Albisteak

Albistea

Bermeoko hiru ikastetxek paper-zapi bustirik (toallitak) komunera ez botatzeko kanpaina abiarazi dute

 

Herriko hiru ikastetxek, Sagrado Corazón ikastetxeak, San Frantzisko eskolak eta Eleizalde Ikastolak, hain zuzen ere, paper-zapi bustirik (toallitak) komunetik ez botatzeko kanpaina abiarazi dute Bermeon.

Eskola Agenda 21 ekimenaren barruan iaz egindako Udal Foroan, Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak eta Zerbitzuetako zinegotziak, ikastetxeei  paper-zapi bustiek saneamendu sarean sortzen ari diren arazoen berri eman zien, eta ikasleen inplikazioa eskatu zuen.

Horrela, herriko hiru ikastetxeek, arazoarekin arduratuta, ‘Komunetik toallitarik EZ” kanpaina martxan jarri dute, eta ekimen horri lotuta hainbat jarduera antolatu dituzte ikasleei zein familiei bideratuta. Jarduera horren helburu nagusia da paper-zapi bustiek komunetik botatzean saneamendu sarean sorrarazten dituzten kalteen berri ematea eta herritarrak sentsibilizatzea.

Kanpaina horren bidez, ikastetxeek herritarrei eskatzen die ezelako paper-zapi bustirik (toalliterik) komunetik ez botatzeko, ez komuneko paper bustirik, ez umeenik, ez aurpegia garbitzekorik… “ezinbestekoa delako hoditeriak ez trabatzeko eta saneamendu sarean arazorik ez izateko”.

Horrela, Eleizalde ikastolak, Sagrado Corazón ikastetxeak eta San Frantzisko eskolak, herri mailan, diagnosia egiteko inkesta prestatu dute. Inkesta horiek ikasleen familiei bidali dizkie, eta, horrez gain, ikasleak herriko kaleetara atera dira herritarrei galdetzen eta kanpaina honen berri ematen.

 

 

 

26 / 05 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0