Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Gaztelugatxeko Biotopoko Ermupeko kala hondakinez garbitu du lehen aldiz

 

 

Bermeoko Udalak, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailaren laguntzarekin, Gaztelugatxeko Biotopoan dagoen Matxitxako eta Akatz uharte bitarteko kala, Ermupe izenekoa, hondakinez garbitu du eta, itsasoa bare badago, ekainaren 26an hondakinak Gurutz Gorriaren laguntzarekin itsasoz aterako dira eta Bermeoko portura ekarri. 

“Gaztelugatxeko biotopoan kokatutako Ermupeko kalan garbiketa lana egitea nahiko konplexua izan da, leku oso aldapatsua eta arriskutsua baita, eta horregatik lana enpresa espezializatu batek egin behar izan du”, azaldu dute Irune Ormaetxeak eta Gaizka Aurrekoetxeak, Bermeoko Ingurumen zinegotzi eta teknikariak, hurrenez hurren. 

Aurrekoetxearen esanetan, “operazio hori errazteko eta denbora guztian segurtasuna bermatzeko, aurretiaz brigada bat bertaratu da kostalde zati horretako hondakin guztiak eskuz batzeko eta puntu bakar batean pilatzeko. Horrez gain, hondakinok multzotan pilatu eta tolestu dira gero itsasoz errazago atera ahal izateko”. 

Ormaetxeak eta Aurrekoetxeak adierazi dutenez, Ermupeko garbiketa lan horiek lehen aldiz egin dira; izan ere, “nahiz eta Bermeoko Udalaren ardura zuzena ez izan,  Gaztelugatxeko biotopoaren garrantziaz jabetuta eta bertan oraintsu beste garbiketa eta berreskurapen lanak egin direla kontuan hartuta, kala hori ere hondakinez garbitzea erabaki dugu”. 

Ingurumen zinegotziak gogoratu duenez, Gaztelugatxeko San Juan-en dagoen kalara sartzea askoz ere errazagoa denez, 2012, 2014, 2015 eta 2016 urteetan, Bermeoko Udalak, zenbait talde ekologisten laguntzarekin, auzolan jardunaldiak antolatu zituen boluntarioekin itsasoak bertara ekarritako hondakinak ateratzeko eta hondakinen arazo larriaz sentsibilizatzeko. 

Ermupeko kalari dagokionez, azaldu dutenez, Gaztelugatxeko biotopoan dagoenez, garbiketa lanak egiteko, “aurretiaz, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Itsasertz- Mugartearen baimenak lortu behar izan dira”. Bertan pilatutako hondakinei dagokienez, “gehienbat plastikozko ur botilak izan dira, eta baita ere arrantzak sortutako hondakinak; hala nola, arrain kaxak, sare zatiak, sokak eta buiak”. 

“Lekuaren zailtasunagatik hondakin horiek lehorretik ezin direnez atera, Itsasoko Gurutz Gorriaren laguntzarekin itsasoz aterako dira ekainaren 26an, astelehenean, egun horretako marea biziak aprobetxatuz eta Bermeoko portura ekarriko dira. 

Bertan, portuko garbiketaz arduratzen den Bidezain S.L. enpresaren laguntzari esker, berezko edukiontzi batean utziko dira eta, ondoren, kudeatzaile baimendu baten bitartez kudeatuko dira”, adierazi du.

 

 

 

23 / 06 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0