Prensa

Prensa

Idiazabal gaztaren ibilbidearen 2. etapa, Arantzazu eta Otzaurte artekoa, maiatzaren 1ean.

Ibilbidea bost etaparekin osatzen da eta bakoitzean gure ondarearekin eta ehunka paisaiarekin gozatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek

 

 

Sollube 707 Mendizale taldeak Idiazabal gaztaren ibilbidea, GR-283, egiteko ekimena antolatu du. Ibilbide hori bost etaparekin osatzen da eta, lehenengoa Legazpi-Arantzazu (12km.) apirilaren 7an egin ondoren, bigarren etapa, Arantzazu eta Otzaurte artekoa (18 km.), maiatzaren 1ean, eguaztenean, egingo da.

Sabin Bilbaok, Sollube 707 taldeko ordezkariak, gogoratu duenez, bigarren etapa Arantzazun, Sindika ostatuaren aurrean, hasiko dute eta Urbiako landetaraino pagadi artean egingo dute ibilaldia.

Bidean, pago artean, Erroitiko iturria aurkituko dute, eztarria bustitzeko ezinbesteko ura ematen duena. Goian, Enaitz eta Zabalaitz tarteko, Elola lepotik eta lizarren artean, Urbiako ermita, ostatu eta landetara helduko dira. Bidean zehar, paraje politak ikusteko aukera izango dute parte-hartzaileek, hemen borda pila bat, han tumulu bat eta Aizkorriko mendikatea.

Era berean, Erdi Aroko galtzada batetik ‘Lizarreta’ edo San Adriango pasabidera iritsiko dira, Araba eta Gipuzkoa arteko antzinako bidea, hain zuzen ere. Hortik aurrera, Otzaurtera bidean, pagadiak, zelaiak eta orokorrean natura ikusteko aukera izango dute mendizaleek.

Irteera Zubiaur Tar Kepan, Bermeoko udal azokaren aurrean dagoen markesinan izango da maiatzaren 1ean, eguaztenean, goizeko 7:00etan. Izena emateko Sollube 707 taldeko telefono hauetara deitu behar da: 676 620 195 edo 619 75 31 98.

Sollube 707 mendizale taldeko ordezkariak mendizale guztiak animatu ditu ekimen honetan parte hartzera; izan ere, Gipuzkoako ondarea eta historia ezagutzeko aukera paregabea eskainiko du, aldi berean, paisaia zoragarriekin gozatuz ekimen osasuntsu bat eginez.

 

 

 

23 / 04 / 2019

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0