Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak tranpak jarri ditu Asiako liztorren erreginak harrapatzeko

 

Bermeoko Udalak, bigarren urtez, Asiako liztorren erreginak harrapatzeko 22 tranpa jarri ditu udalerriko 20 lekutan banatuta. Joan den martxoaren 19an jarri ziren eta maiatzaren hasiera arte mantenduko dira. 

Iaz neurri horrek izan zuen arrakasta kontuan hartuta, aurten ere jartzea erabaki dutela adierazi du Amaia Elorzak, Bermeoko Lurgintza zinegotziak; izan ere, 2017an, sistema horren bitartez, guztira 101 liztor erregina eta 270 liztor langile jaio berriak harrapatzea lortu zen. 

Elorzak azaldu duenez, Asiako liztorren izurria orain lau urte inguru heldu zen gure lurretara. Horregatik, 2016. urtetik Bermeoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, urtero kontrol kanpaina bat jartzen du martxan udaberritik udazkenera, liztor horien habiak kentzeko. Bermeoko Udalak herritarrengandik jasotako habien abisuak hartzen ditu, ikusketa egiten du abisuak konprobatzeko eta, ostean, abisua ematen dio Basalaneko talde bati habia kentzeko. 

Iaz, adibidez, guztira 34 habia kendu ziren udalerrian, gehienak landa auzoetan. Baina izurri horren eragina oraindik gehiago murrizteko, Bermeoko Udalak iaz liztor erreginak harrapatzeko tranpak jartzen ere hasi zen, neurri gehigarri modura. 

Ildo horretan, azaldu duenez, “udazkenean jaiotako erreginak, negua igaro ostean, udaberri hasieran, esnatu egiten dira eta habia berri bat sortzen hasten dira; horregatik,  momentu hori aprobetxatzea oso garrantzitsua da, harrapatutako erregina bakoitzarekin kolonia oso bat eliminatzea lortzen delako”. 

“Sistema hau oso sinplea, selektiboa eta eraginkorra da”, adierazi du Gaizka Aurrekoetxeak, Ingurumen teknikariak. Azaldu duenez, “tranpa horien barruan likido erakargarri bat sartzen da (garagardo beltza, ardo zuria eta ahabi zukua, dena nahastuta) eta aurreneko urteetan Asiako liztorren habiak aurkitu diren lekuetan jartzen da zuhaitz baten eskegita”. Erreginak tranpa barrura jaten sartzen direnean, bertan geratzen dira harrapatuta. 

Aurtengo kanpainan guztira 22 tranpa jarri dira 20 lekutan banatuta eta maiatzaren hasiera arte mantenduko dira.

 

09 / 04 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0