Albisteak

Albistea

Erroxapek Bermeoko III. Zine Zikloa eta Zine Foruma antolatu du

 

 

Erroxapek, Bermeoko Emakumeen Elkarteak, Bermeoko Zine zikloa eta Zine Forum-aren hirugarren edizioa antolatu du eta, urriaren 20an, eguenean, hasiko da ‘Sufragistas’ filmaren proiekzioarekin. Film guztiak arratsaldeko 18:30ean proiektatuko dira Erroxapeko egoitzan eta sarrera dohainik da. 

Erroxapek adierazi duenez , zine ziklo eta zine forum-aren helburuak dira “emakumeak zuzendutako zinema plazaratzea, euren lanak ikusgai bilakatuz”. Ildo berean, azaldu duenez, “emakumeen gaiak jorratzen dituzten filmak proiektatu nahi ditugu eta Zine-forumaren bitartez, aukeratutako gaien inguruan eztabaidak zabaldu nahi ditugu”. Horrez gain bere helburuak dira “zinema, baliabide gisa erabiltzea, emakumeak ahalduntzeko, indarkeri matxistarekin bukatzeko eta emakumeen arteko sare sozialak lortzeko”. 

Horrela, zine zikloa eta zine forum-a urriaren 20an, eguenean, hasiko dira ‘Sufragistas’ filmaren proiekzioarekin. Antolatzaileek azaldu dutenez, pelikula horrek Ingalaterran Sufragisten mugimendua kontatzen du (1914-1918) eta horren bitartez “emakumeak historian zehar pairatutako egoeraz ohartu ahal izango gara eta emakumeak egindako lanari eta borrokari esker eskubide asko lortu ditugula ikusiko dugu”. 

“Hori horrela izanda, oraindik ere parekidetasuna lortzeko lan handia daukagu eta horri buruz hitz egiteko Idoia Legarreta Beldur Barik taldeko kidea gure artean egongo da urriaren 20an”, gaineratu dute. 

Hurrengo proiekzioa azaroaren 24an, eguenean, izango da ‘Las mujeres de verdad tienen curvas’ filmarena, hain zuzen ere. Pelikula horrek emakumeei ezarritako edertasunaren estereotipo eta kanonen inguruan hitz egiten du. “Horiek gure egunerokotasunean dituzten ondorio gogorrei buruz berba egingo dugu , Naroa Argoitia Emagineko kidearekin”, nabarmendu dute.  

Hurrengo filma homosexualitateari buruzko ‘Pride’ izango da, abenduaren 15ean, eguenean. “Ondoren, Agurtzane Ormatza Sena Sexologia zentroko lehendakariarekin solasaldia izango dugu  homosexualitateari buruz hitz egiteko, tendentzia sexualaren askatasuna aldarrikatuz, diskriminaziotik kanpo”, adierazi dute.

Azken pelikula ‘Buda explotó de vergüenza’ izango da urtarrilaren 12an, eguenean. Film horrek Afganistaneko emakumeen egoera jorratzen du, zehazki  sei urteetako neskato batek ikasi nahi izateagatik pairatzen duen egoera kontatzen du. Ondoren, solasaldian Izaskun Guarrotxena mugimendu feministako kideak ikasterako orduan rolen banaketen inguruan hitz egingo du.  

Hortaz, hainbat pelikula ikusteko eta horien inguruko hausnarketa egiteko aukera emango du Erroxapek antolatutako Zine Zikloak eta Zine Forum-ak. Horregatik, Erroxapek nahi duten pertsona guztiei gonbidatu die horretan parte hartzera eta film eta solasaldiekin gozatzera. 

19 / 10 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0