Prensa

Prensa

Bermeoko Udalak 2017ko aurrekontua onartu du, inoiz baino parte hartzaileagoa eta herritarren beharrizanei erantzuteko helburua duena

Bideguren: “Urritik hona egindako lanari esker aurrekontuak adostea lortu dugu, eta gainerako alderdien 20 emendakin baino gehiago jaso ditugu”

            

 

Bermeoko Udalak 2017ko 21,4 milioi euroko aurrekontu bateratua onartu du Osoko Bilkuran. “Aurrekontua erantzukizun eta zuhurtasun handiarekin egin da, eta herritarren beharrizanei erantzutea, bizi kalitatea hobetzea, herritarren parte hartzea bermatzea eta etorkizun oparoa lortzea dira bere helburuak”, adierazi du. Horretarako, bere esanetan, “gainerako alderdiek egindako ekarpenak ere jasotzen dituzten aurrekontuak dira, izan ere, 20 emendakin baino gehiago onartu ditugu”. 

“Urritik hona lan handia egin dugu aurrekontu berriak, errealistak eta konpromiso eta ekimen ezberdinak jasotzen dituztenak aurkezteko. Ahalegin handiak egin ditugu denon artean aurrekontu horiek onartzeko, guztiekin negoziatu da, eta adostasunetara heltzeko eskuzabaltasuna erakutsi da”, azpimarratu du Bidegurenek. Azkenean, aurrekontua atzo egindako Osoko Bilkuran EH Bildu eta Guzanen aldeko botoekin onartu da eta EAJk eta Izartuk kontra bozkatu dute. 

Bermeoko alkateak azaldu duenez, aurrekontu honen ardatz nagusiak dira: “Bermeo sozio-ekonomikoki indartzea, desoreka sozialei aurre egitea, herritarren bizi kalitatea hobetzea, Bermeoren eraldaketa, herritar guztiak gure kulturaren parte eta jabe izatea eta kudeaketa gardena eta parte-hartzailea”. 

Bidegurenek zehaztu duenez, Udalaren, Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuaren, Kirol Patronatuaren eta Berualaren aurrekontu bateratua “erantzukizunarekin eta zuhurtziarekin” landu da diru-sarreren arabera, hain zuzen ere”. “Ilusioz egindako aurrekontua da, proposamenez eta konpromisoz betea”, azpimarratu du. 

Bermeo sozio-ekonomikoki indartzea 

Bermeo sozio ekonomikoki indartzea lehentasuna da alkatearentzat, eta  horrela aurrekontuek merkataritza, enplegua eta turismoa bultzatzen dituzte. Ildo honetan, adierazi duenez, besteak beste, “lehen sektoreko erosketa gune erreferentea izateko, Bermeoko azokaren egoera hobetzen jarraituko dugu (garbitasuna eta argiteria hobetuz); Lurbizi eta eskualdeko proiektuak babestuko ditugu, enplegu planen barnen; eta merkatari eta ostalarien lehiakortasuna hobetzeko, formakuntza-aholkularitza programa martxan jarriko da”.  

“Era berean, turismoa sustatzeko, Gaztelugatxeko San Juanen inguruko plangintza estrategikoan parte hartuko dugu Bizkaiko Foru Aldundiarekin; eta itsas ondarea balioan jarriko dugu herritarrekin elkarlanean, beste ekintza askoren artean”, gaineratu du. 

Desoreka sozialei aurre egitea aurrekontuen beste ardatz nagusi bat da, bere esanetan. Azaldu duenez, helburu asko dira lortu nahi direnak arlo honetan, hala nola, udal zaharren egoitzaren etorkizuna Bizkaiko Foru Aldundiarekin adostea, gizarte zerbitzuen mapa martxan jartzea eta gazteei zuzendutako programak bultzatzea (lana bilatzekoa, drogamenpekotasuna prebenitzeko…). “Horrez gain, berdintasun politikak bultzatzeko apustu sendoa egin nahi da 2017an eta, horretarako, berdintasun agentea kontratatzea eta plangintza berria adostea aurreikusten dugu, besteak beste”, gaineratu du. 

