Albisteak

Albistea

Gurasoei zuzenduta, Bullying-aren aurrean esku-hartzeko programa maiatzaren 11n eta 18an Bermeon

 

Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko (GOUP) Gizarte Heziketarako Esku-hartze Taldeak (GHET), gurasoei zuzenduta, ‘Bullying-aren aurrean esku-hartzeko estrategiak familian eta eskolan’  programa eskainiko du maiatzaren 11 eta 18an (eguenak) Bermeoko Kultur etxean. Programa hori Berritzegune Nagusiko elkarbizitzako teknikari arduradunarekin eta Osakidetzako pediatriaren laguntzarekin martxan jarriko da.

Programaren saioak ordu eta erdikoak dira, 18:00etik 19:30era, eta horien helburua honakoa da: gurasoei “jazarpenaren eta ziber-jazarpenaren inguruko informazioa ematea eta horiei aurre egiteko tresnak eskaintzea”.  Programa honetan parte-hartzea dohainik da eta ez da izena eman behar. Interesa duenak aipatutako egun eta orduetan Bermeoko Kultur etxeko hitzaldi aretora joan behar du.

GHETek azaldu duenez, adituak bat datoz eskola jazarpen egoeren berariazko ezaugarriak zehazterakoan: “errepikapenaz, denboran irauten du, helduen begiradetatik urruti gertatzen da, eta biktima babesgabe bat umiliatzeko eta gehiegikeriaz menderatzeko asmoz egiten da”.

 

Zehazten duenez, “eskola-jazarpena ez da nahastu behar elkarrekintza zakarreko edo bizikidetza asaldatzen duten beste egoera batzuekin (borrokak, txantxak, noizbehinkako eztabaidak, eskola-bandalismoa, banden arteko liskarrak...)”. “Ez eta beste jokabide asaldatzaile batzuekin (gatazka, diziplinarik eza, edo ikasketekiko interesik eza); izan ere, eskola elkarbizitzan eta gela-taldeko ikaskuntza-prozesuan arazoak sortzen dituzten arren, ez dakarte nahitaez erasoa, fokalizazioa, errepikapena eta biktimazioa”, gaineratzen du.

GHETek adierazten duenez, “ziberbuillyng-a gero eta gehiago agertzen da; lehen eskolan jasaten ziren erasoak, bai berbalak bai fisikoak , egun interneten sare sozialen bidez edota mugikorraren bidez  edozein momentuetan irainak eta mehatxuak jasan daitezke”.

“Familiak kontuan hartu behar du adingabea biktima, erasotzailea edo behatzailea izan ahal dela, eta kasu guztietan familiaren laguntza izatea oso garrantzitsua dela”, azpimarratzen du. Izan ere, “gurasoen aldetik erantzun koherenteak  egotea derrigorrezkoa da, gurasoek kontuan hartu behar dute bere seme-alabentzat ereduak direla”. “Era berean gai honetan familian komunikazio egokia bermatzea garrantzitsua izango da”, esan du GHETek.

Hortaz,  GHETek interesa duten guraso guztiei Bullying-aren aurrean esku-hartzeko estrategiak familian eta eskolan’  programan parte-hartzera animatu die. 

02 / 05 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0