Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak udal zaharren egoitzari buruzko mozioa onartu du

Bermeoko Udalak atzo, otsailaren 23an, egindako Osoko Bilkuran, Bermeoko Udal Gobernuak aurkeztutako zaharren egoitzari buruzko mozioa onartu zuen Guzan, Izartu eta EH Bilduren aldeko botoekin. EAJk kontra bozkatu zuen. Mozioan, besteak beste, Bermeoko Udalak, integrazio prozesuan, Bermeoko Santi Spiritus Zaharren egoitzan egoiliarren eskubideak eta langileen jatorrizko lan baldintzak une oro bermatuko direla eskatzen dio Bizkaiko Foru Aldundiari. Horrez gain, Bermeoko Udalak, Udal egoitzak GUFEn barneratzen ez diren bitartean, gaur egun hitzartu gabeko plaza guztiak Foru Aldundiak ordain ditzala eskatzen du, eta Aldundiak bere osotasunean onar dezala bere eskumenen barruan aurkitzen den zerbitzuaren kostua. Hona hemen onartutako mozioa:

<u> </u>

<u>UDAL EGOITZAK FORU ALDUNDIAREN ESKURA </u>

Eusko Legebiltzarrak Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legea onartu zuen, 2015ean zerbitzuen kartera garatu zen eta ondorioz, Bizkaiko Foru Aldundiak eta lurraldeko udalek banatu egin behar izan dituzte atzera beraien eskumenak, legean aurreikusten den banaketaren arabera. Gai honen inguruko lehen bilera informatiboa 2016ko urtarrilean izan zen.

Zehazki legearen bigarren xedapen iragankorrak hurrengoa zehazten du:

“Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek lege hau sartu eta urtebeteko epean ekingo diote lege honetan ezarritako eskumenen banaketa benetan gauzatzeari”.

Eskumenen doiketa egikaritzeko Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeak urtebeteko epea finkatzen zuen indarrean sartu zenetik aurrera, epe hori 2009ko abenduaren 25an amaitu zen. Aurreikusitakoaren arabera, administrazioen arteko fluxu finantzarioen aldaketa ere gauzatu behar zen, aldaketaren bideragarritasuna eta iraunkortasuna bermatzearren, baina oraingoz ez da ezer gauzatu.

Bestetik, Gizarte Zerbitzuen  Legeak arautzen dituen eskubideak, 2016ko abenduaren 25ean unibertsalak eta subjektiboak bilakatu dira. Hau da, eskumena duten administrazioek  horiek bermatu beharko dute, eta diru nahiko aurreikusi ez izana ez da aitzaki nahikoa izango. Eskubideen betetzea erreklamatu ahal izango da jurisdikzio-bidean eta administrazio-bidean ere. Udalen esku lehen mailako arreta eskaintza egongo da, horrek dakarren lan karga eta finantziazio kargarekin.

Eskumenen doiketa sakonean landu beharreko gaia bada ere, orokorrean zamarik handiena udal-egoitzetan ematen dela esan dezakegu.

Aldundiak eta Eudelek 2017ko urtarrilean batu gintuzten udal egoitzak dauzkagun udalerri guztiak. Nahiz eta pentsatu bilera hau arinago egin behar zela positiboa da elkarlanerako konpromisoa eta negoziatzeko prestutasuna.

Hala eta guztiz, proposamenak integrala izan behar duela uste dugu, eta ez bakoitzarekin adostua nahiz eta udal egoitza bakoitzak egoera ezberdina izan. Horrela, herritarrak, edonon bizi dela ere, kalitate jakin bateko zerbitzua izango duela bermatuko litzateke legeak bilatzen duen bezala.

Bermeoko Zaharren Egoitzak 67 plaza ditu. Egoitza herrian dugun gabezi bati erantzuten saiatzen da bere sorreran erlijio munduko pertsonen ekimena izan zen eta 80. hamarkadaz geroztik, zerbitzua profesionalizatzen hasi zen. Egoileen perfila urte guzti hauetan aldatzen joan da eta azken urteotako joera ikusita, gure egoileak gero eta nagusiagoak dira, gero eta menpekotasun handiagoa daukate eta ondoan dugun osasun mentaleko ospitaletik etorritakoak ere sarritan izaten ditugu. Hau ikusirik, argi dugu, 2. Eta 3. Mailako menpekotasunerako egoitza bat behar beharrezkoa dugula herri honetan eta gaur egunean dugun moduko kalitatezko zerbitzua izatea gustatuko litzaiguke.

 

Arrazoi honengatik eta Gizarte Zerbitzuen Legearen garapena bermatzeko, honako akordiorako puntuak aurkezten ditugu.

·         Bermeoko Udalak udal egoitzak GUFEn (Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea) barneratzea eskatzen dio Bizkaio Foru Aldundiari.

·         Bermeoko Udalak Integrazio prozesuan egoiliarren eskubideak eta langileen jatorrizko lan baldintzak une oro bermatuko direla eskatzen dio Bizkaiko Foru Aldundiari.

·         Bermeoko Udalak Udal egoitzak barneratzerakoan udal egoitzen baldintzak GUFEra parekatzeko trantsizio prozesu bat zabaltzea eskatzen dio Bizkaiko Foru Aldundiari. Horretarako, eta kontuan izanik oso egoera ezberdinak ematen direla lantalde bana sortuko da, bertan ordezkaritza izango dute: langileek, egoiliarrek edota euren senideek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Udalek.

·          Bermeoko Udalak Udal egoitzak GUFEn barneratzen ez diren bitartean gaur egun hitzartu gabeko plaza guztiak Foru Aldundiak ordain ditzala eta bere osotasunean onar dezala bere eskumenen barruan aurkitzen den zerbitzuaren kostua.

 

 

 

24 / 02 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0