Albisteak

Albistea

Lore lehiaketa egingo da Bermeoko Alde Zaharreko balkoi, leiho eta fatxadetan apirilaren 21etik maiatzaren 4ra arte

Apirilaren 21ean, zapatuan, lore erakusketa, azokatxoa, paella erraldoia, musika eta margo lehiaketaren sari banaketa egingo dira Goiko plazan

 

 

Bermeoko Udalak, herriko hainbat elkarterekin elkarlanean, hirugarren urtez, lore lehiaketa antolatu du Alde Zaharreko balkoi, leiho eta fatxadetan, apirilaren 21etik maiatzaren 4ra. Lehiaketa honi hasiera emateko, apirilaren 21ean, zapatuan, Goiko plazan hainbat ekimen ospatuko dira; besteak beste, lore erakusketa eta azokatxoa, paella erraldoia, musika, eta eskoletako umeen marrazki onenen erakusketa eta sari banaketa. 

“Lehiaketa eta ekimen horiekin guztiekin Alde Zaharra kolorez eta biziz jantzi nahi dugu, Alde Zaharreko nortasuna eta edertasuna agerian jartzeko eta guztiok berarekin gozatzeko”, adierazi du Irune Ormaetxeak, Turismo, Merkataritza eta Garapen zinegotziak. 

Ormaetxeak adierazpen hauek Lore lehiaketa eta aipatutako ekimenak aurkezteko prentsaurrekoan egin ditu. Berarekin batera egon dira Santi Murua, Berualako zuzendaria; eta ekimen hau antolatzen parte hartu duten elkarteen ordezkariak: Alde Zaharra bizirik’ Alde Zaharreko ostalarien elkartea, ‘Haitz Nagusidxe’ Alde Zaharreko auzokideen elkartea, ‘Berton’ Bermeoko txiki ertain enpresen elkartea, Peña Barrueta Arte elkartea eta Bermeoko loradendak: Aintzane, Lourdes, Mila eta Txalintxu. 

Izan ere, Ormaetxeak azaldu duenez, ekimen hau Bermeoko Udalaren eta hainbat elkarte eta dendaren elkarlanaren emaitza da. “Guztion artean gure Alde Zaharra indartzeko eta edertzeko azken ureetan ematen ari garen pauso bat da”, azpimarratu du. 

Ildo horretan, adierazi duenez, “gure Alde Zaharreko eraikinak loreekin betetzea, duda barik, Alde Zaharraren irudia asko edertzen du; horrela, orain dela hiru urte, ideia hau elkarte ezberdinekin landu eta guztion artean martxan jartzea erabaki genuen”. “Lorekin dauden lekuak, leku biziak dira, eta bizitasun hori adierazi nahi dugu lehiaketa honekin”, gaineratu du. 

Lore lehiaketan bi maila 

Lore lehiaketari dagokionez, Santi Muruak adierazi duenez, apirilaren 21etik maiatzaren 4ra arte izango da eta bi maila egongo dira: balkoi-leiho eta fatxada, hain zuzen ere. Fatxaden kategorian parte hartu ezkero, kalera ematen duten etxe guztiek parte hartuko dute.

Lehiaketa honetan parte hartzeko Berualan edota Bermeoko lora dendetan eman behar da izena maiatzaren 2ra arte, edo Goiko plazan zapatuan, apirilaren 21ean, egingo den lora erakusketa azokan. Epaileek islatzen den bizitasuna, edertasuna eta osotasuna kontuan hartuko dituzte eta maiatzaren 3an pasako dira lehiaketako parte-hartzaileen lanak ikustera. 

Sariei dagokienez, leihorik-balkoirik ederrenak 100 euro eta Aita Gurian baleontzian lagun birentzako pase berezia jasoko ditu. Fatxadarik ederrenak 300 euroko saria jasoko du eta etxebizitza bakoitzeko Aita Guria baleontzia bisitatzeko lagun birentzako pase berezia. 

Lore azoka, paella erraldoia… 

Lehiaketari hasiera emateko zapatu honetan, apirilaren 21ean, Goiko Plazan 11:00etatik 14:00etara loreen erakusketa eta azoka bat egingo da eta bertan parte hartuko dute Bermeoko loradendek. Horretan, lorak ikusteko eta erosteko aukera ere izango dute bertaratzen diren guztiek Alde Zaharrean giro polita sortuz.  Lehiaketan parte hartu nahi dutenek egun horretan ere izena emateko aukera izango dute.   

Horrez gain, Patxi Erauzkinek, Alde Zaharra Bizirik elkarteko ordezkariak, azaldu duenez, giro “ederra” izango dugu Goiko plazan, Alde Zaharra Bizirik elkartearen eskutik, paella erraldoia dastatzeko aukera izango dugulako eta, egun guztian zehar, 11:00etatik 20:00ak arte, hain zuzen ere, txosna bat egongo da eta musikarekin gozatzeko aukera ere bai”. 

Era berean, Rosa Mari Gabantxok, Peña Barrueta elkarteko kideak, adierazi duenez, eskoletako umeek Alde Zaharrari buruz egin dituzten marrazki onenen erakusketa ikusteko aukera izango dugu eta, 12:00etan, sari banaketa ekitaldia izango da. Lehiaketa hori Peña Barrueta Arte elkarteak antolatu du. Horrez gain, Alde Zaharreko dendetan Peña Barrueta elkarteak erakutsitako arte lanei buruzko fitxategiak bete dituztenen artean ere opari txikiak banatuko dira. 

Beraz, Ormaetxeak adierazi duenez, apirilaren 21ean, zapatuan, giro ezin hobea izango dugu Bermeoko Alde Zaharrean lorak ikusteko eta erosteko, paella dastatzeko eta musika eta beste ekimen batzuekin gozatzeko aukera izango dugu. “Hortaz, herritar guztiak zapatuan Goiko plazara gonbidatu nahi ditugu”, azpimarratu du. 

Ildo berean, Alde Zaharreko bizilagunak loreen lehiaketan parte hartzera animatu nahi ditu “gure Alde Zaharreko etxeak lorak jartzen badituzte Alde Zaharra edertuko baitugu”, nabarmendu du. 

16 / 04 / 2018

Beste barriak

  • Hitzorduak
  • Errolda agiria
  • Alkarbizitza agiria
  • Espediente ekonomikoak
  • Kirola on-line
  • Sastar batze erreziboak
  • Isunak
  • Matrikulak
  • Plusbalioak
  • Udal tributuak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0