Prensa

Prensa

Bermeoko Udalak Bizikidetza eta Aniztasun Plana (2018-2021) aurkeztu du Bermeon integrazioa bermatzeko eta diskriminazioari aurre egiteko

-Gaur plan horren aurkezpen publikoa egin da, ekarpenak jasotzeko

- Helburu nagusia da Bermeon immigrazio eta elkarbizitza esparruan esku-hartzeko ardatz nagusiak eta ekintzak proposatzea

 

Bermeoko Udalak, Ikuspegi, Immigrazioaren Euskal Behatokiarekin, elkarlanean, Bizikidetza eta Aniztasun plana (2018-2021) landu du; izan ere, Bermeoko Udalaren “apustua da gizarte justuago, berdintsuago eta kohesionatuago bat lortzea”. Ildo horretan, diskriminazioari aurre egiteko eta elkarbizitza lantzeko herriko eragile ezberdinekin plan hau landu dugu. Gaur plan hori parte-hartzaile guztiei aurkeztu zaie eta orain azken ekarpenak jasoko dira. 

Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak; Gorka Morenok, Ikuspegiko zuzendariak; eta Maddalen Epeldek, Ikuspegiko ikertzaileak;  Bizikidetza eta Aniztasun plana (2018-2021) aurkeztu dute gaur Bermeon.   

Bidegurenek azaldu duenez, “azken 15 urteko Bermeoko argazkia aldatzen joan da  eta kuriositate eta mesfidantzaz nahasturiko jarrerak elkarbizitza eta konfiantzazko bizikidetzan bilakatzeko bidean gaude”. Hori lortzeko, adierazi duenez, azken urteetan Bermeoko Udalak, Gizarte Ongizate Udal Patronatuaren eskutik, lan garrantzitsua egin du.

 

“Ikerketa ezberdinak egin ditugu, udal sail guztiei eta herriko eragileei zuzendutako formazioa, atzerritarrekin elkar ezagutzeko eta benetako elkarbizitzan sakontzeko saioak, sentsibilizazio kanpainak… azken finean, sortutako zalantza eta mesfidantza jarrerei datu objektiboekin eta adituen aholkularitzarekin aurre egin diegu”, gaineratu du. 

“Horrela, gaur aurkezten dugun plan hau orain arte egindako ibilbidean beste pauso berri bat da, hurrengo lau urteetako ardatz nagusi eta oinarriak ezartzen dituena”, nabarmendu du. 

Ildo honetan, Bidegurenek adierazi dutenez, “gure lehentasuna da Bermeoko herrian elkarbizitza bermatzea eta aniztasuna balioan jartzea, izan ere, berdintasunean oinarritutako gizarte bat nahi dugu”. Horregatik, Bizikidetza eta Aniztasun plana (2018-2021) landu dugu, “bizikidetza bermatzeko hainbat jarduera jasotzen duen plan errealista eta pragmatikoa, hain zuzen ere”, adierazi du.

Plan hori eragile ezberdinekin landu da: sail ezberdinetako Bermeoko Udaleko teknikariak, etorkinak, Gazte Mugimendua, Sahararen aldeko elkartea, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Kate Sarea, Osakidetza… 

2018-2021 Elkarbizitza Planaren helburu nagusia Bermeoko herrian 2018-2021 denboraldirako immigrazio eta elkarbizitza esparruan esku-hartzeko ardatz nagusiak azaltzen dituen, ekintza politikorako proposamenak planteatzen dituen eta lanerako gida bat eskaintzen duen ekintza plan bat eratzea da. 

Plana osatu aurretik hainbat pauso jarraitu dira: alde batetik, Bermeoko herrian immigrazioaren gaur egungo egoera zein den ezagutzeko diagnosi estatistiko bat burutu da; eta, bestetik, diagnosi kualitatibo bat egin da, herrian immigrazioaren inguruko errealitatearen ezagutza duten eragile desberdinak eta zenbait pertsona etorkin elkarrizketatuz eta eztabaida talde bat ere burutuz. 

Diagnostikoa 

Diagnostikoaren arabera, Bermeon atzerrian jaiotakoak %8 dira, Bizkaian kopuru berdina eta EAEn %8,6. Bermeon, Bizkaian eta EAEn dauden atzerritar kopurua antzekoa da. Jatorriari dagokionez, Bermeon, Europar Batasuna da jatorri nagusiena, nagusiki, errumaniarrak (%38,1) eta horiei Latinoamerikarrek jarraitzen diote (%36,1). Datu horiek EAEkoekin eta Bizkaikoekin konparatzen baditugu, hiru lekuek joera berberak erakusten dituzte; ezberdintasun nagusia Bermeon Europar Batasunekoek erakusten duten pisu altuagoa da eta Magrebtar zein asiarren pisu txikiagoa. 

