Albisteak

Albistea

'Azalien' asteburu kulturalak herriko artisten lana ezagutzera emango du urriaren 27, 28 eta 29an Bermeon

Pintura, argazkilaritza, zinea, graffitiak, mikroantzerkiak, eskultura, musika eta zeramikarekin, besteak beste, gozatzeko aukera izango dugu Bermeoko Arrantzaleen Kofradia Zaharrean

 

Azalien asteburu kulturalak, urriaren 27an, 28an eta 29an, herriko artisten arte-diziplina ezberdinetako lanak espazio bakar batean batuko ditu, espazio berezi batean, Bermeoko Arrantzaleen Kofradi Zaharrean, hain zuzen ere. Horrela, herritarrek, besteak beste, pintura, musika, argazkilaritza, zinea, graffitiak, eskultura, antzerkia eta zeramikarekin gozatzeko aukera izango dute, Bermeoko kultur eta arte elkarteen eta artisten eskutik. 

Aingeru Astuik, Bermeoko Kultura zinegotziak, eta Pedro Lazpiur, Gotzon Zulueta, Rosa Mari Gabantxo eta Nerea Gazaga, Barrueta Arte Elkarteko kideek, aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan Azalien asteburu kulturala ekimena. Astuik azaldu duenez, Barrueta Arte Elkarteak Bermeoko Udalaren laguntzarekin antolatutako ekimen honetan herriko hamar arte edota kultur elkarte inguruk parte hartzen dute eta baita ere banakako artistek. 

Bere esanetan, “helburuak honakoak dira: alde batetik, herriko artistek egiten dituzten arte-diziplina ezberdinetako lanak toki berdin batean batzea herritarrei eta interesa duten guztiei ezagutzera emateko; eta, bestalde, elkarren lanak ezagutuz artisten arteko harremanak indartu nahi dira”. “Azalien asteburu kulturalaren bidez, Bermeon ditugun artistak eta euren lan garrantzitsuak ezagutzeko aukera izango dugu guztiok”, adierazi du. 

Urriaren 27an, barikuan, hasiko da Azalien asteburu kulturala arratsaldeko 19:00etan txalaparta saioarekin eta ekimenaren azalpen labur batekin. Ondoren, 19:30ean, erakusketa zabalduko da, eta 20:00etan FITA taldearen kontzertuarekin gozatu ahal izango da. 

Urriaren 28an, zapatuan, 11:00etan nahi duten pertsona guztiek margotzera hurbildu daitezke Arrantzaleen Kofradi Zaharrera, eta, 18:30ean, Raku, buztina lantzeko tailerra izango da. 20:00etan musika presente egongo da DJ baten emanaldiarekin. Urriaren 29an, domekan, zapatuan bezala, 11:00etan margotze ekimena egingo da eta nahi duten pertsona guztiek margotzera animatu daitezke eta bertsolariekin gozatzeko aukera egongo da. 

Zapatuan egunean zehar eta domekan goizean zehar hainbat izango dira Azalien ekimenaren barne egingo diren ekimenak: zeramika-gaiak modelatuko dira, hitzaldiak eskainiko dira, laburmetraiak proiektatuko dira, argazkien erakusketa egongo da, egur lanketa egingo da, eta mikroantzerkiak, graffitiak eta birziklatutako eskulturak ikusteko aukera egongo da, besteak beste. 

Azalien asteburu kulturaleko ekimen horien guztien berri Bermeoko Kofradia Zaharreko kanpoko aldean ezarriko den binilo baten jakinaraziko da, bertan zehaztuko baitira ekimenak eta ordutegiak. 

Hortaz, artearekin gozatzeko aukerak eskainiko ditu Bermeok urriaren 27, 28 eta 29ko Azalien asteburu kulturalean, eta, herriko talde eta artisten eskutik,  pintura, argazkilaritza, zinea, musika, graffitiak, eskultura, antzerkia eta zeramikarekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. Astuik pertsona guztiak gonbidatu ditu ekimen honetan parte-hartzera. Ekitaldi guztietako sarrera dohainik izango da. 

19 / 10 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0