Prensa

Prensa

Elkarretaratzea, zine emanaldia eta hitzaldia Andrazkoenganako indarkeriaren kontrako eguna dela eta

 

 

Erroxape Emakumeen taldeak, Sorginorratz eta Norez Bermeoko Feministen taldeek, Berritze Guneak eta Bermeoko Udalak hainbat ekimen antolatu dituzte Andrazkoenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta; besteak beste, elkarretaratzea, zine emanaldia, hitzaldia, eta berdintasunerako gunea. 

Horrela, nahiz eta Andrazkoenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna azaroaren 25ean izan, ekimenak azaroaren 22an, eguenean, hasiko dira ‘3 anuncios en las afueras’ pelikularen emanaldiarekin, Erroxaperen lokalean 19:30ean. 

Azaroaren 23an, barikuan, Emaginek, Euskal Herriko Bilgune Feministak, ‘Indarkeria’ hitzaldia eskainiko du 19:00etan Erroxape elkartearen lokalean. 

Azaroaren 25ean, domekan, Andrazkoenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean, elkarretaratzea izango da Lameran eguerdiko 13:00etan. Elkarretaratze ostean, ekitaldi bat izango da txalapartari eta bertsolariekin. Bermeoko alkateak adierazpen instituzionala irakurriko du, eta ekitaldi horretan alkatearekin batera egongo dira emakumeen elkarteak, herriko ikastetxeak eta Amaia Artetxe kazetari bermeotarra. Amaitzeko, perfomance-a ere izango dugu herriko mugimendu feministaren eskutik. 

Horrez gain, ekintza gehiago egingo dira, izan ere, abenduaren 5ean, eguaztenean, Berdintasunaren gunea izango dugu Lameran. 9:15etik 16:30era ikastetxeetako saioak egingo dira, 16:30etik 18:15era herritarrentzako erakusketa egingo da eta Munduko emakumeen martxa Bermeotik pasako da. 

Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, adierazi duenez, “andrazkoen eta gizonezkoen arteko desorekaren adierazpen larriena da andrazkoen kontrako indarkeria”. Horregatik, bere esanetan, “andrazkoek jasotzen duten indarkeriari aurre egiteko ezinbestekoa da bizitzaren esparru guztietan berdintasunezko harremanak oinarri izango dituen jendartea”. 

“Ezinbestekoa da ulertzea gaur egungo gizonezko eta andrazko ereduak aldatu behar direla, harreman afektibo eta sexual berriak eraldatu behar ditugu, askatasunean eta errespetuan oinarrituta”, gaineratu du. 

Bermeoko Udalak herritarrei dei egin die Andrazkoenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko eguna dela eta antolatutako ekintza guzti horietan parte hartzera. Horrela, kaleetan zehar bozeramaileek sinatutako bandoa jarriko da emakumeenganako indarkeria gaitzesteko eta herritarrak azaroaren 25eko ekimenetan parte hartzera animatzeko.

19 / 11 / 2018

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0