Albisteak

Albistea

100dik gora proposamen aurkeztu dituzte herritarrek Bermeoko aurrekontu partehartzaileak prozesuaren barne

Ekainaren 19tik uztailaren 2ra arte herritarrek 19 proposamenen artean bozkatu ahal izango dute eta ideia irabazlea gauzatu egingo da

 

 

Bermeoko Udalak parte-hartze prozesua ireki du herritarrek aurrekontuetako 200.000 euro zertan inbertitu erabakitzeko, eta prozesu horren barne, 103 proposamen aurkeztu dituzte herritarrek. Udaleko teknikariek proiektu horietatik bideragarriak direnak  aukeratu dituzte, 46, hain zuzen ere, eta horiek 19 taldetan sailkatu dira. 

Horrela, herritarrek ekainaren 19tik uztailaren 2ra arte 19 proposamenen artean bozkatu ahal izango dute Kultur Etxean, Liburutegian, Kiroldegian, Berhaz-en eta Udalaren Zaharren egoitzan jarriko diren hautestontzietan. Asteburuetako egun batzuetan Lameran eta Goiko plazan ere ezarriko dira. 19 ideien arteko irabazlea gauzatuko du Bermeoko Udalak.   

Bermeoko Udalak azaldu duenez, aurrekontu parte-hartzaile prozesuaren barne, herritarrek 103 proposamen aurkeztu dituzte. Ondoren, Udaleko tekniko eta talde politikoen ordezkariekin osatutako mahai batek proposamen horiek aztertu eta baloratu ditu, honako irizpideak kontuan hartuta: interes publikoari erantzutea eta ez pribatuari, udalaren konpetentzia izatea, teknikoki bideragarria izatea, aurreikusitako diru kopuruarekin bateragarria izatea eta hirigintza inbertsio motako proposamena izatea. 

Mahai horretan 43 proiektuk oniritzia jaso dute, eta 19 taldetan sailkatu dira; izan ere, euretariko askok gai berdina lantzen dute. Horrela, 19 ideia horiek botazio fasera pasako dira. 

19 proposamenak 

Proposamen horiek honako hauek dira: Artza pilotalekuko aldagelak eta azpiegiturak hobetu; Araneko kiroldegiko fitness gimnasioa handitu; umeentzako jolas gune estalia; gune berdeak; Tala eta Aritzatxu artean oinezkoen bidea egokitu; udal eraikinetan ortu urbanoak jarri; aisialdi gunea San Martin eta Zubiaur tar Kepa artean; txakurrak solte edukitzeko gunea; San Martin erreka estali; udal azokari itxura berri bat eman; Sanctis Spiritus zaharren udal egoitzan konponketa lanak; Jose Done udal eraikinean irisgarritasuna bermatu; udal liburutegian eraberritze lanak; euskal guneko itxura berria; Andramari eta Landatxuko eskaileren arteko lorategia txukundu (Beruala ondoan); Nestor Basterretxea aretoko irisgarritasuna hobetu; korrika egiteko zirkuitua; Zarragoitxiko igogailuan hobekuntza lanak eta eskola publiko eta Benito Barrueta institutuaren arteko eskaileren irisgarritasun baldintzak hobetu. 

Herritarrek 19 ideia horien artean euren ustez herriaren garapenerako garrantzitsuenak diren hirurak aukeratu ahal izango dituzte, eta eurentzat zein den lehenengoa, bigarrena eta hirugarrena zehaztu beharko dute. Horretarako, herritarrek papeletak eta hautestontziak  izango dituzte ekainaren 19tik uztailaren 2ra arte Bermeoko Kultur etxean, Araneko kiroldegian, udal liburutegian, Berhaz-en eta udalaren zaharren egoitzan. Horrez gain, asteburuetako egun batzuetan Goiko plazan eta Lameran mahaiak ezarriko dira herritarrek bozkatu ahal izateko. 

Bozketako emaitzak lotesleak izango dira Bermeoko Udalarentzat, eta boto gehien lortu duen proiektua gauzatu egingo da. 

Bermeoko Udalak herritarrak bozketa honetan parte hartzera gonbidatu ditu, “euren ustez, Bermeorentzat onuragarriak diren proiektuak aukeratzera, Bermeo guztion artean eraikitzeko”. Bermeoko aurrekontu parte-hartzaileei buruzko informazio guztia erabaki.bermeo.eus webgunean eskuratu ahal izango da. 

Aurrekontuen parte-hartze prozesua Guzan eta Udal gobernuak elkarlanean garatu dute; izan ere, euren arteko akordio baten emaitza da, eta orain arte lortutako emaitzak “oso ondo” baloratu dituzte, 103 proposamen jaso baitira, eta datu hori oso positiboa da, herritarren parte-hartzea agertzen duelako.

 

 

16 / 06 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0