Albisteak

Albistea

Alkartasuna Dantza taldeak Korrontzi musika taldea eta Oinkari dantza taldearekin batera ikuskizun bat eskainiko du irailaren 2an, zapatuan

 

 

 

Alkartasuna Dantza Taldeak aurten ikuskizun berezi bat eskainiko du; izan ere, Korrontzi musika talde ospetsu eta txalotuarekin eta Oinkari dantza taldeko dantzariekin batera egongo da eszenatoki gainean, irailaren 2an, zapatuan, Bermeoko Artza Frontoian gaueko 22:00etan. 

Ainhoa Begoñak, Olatz Telletxeak eta Arantza Ormazak Alkartasuna Dantza Taldeko ordezkariek eta Aingeru Astuik, Bermeoko Kultura zinegotziak, ikuskizun horren berri eman dute gaur egindako prentsaurrekoan. 

Olatz Telletxeak, Ainhoa Begoñak eta Arantza Ormazak azaldu dutenez,  Korrontzi folk taldea Agus Barandiaran trikitilariak sortu zuen Mungian, Euskal Herriko musika tradizionala eta herrikoari bultzada emateko helburuarekin. Beti trikia oinarri hartuta, antzinako doinuetan babestutako Euskal Herriko folk musikari gaurkotasuna erantsi dio Korrontzi taldeak. Gaurkotasun hori emateko, trikitixatik aparte beste zenbait musika tresna ere erabiltzen dituzte: mandolina, baxua, perkusioa….

 

2004an hasi ziran entsegu eta ekitaldiekin eta gaur arte ez dira gelditu; izan ere, kontzertu eta ekitaldiez gain, hainbat disko ere argitaratu dituzte, 2014. urtean bosgarrena, hain zuzen ere.  

Oinkari dantza taldea, berriz, adierazi dutenez, 1975ean sortu zen Billabonan (Gipuzkoa) euskal dantza tradizionalak ikasi eta erakusteko asmoz; aldiz, taldearen nortasunak beste bide bat hartu zuen, 2008an Korrontzirekin “Getxo” lana aurkeztu zuenean. Fusio horretan taldeak euskal folkloreari modernotasuna erantsi nahian, koreografia ikusgarriak lantzen hasi zen. Hortik aurrera, Korrontzi eta Oinkari taldeak elkarrekin aurkezten dira emanaldietan. 

Olatz Telletxeak, Ainhoa Begoñak eta Arantza Ormazak azpimarratu dutenez, Alkartasuna Dantza Taldearentzat Korrontzi eta Oinkarirekin ekitaldi hau egitea “erronka polita” izango da, “bereziki, entseguetan ohituta ez gauden teknika eta pausu berriak ikasten ari garelako”. “Gainera, Bermeoko eta inguruko herrietako ikusleei erakustaldi berritzaile eta ikusgarri bat aurkezteko aukera paregabea da, gure betiko ekitaldietan ikusten diren dantza tradizionaletatik urrunduko garelako”, nabarmendu dute. 

Ildo berean, Alkartasuna dantza elkarteko kideen ustez, ekitaldi horrekin, Alkartasuna dantza taldeak “aurrera egiteko duen ahalmena eta ahalegina beste behin erakutsiko du”. “Horretaz aparte, Korrontzi musika taldea eta Oinkari dantza taldea eszenatokian ikusteak ere merezi du”, gaineratu dute. 

Ekitaldi honetarako sarrerak 7 eurotan egongo dira salgai BBK-ko kutxazainetan eta Bermeoko Luma liburu-dendan abuztuaren 2tik aurrera.

 

 

28 / 07 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0