Diru Sarrera Bermatzeko Errentari (RGI) dagokionez, Bermeoren kasuan hori jasotzen dutenen %29,1 da atzerritarra eta EAEn %36,5. “Beraz, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsona gehienak ez dira atzerritarrak”, gaineratu dute. 

Hortik abiatuta, Bermeoko immigrazio eta elkarbizitza esparruan ekintza politikoaren etorkizunerako ardatzak eta gizarte sarearekin ekintza eta jarduketarako ildoak ezarri dira 2018-2021 Bizikidetza Planean. “Planak diskriminazioari aurre egiteko ezinbestekotzat jotzen ditu sentsibilizazioa, formakuntza eta berdintasunarekiko konpromiso instituzionala”, adierazi dute.

Bizikidetza Planean jasotzen diren ekintzak hiru esparru nagusietan bilduta daude: batetik, Berdintasunezko tratu instituzionala bermatzeko jarduerak; bestetik, Berdintasunezko tratu estrukturala bermatzeko jarduerak; eta, azkenez, Berdintasunezko tratu interpertsonala bermatzeko jarduerak. 

Berdintasunezko tratu instituzionala bermatzeko jarduerei dagokienez, Bermeoko Udalak, korporazio gisa, bere arau, erregelamendu, zirkular eta bestelakoetan herrian bizi diren pertsona guztien tratu berdintasuna sustatzea ahalbidetzen duten ekintzak biltzen dira.

Horien artean honako hauek aipatzen dira:  Udaleko Osoko Bilkuran elkarbizitzaren alde eta diskriminazioaren aurkako adierazpen instituzionala gauzatu; udal zerbitzuetako araudia eta sarbide izapideak berrikusi, horietan egon daitezkeen oztopoak detektatu edota gainditzeko; eta Immigrazio, bizikidetza eta aniztasun gaietan koherentziazko komunikazio udal politika sustatu. 

Berdintasunezko tratu estrukturala bermatzeko jardueren kasuan, herriko zein euskal gizarteko gizarte egituran eragitea dute helburu, Bermeoko bizilagunen arteko aukera eta tratu berdintasuna bilatuz. Jardueren artean honakoak proposatzen dira: sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak; iritsi berrientzako harrera programa gaurkotu eta eguneratu; ikastetxeekin elkarlanean ikasle atzerritarrengan euskara sustatzen jarraitu eta euskara eta lan formakuntza eta orientazioa lantzeko programekin jarraitu. 

Azkenez, Berdintasunezko tratu interpertsonala bermatzeko jarduerak, orokorrean, zurrumurruen aurkako estrategiarekin zuzenki lotuta daude, hau da, jatorri edota arbaso atzerritarrak dituzten pertsonekiko aurreiritzi eta estereotipo negatibo eta faltsuei aurre egiteko bultzatu nahi diren ekintza desberdinak biltzen dira hemen. 

Horrela, plangintzak, besteak beste, honako ekintzak proposatzen ditu: lanaren difusioa eta dibulgazioa egitea, jendeak ezagutu dezan; udal korporazioari bideratutako formakuntza mintegia 4 urtean behin;  pertsonal teknikoarentzako zurrumurruen aurkako tailerra antolatu.; integrazio ibilbide eredugarriak izan dituzten jatorri atzerritarreko pertsonak ikusgarri egin eta errekonozitu; eta beste sail/zerbitzu/entitate batzuekin koordinatuta herritarren sentsibilizazioa lantzeko ekintzak antolatu, immigrazio atzerritarraren aurreko estereotipo negatibo eta faltsuei aurre egiteko. 

“Beraz, gaur aurkezten den Plana, hurrengo urteetan elkarbizitza eta berdintasun tratua sustatu eta bermatzeko tresna baliogarria izan nahi du, arlo honetan egiten eta egingo diren jarduerak planifikatu nahi dituelarik”, azpimarratu du Morenok. 

Bermeoko alkateak adierazi duenez, “kultura ezberdinen arteko gizarte baten aurrean aurkitzen gara, immigrazioaren fenomenoa ondo ulertu behar dugu, datuak ondo aztertu, aurreiritziak gainditu eta daukagun errealitatearen aurrean dibertsitate kultural handiko herri berdintsua eraiki denon artean”.

 

19 / 10 / 2018

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0