Albisteak

Albistea

Zinegoak jaialdian aurkeztutako lanak Bermeon eskainiko dira martxoaren 22an eta 29an, 'Zinegoak Hedapena' zikloari esker

 

Otsailaren 20tik martxoaren 5era burutu zen Zinegoak, Bilboko Gaylesbotrans Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdia, eta bigarren urtez, Bermeon ikusteko aukera izango dugu martxoaren 22an eta 29an, (eguaztenak), Zinegoak Hedapena zikloari esker. Horrela, martxoaren 22an zinemaldian aurkeztutako film-laburren hautaketa bat ikusteko aukera egongo da, eta martxoaren 29an ‘Rara’ pelikula ikusi ahal izango dugu. Emanaldi guztiak Nestor Basterretxea aretoan izango dira.

Zinegoak Hedapenari dagokionez, Juan Karlos Agirrek, Bermeoko Udaleko Gazteria zinegotziak azaldu duenez, bere helburua da Zinegoak jaialdian aurkeztutako lanak Euskadiko udalerrietara zabaltzea eta aniztasunari eta kulturari lotutako ekintzak eskaintzea, aipatutako jaialdiak batzen dituen ikus-entzunezko edukiak aprobetxatuz. Aurten, Euskal Herriko 32 udalerrik parte hartuko dute Zinegoak jaialdian proiektatzen diren film eta dokumentalen hautaketa bat zabaltzen duen ziklo horretan, euren artean, Bermeok.

Horrela, martxoaren 22an eta 29an helduko da Zinegoak Hedapena gure herrira eta bi egun horietan film-laburrak eta ‘Rara’ filma proiektatuko dira Nestor Basterretxea aretoan 19:30etatik aurrera. Sarrera dohainezkoa izango da.

Martxoaren 22an, eguaztenean, film-laburren emanaldia izango da eta bertan Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiaren 14. edizioan aurkeztutako film-laburrak proiektatuko dira euskerazko eta erdarazko azpitituluekin:  En Aften (Danimarka - 10'), En la azotea (Espainia - 12'), Gabber Lover (Frantzia - 13'), Mamma vet bäst (Suedia - 13'), Siempre fui Alex (Espainia - 6'), Take your partners (Erresuma Batua - 11') eta Victoria Rosana Maite (Txile - 24').

Aipatzekoa da Take your partners (Aukeratu bikotea) film-laburra, izan ere, aurtengo Zinegoak jaialdiaren 'Gazteen Saria' jaso du.

Martxoaren 29an, eguaztenean be, Zinegoak jaialdian estreinatutako Rara pelikula eskainiko da Bermeoko zinema aretoan, doan. Txile eta Argentinaren arteko produkzioa da Rara eta martxoaren 24an estreinatuko da Euskal Herri osoko zinema aretoetan.

Nabarmentzekoa da Donostiako Zinemaldiak ematen duen  Horizontes saria lortu zuen iaz Pepa San Martín zuzendari ezagunaren film honek.

Honako hau da Rara filmaren sinopsia: Gurasoak banandu zirenetik, amarekin bizi dira Sara eta haren ahizpa txikia. Amaren bikotekide berria emakume bat da. Lauron eguneroko bizitza beste edozein familiaren antzekoa da oso, baina mundu guztiak ez du hala ikusten. Esaterako, aitak bere zalantzak ditu. Sara 13 urte betetzear da, eta gertakariek gaindituko dutela iruditzen zaio: gorputza aldatzen hasi zaio, lehen aldiz norbait du gustuko eta, hori gutxi balitz, gurasoekin leialtasun-liskar bat ere badago.

Bermeoko Udalak herritar guztiei animatu nahi die Zinegoak Hedapena programan parte hartzera.

17 / 03 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0