazioa... 

Juan Karlos Agirrek, Gazteria Saileko zinegotziak, azaldu duenez, Bermesex zerbitzuaren bidez, “herriko eta eskualdeko gazteei lagundu gura zaie modu partikularrean ezagutu, onartu eta adierazi daitezen, horrela, euren adineko beste gazte batzuekin, hartu-emonak izateko modu onuragarriena bilatzeko”. 

Bere esanetan, helburu hori lantzeko gazte, familiarteko eta profesionalakin egiten da lan. Orientazioa bideratzeko hiru eredu izango dira kontuan: programa eredua, kontsulta eredua eta teknologia eredua, hain zuzen ere.

Kontsulta ereduari dagokionez barikuro 16:00etatik 17:30era, gazte, senitarteko eta profesionalentzako aurrez-aurreko arreta zuzena eskainiko da Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxeko bigarren solairuan. Horrez gain, profesionalekin koordinatzeko aukera ezberdina adosteko aukera egongo da. 

Orientazio ereduaren bidez, profesional ezberdinekin eta familia kideekin elkarlanean, ume, gazte, familia eta hezkuntza baliabideen arazoei irtenbideak topatzeko bideak hausnartzen dira, egoera bakoitzean esku hartzeko modu, eragile eta ekintza egokienak aztertuz. 

Bestalde, programa ereduaren bidez, proposamen ezberdinak eraiki daitezke, besteak beste, sexu hezkuntza programak, guraso eskolak, profesionalentzako ikastaroak, berbaldiak eta informazio kanpainak. 

Azkenez, teknologia ereduak, programa eta kontsulta ereduak osatzen ditu. Teknologia berriek aholkularitza ekintzak burutzeko aukerak zabaldu dituzte, besteak beste, sare sozialak, korreo elektronikoa, skype bidezko bideokonferentziak, txata, e.a. 

Beraz, Bermesex zerbitzuak orientazioa on-line eta telefonoz egiteko aukerak eskaintzen ditu, honako hauek, hain zuzen ere: bermesex@bermeo.eus, Skype: orientazio.zerbitzua, Facebook (Orienta Zerbitzua), Twiter (@sexorienta) eta telefonoa: 644898661 (arreta orduetatik kanpo mezua utzi daiteke erantzungailuan). 

Gazteleku eta Ludoteka 

Bestalde, udako etenaldiaren ostean ere bai, Kultur Etxean dauden Gazteleku eta Ludoteka zerbitzuak zapatuan, urriaren 1ean, berriro jarriko dira martxan. 

Ludoteka 17:30etik 20:30era egoten da irekita bariku eta zapatuetan eta urrirako bere programa hau izango da: urriaren 1ean jokoak, urriaren 8an eskulanak, urriaren 14an eta 15ean marrazketa, urriaren 21ean eta 22an eskulanak eta urriaren 28an eta 29an katu beltzaren jaia. Ludoteka 6 eta 11 urte bitarteko umeei zuzenduta dago. 

Gaztelekuaren kasuan, urriaren 1ean ongi-etorria emango zaie partehartzaile guztiei, urriaren 8an Gaztelekuaren apainketa izango da, 14an eta 15ean jolas librea, 21ean eta 22an sing star txapelketa eta 28an eta 29an mahai jokoak, buzz… Bere ordutegia honakoa da: barikuetan eta zapatuetan 18:00etatik 21:00etara. Gaztelekua 12 eta 18 urte bitarteko gaztetxoei dago zuzenduta.

29 / 09 / 2016

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0