“Herritarren bizi kalitatea hobetzea ere lortu nahi dugu gure aurrekontuarekin eta, horrela, kirola apustu garrantzitsua izango da guretzat, izan ere, jendarte aktiboa izatea sustatuko dugu hainbat proiekturekin (osasun sarea, mugikortasuna, herri adeitsua…)”, azaldu du. 

Bidegurenek adierazi duenez, “Udaltzaingoaren lan prebentiboa landu nahi da eta, horrela, formakuntzaren aldeko apustua egingo da”. Bere esanetan, “garbitasuna eta herriaren irudia Udalaren beste helburu garrantzitsuak izango dira aurrekontuetan eta horretarako honako zerbitzu hauek indartuko dira: lorategi eta gune berdeen irudia hobetzeko zerbitzuak, herri eta auzo lanak indartzeko zerbitzuak eta garbitasuna hobetzeko zerbitzuak. Pausu asko eman ditugu baina lan horrekin jarraitzea beharrezkoa da”. Auzoetan ere hobekuntzak egitea aurreikusten da”, nabarmendu du. 

Eraldaketak herri erakargarriagoa lortzeko 

Horrez gain, Bidegurenek esan duenez, 2017ko aurrekontuen beste helburu garrantzitsua da herri erakargarriagoa izateko eraldaketak egitea. Horretarako, besteak beste, honako hauek aurreikusten dira: Udaletxea berreraikitzeko bigarren fasearekin hasi Aldundiarekin elkarlanean, merkatal guneak hobetzeko estrategiaren barne Bizkaiko Jaurerrian proiektua egitea, eta uriguneen berriztatzea eta irisgarritasuna hobetzea (Tala, Zarragoitxi eta Itsas Begik lehentasuna izango dute). 

Halaber, aurrekontuek Alde Zaharra biziberritzeko estrategiarekin jarraitzea aurreikusten dutela adierazi du, eta horren barne honako proiektuak aipatu ditu: ‘Hurtado de Mendoza’ gunea definitu eta martxan jarri; Alde Zaharreko plan berezia gaurkotu; U teoria taldea sendotu, mugimendu parte-hartzailea indartu eta prototipoak martxan jarri; lokal hutsen azterketa, orube hutsen erregistroa eta irtenbidea, herritarren zorra kitatu, kontrol sisteman hobekuntzak eta alokairu soziala bultzatu. 

Bestalde, Bidegurenek esan duenez, “herri bizia nahi dugulako”, 2017ko aurrekontuak herritar guztiak kulturaren parte eta jabe izateko programak lantzen ditu. Horrela, euskararen erabilera indartu nahi da, eta Lanbide Hastapena, Musika Eskola eta Liburutegiaren aldeko apustua egingo da. Horrez gain, kultur eta jai egitarau zabala gauzatzeko talde eta norbanakoekin koordinazioa estutu nahi da.

Bermeoko alkateak nabarmendu duenez, aurrekontuek “kudeaketa eraginkorrago, gardenago eta parte hartzailego baten aldeko urratsak” ere jasotzen dituzte eta “aurtengo berrikuntzak” izango dira: “gardentasun ataria eta webgunea herritarren beharrizanetara egokitzea, giza baliabideen kudeaketan hobekuntzak, espedienteen kudeaketa berria, eta diru-laguntzak (horien arte familia ugarientzako diru-laguntza)”. 

Horrez gain, Bidegurenek nabarmendu duenez, aurrekontua “inoiz baino parte-hartzaileagoa” izango da, izan ere, “200.000 euroko partida bat herritarrekin batera erabakiko da zertan erabili behar den, guztion artean definituko ditugu herriaren beharrizanak eta proiektuak”.

09 / 03 / 2017

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0