Albisteak

Albistea

Asiako liztor erreginak harrapatzeko ekimen berri bat martxan jarri du Bermeoko Udalak

 

Amaia Elorzak, Bermeoko Lurgintza zinegotziak, azaldu duenez, Asiako liztorra azken urteetan izan dugun “izurri kaltegarrienetakoa da”. Horregatik, 2015. urtetik, Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiak izurri hori kontrolatzeko martxan duen kanpainan parte hartzen du. Joan den urtean, adibidez, Basalaneko teknikariek 60 liztor habia inguru kendu zituzten udalerrian, hirigunean zein landa auzoetan, intsektizida ekologiko bat erabilita. 

Hala ere, Elorzak jakinarazi duenez, “kanpaina horretaz gain, neurri gehigarriak hartzea” erabaki du Udalak, eta “Asiako liztor erreginak harrapatzeko kanpaina bat martxan jarriko dugu martxotik maiatzera”. “Helburua da asiar liztor kolonia edo habia berrien kopurua murriztea udalerrian, batez ere landa auzoetan”, azpimarratu du. 

Lurgintza zinegotziak adierazi duenez, “Asiako liztorra orain zortzi urte inguru heldu zen Euskal Herrira eta oso azkar zabaldu da”. “Asiar liztorrek honako kalteak sortzen dituzte: intsektu mota asko jaten dituzte, erleak batik bat; fruta-arboletan kalteak sortzen dituzte eta bere ziztada arriskutsua da gizakientzako”, azaldu du. 

Gaizka Aurrekoetxeak, Ingurumen teknikariak azaldu duenez,  “joan den udazkenean jaiotako liztor erreginak, negua igaro ostean, martxotik aurrera, loalditik izartu eta habia txiki bat eraikitzen hasten dira kolonia berri bat sortzeko”. Horregatik, bere esanetan, “udaberri hasiera da momenturik aproposena erreginok harrapatzeko”. “Kontuan izan behar da harrapatutako erregina fundatzaile bakoitza, gerorako habia bat gutxiago izango dela”, nabarmendu du. 

Lan metodologia 

Arazo horri aurre egiteko, Bermeoko Udalak aipatutako kanpaina abiarazi du eta, horretarako, azaldu duenez, 45 tranpa homologatu jarriko dira iaz liztor habiak aurkitu dituzten lekuetan, hiriguneko etxebizitzetan izan ezik. Hala ere, hiriguneko bost lekutan jarriko dira tranpa horiek (Erreten Lamera, Atalde, San Martin auzoa, Landabaso industrialdea eta Tala) eta beste guztiak landa auzoetan. 

Tranpen banaketa antolatzeko, Bermeoko Udalak zerrenda bat prestatu du, eta toki bakoitzeko jabeekin harremanetan jarriko da baimena eskatzeko. Ostean, tranpak eskegiko ditu leku bakoitzeko zuhaitz edo balkoi baten. 

“Tranpa barruan liztorrentzako likido erakargarri bat jarriko da (garagardo beltza, ardo zuria, eta ahabia zukua, dena nahastuta), eta liztor erreginak tranpa barrura sartzen direnean, bertan harrapatuta gelditzen dira”, azaldu du Aurrekoetxeak. 

Hurrengo pausua,  bere esanetan, bi astero, apirila amaiera arte, habia guztiak errebisatzea da, likidoa berriz kargatzeko eta tranpa bakoitzean harrapatutakoa jasotzeko. Maiatzaren 10erako tranpak batuko dira, eta jasotako datu guztiak prozesatu eta plazaratuko dira.

27 / 03 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0