Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak aho batez Kataluniako prozesuari babesa emateko adierazpena onartu du

 

Bermeoko Udalak gaur egindako bozeramaileen batzordean aho batez  Kataluniako prozesuari babesa emateko eta elkartasuna adierazteko adierazpena onartu du. Adierazpen horren bidez, Bermeoko Udalak bere “kezka” adierazten du eta “baztertu” egiten du “egitateen bidez Kataluniako autonomian eragin den esku hartzea”. Horrez gain, “Estatuko segurtasun indar eta kidegoek” egindako “operazio polizialak” baztertzen ditu. 

Bermeoko Udalak Estatuko Gobernuari eskatzen dio “bertan behera utz dezala oinarrizko eta funtsezko askatasunen errepresio-estrategia, demokraziaren oinarrizko printzipioen aurkakoa” baita. Era berean, Kataluniako alkateak deklaratzera deitzea “irmoki” salatzen du Udalak adierazpen instituzionalean; izan ere, Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, adierazi duenez, “demokrazia praktikan jartzea ahalbideratu nahi duten alkateei elkartasuna adierazi nahi die Bermeoko Udalak”.

Bermeoko Udalak “funtsezko printzipio demokratiko guztiekiko konpromisoa” berresten du. Ildo horretan, elkartasuna adierazten die “Kataluniako herriari eta Estatuko Gobernuak gidatutako demokraziaren aurkako errepresio politikoa pairatzen diharduten pertsona eta erakunde guztiei”.

Bermeoko Udalak “Kataluniako herriaren asmo demokratikoaren adierazpena ahalbidetzeko eta bere erabakiak errespetatzeko” eskatzen die erakunde ezberdinei.  Horrela, erabaki horren berri, Kataluniako Parlament-eko lehendakariari, Estatuko Gobernuko presidenteari eta Auzitegi Konstituzionaleko presidenteari ematea erabakitzen du. 

Udalak gogoratu duenez, “urte luzeetako prozesu baten baitan eta herritarren gehiengo baten eskariari ateak irekiz, etorkizuna libreki erabakitzeko bitarteko demokratikoz hornitu du Kataluniako herriak bere bidea”. “Kataluniako instituzio nagusiek herritarren nahiei bide emateko erabaki irmoa hartu dute”, azpimarratu du.

Era horretan, adierazi duenez,  “Katalunian herritarren borondatearen eskutik eman diren urratsek, Estatuko Gobernuaren aldetik, indarraren, mespretxuaren eta zaharkitutako legeen ustezko arrazoiarekin erantzun da”. “Bide demokratikoen aurkako eraso larri hori” salatzeko eta Kataluniako prozesuari babesa emateko Bermeoko Udaleko bozeramaileek aipatutako  deklarazioa onartu dute.

Horrela, Bidegurenek adierazi duenez, Bermeoko udal ordezkari bik urriaren 1ean begirale moduan Kataluniako erreferendumean parte hartuko dute. 

 

22 / 09 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0