Albisteak

Albistea

Udako etenaldiaren ondoren, bihar, barikuan, irailaren 22an, martxan jarriko da berriro Bermesex zerbitzua

 

Udako etenaldiaren ostean, Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak sexualitateari buruzko informazioa eta orientazioa emateko Bermesex zerbitzua jarriko du martxan berriro, bihar, barikuan, irailaren 22an, 16:00etatik 17:30era. 

Bermesex, sexua eta sexualitatearen bizipenean modu onuragarriak bilatzeko zerbitzu publikoa, konfidentziala eta doakoa da. Zerbitzu honen bidez, gazte bermeotarrei laguntzen zaie modu partikularrean ezagutu, onartu eta adieraz daitezen, bestearekin harremanak izateko modu onuragarriena bilatzeko. Xede hori lantzeko asmoarekin, gazte, familiarteko eta profesionalekin lan egiten dute. 

Bermeoko Sexologia Orientazio Zerbitzua Gizarte eta Kultura Etxean eskainiko da, bariku arratsaldero. Bermesex zerbitzuko adituak hainbat gairi buruzko orientazioa ematen du barikuro Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean kokatutako bulegoan; besteak beste, sexu bidez transmititutako gaixotasunak (STG), antisorgailuak, tabuak eta sexu orientazioa. 

Juan Karlos Agirrek, Gazteria Saileko zinegotziak, azaldu duenez, Bermesex zerbitzuaren bidez, “herriko eta eskualdeko gazteei lagundu gura zaie modu partikularrean ezagutu, onartu eta adierazi daitezen, horrela, euren adineko beste gazte batzuekin, hartu-emonak izateko modu onuragarriena bilatzeko”. 

Bere esanetan, helburu hori lantzeko gazte, familiarteko eta profesionalakin egiten da lan. Orientazioa bideratzeko hiru eredu izango dira kontuan: programa eredua, kontsulta eredua eta teknologia eredua, hain zuzen ere. 

Aurrez-aurreko arreta eta on-line bidezkoa 

Zuzeneko arretari dagokionez, barikuro, 16:00etatik 17:30era, gazte, senitarteko eta profesionalentzako aurrez-aurreko arreta eskainiko da Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxeko bigarren solairuan. Horrez gain, profesionalekin koordinatzeko aukera egongo da. 

Orientazio ereduaren bidez, profesional ezberdinekin eta familia kideekin elkarlanean, ume, gazte, familia eta hezkuntza baliabideen arazoei irtenbideak topatzeko bideak hausnartzen dira, egoera bakoitzean esku hartzeko modu, eragile eta ekintza egokienak aztertuz. 

Bestalde, programa ereduaren bidez, proposamen ezberdinak eraiki daitezke; besteak beste, sexu hezkuntza programak, guraso eskolak, profesionalentzako ikastaroak, berbaldiak eta informazio kanpainak. 

Teknologia berriek, gainera, gazteei zuzendutako aholkularitza ekintzak burutzeko aukera zabalak eskaintzen dituzte; hori dela eta, gizarte sare, korreo elektroniko, skype (bideokonferentziak) eta txat bidezko arreta eskaintzen du Bermesex-ek. Honako hauek dira helbideak: 

e-posta: bermesex@bermeo.eus

Skype: orientazio.zerbitzua

Facebook: Orienta Zerbitzua

Twiter: @sexorienta

Telefonoa: 644898661 (arreta orduetatik kanpo mezua utzi daiteke erantzungailuan).

21 / 09 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0