Albisteak

Albistea

Bermeoko Arrain Azokako XV. Pintxo Lehiaketaren ibilbidea martxan Aste Santuan

Bermeoko Arrain Azokaren barne aurten XV. Pintxo lehiaketa egingo da eta, horrela,  bihartik aurrera eta Aste Santuko egun guztietan lehiaketan parte hartzen duten pintxoak dastatu ahal izango dira pintxo lehiaketaren ibilbidean. Ibilbide hau Bermeoko 21 tabernek osatzen dute eta arrainarekin egindako pintxoak dastatzeko aukera zabala eskainiko dute Bermeon.

Lehiaketara aurkezten diren pintxoak Aste Santutik, bihartik, apirilaren 13tik (eguena) aurrera maiatzaren 14ra arte dauden asteburu eta jai egunetan dastatu ahal izango dira, 12:00etatik 14:30era. Pintxoen prezioa 1,50 euro izango da.

Pintxoak dastatu nahi dituzten pertsonei informazioa emateko, pintxo lehiaketan parte hartzen duten taberna guztiekin eskuorri bat aterako da pintxoen argazkiekin, zelan dauden eginda azalduz eta horiek non eskaintzen diren adieraziz (https://issuu.com/bermeokoudala/docs/pintxo_lehiaketa_eskuorria). Eskuorri hori lehiaketan parte hartzen duten tabernetan eta Bermeoko Turismo Bulegoan eskuratu ahal izango da.

Bermeoko Arrain Azoka Elkarteak adierazi duenez, XV. Pintxo Lehiaketarekin “bezeroen parte hartzea berreskuratzen jarraitu nahi dugu eta pintxoa dastatzeaz gain euren iritzia jaso nahi dugu”. Horrela eskuorri horietan bezeroek haien iritzia eman ahal izango dute eta parte hartzen duten pertsonak zozketa baten sartuko dira.

Publikoaren zozketaren emaitzaren berri, pintxo irabazlearekin batera emango da maiatzaren 20an, zapatuan, Lamerako kioskoan eta egun berean pintxoak ikusgai egongo dira Azokako gunean. Saria Bermeoko kontserberek emandako euren itsasoko produktuen otzara bat izango da.

Pintxo ibilbidea honako tabernek osatzen dute: Ados Gastrogunea, Artza jatetxea, Artza frontoiko taberna, Aurresku<u>,</u>  Balea, Kasinoa, Etxepe, Galerna, Gastropeska, Gure Toki, Ipar Amets, Irish Pub, Izaro, Kai Alde, Kafe Antzokia, Kafe Loidxe, Naia, Sarabanda, Talako kantina, Toki Alai, eta Zubi Gane. Horietan guztietan arrainarekin egindako pintxo gozoak dastatu ahal izango dira.

Pintxo lehiaketa Eleizalde ikastolak Arrain Azoka Elkartearen babesarekin antolatzen du. Bermeoko Udalak herritar guztiei eta kanpotik datozen pertsona guztiei gonbidatu die pintxoen ibilbidea egitera, azken finean, gure produktuekin eta gure herrian disfrutatzeko aukera paregabea eskaintzen duelako.

Bermeoko Arrain Azokako pintxo lehiaketaren ibilbidea: https://issuu.com/bermeokoudala/docs/pintxo_lehiaketa_eskuorria

 

 

12 / 04 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0