Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak eta San Juaneko batzordeak Gaztelugatxen bisita gidatuak eskainiko dituzte uztailean eta abuztuan dohainik

· Bermeoko Udalak ekainaren 1ean Bizkaiko Foru Aldundiaren proposamenari 50 alegazio baino gehiago aurkeztu zizkion.

 

· Alegazioetan Bermeoko identitatea babesteko eskatzen da eta erakunde ezberdinen arteko lankidetza aldarrikatzen du.

 

· Udalak mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko hainbat proposamen egin ditu, besteak beste, Bermeon aparkalekuak egokitzea, garraio publikoa eta itsasoko eskaintza indartzea eta Bermeotik Gaztelugatxera oinezko eta bizikletaz joateko bideak egokitzea

 

 

Bermeoko Udalak eta San Juaneko Batzordeak elkarlanean ekimen berri bat martxan jarri dute; izan ere, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, astelehenetan izan ezik, Gaztelugatxeko San Juaneko ermita irekita egongo da eta, bertan, informazio zerbitzua eta bisita gidatuak eskainiko dituzte euskeraz eta erdaraz, eta dohainik. Ekimen horien berri eman dute gaur prentsaurrekoan Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, eta Irune Ormaetxeak, Turismo eta Urigintza zinegotziak.

 

Bertan, azaldu dutenez, ermitaren ordutegia asteartetik larunbatera 11:00etatik 18:00etara izango da, eta igande eta jai egunetan 11:00etatik 15:00etara. Astelehenetan itxita egongo da. Bisita gidatuei dagokienez, euskeraz asteartetik larunbatera 12:30ean eta 15:30ean izango dira eta igande eta jai egunetan 12:30ean. Gazteleraz, asteartetik larunbatera 13:30ean, 14:30ean eta 16:30ean izango dira eta igande eta jai egunetan 13:30ean eta 14:30ean.

 

Ormaetxeak azaldu duenez, bisita gidatuek “Gaztelugatxeko San Juan, bere historia eta istorioak, berarekin lotuta dauden tradizio, jaiak eta ohiturak, bere ingurumen balio izugarria eta itsasoarekin, arrantzaleekin eta Bermeorekin duen lotura ezagutzeko aukera paregabea eskainiko dizkie inguruko zein kanpotik datozen bisitariei”.

 

“Hortaz, pertsona guztiak gonbidatzen ditugu bisita horiek egitera eta bermeotarrontzako hain berezia den Gaztelugatxerekin gozatzera; izan ere, toki zoragarria da bai bere paisaiaz gozatzeko eta baita bere historiarekin ere”, azpimarratu du.

 

Ormaetxeak adierazi duenez, bisita horiek egiteko bi gidari kontratatu dira, “bermeotarrak, Gaztelugatxe gure altxorraren sekretu guztiak bihotz bihotzetik erakutsiko dituztenak, hain zuzen ere”. Informazio gehiago: https://www.bizibermeo.eus/

 

Alegazioak

 

Bestalde, Bermeoko alkateak zehaztu duenez, Gaztelugatxeren inguruan Bizkaiko Foru Aldundiak egindako proposamenari Bermeoko Udalak 50 alegazio baino gehiago aurkeztu dizkio, epe barruan; izan ere, “ekainaren 1ean aurkeztu genituen”. Horrez gain, Bermeoko herritarren ekarpenak ere Bizkaiko Foru Aldundira helarazi dituztela esan du eta San Juaneko boluntarioen batzordeak ere bere alegazioak aurkeztu dituela jakinarazi du. 

Bermeoko Udalaren alegazio garrantzitsuenen berri eman du alkateak. “Gaztelugatxe Bermeoren altxorra da, eta bere lotura bermeotarron historia, tradizio, hizkuntza eta izateko erarekin lotu behar da plangintzan eta hori eskatu dugu alegazioetan, Bermeoko identitatea eta nortasuna jasotzea, hain zuzen ere”. 

Kronograma eta ekintza plan bat egitea, lankidetza bermatzea eta erakundeen arteko kudeaketa organoa eratzea dira alegazioetan jasotzen diren beste eskaera batzuk. “Ekimenak era planifikatu eta koordinatu batean egin behar dira erakunde ezberdinen artean, ekimen horiek eraginkorrak izatea nahi badugu”, esan du. Era berean, Bidegurenek azaldu duenez, Gaztelugatxeri dagokionez, eta horri buruzko informazio guztia emateko eta koordinatzeko, Bermeon leihatila bakarra jartzea proposatu du Udalak. 

Irisgarritasun eta mugikortasunari dagokionez, hainbat dira Bermeoko Udalak egindako eskaerak alegazioetan: Bermeotik Gaztelugatxera oinez joateko oinezko bideak egokitzea eta bizikleta elektrikoen zerbitzua eskaintzea aztertzea, Lurgorritik Ermurako oinezko bidea egokitzea, Bermeoko Pergolako aparkalekua egokitzea eta autobus publikoaren zerbitzua indartzea. Ildo horretan, egun konkretu batzuetan autobusez bakarrik heltzeko aukera aztertzea proposatzen du Bermeoko Udalak. 

 “Itsasoko eskaintza indartzea ere proposatzen dugu, Gaztelugatxe ezagutzeko modu ederra da benetan eta horren aldeko apustua egitea ere garrantzitsua dela uste dugu, gainera, arlo horretako herriko enpresen lan postuak indartzea suposatuko luke”, adierazi du alkateak. Horrez gain, Bidegurenek Matxitxako eta Urdaibai Biosfera Erreserba plangintzan estrategikoak izan behar  direla nabarmendu du. 

Bermeoko alkateak azaldu duenez, Gaztelugatxera heltzen diren turisten %64a Bermeotik doaz, eta kopuru hori handiagoa izatea lortu behar dugu masifikazioak saihestuz, ingurua zainduz eta gure identitatea babestuz. “Gaztelugatxek garapenerako eskaintzen dizkigun aukerak aprobetxatu behar ditugu kudeaketa ona eginez eta herritarrentzat Gaztelugatxek duen balioa zainduz. Hori da gure helburua aurkeztu ditugun alegazioekin”, nabarmendu du.

 

Bidegurenek orain Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeoko Udalaren alegazioak bere proposamenean barneratzea espero duela adierazi du; eta aurreikusitako ekimenak martxan jartzea, “elkarlan zintzo batetik, ingurua hobetzeko helburuarekin”.

 

Bestalde, alkateak gogoratu du Bermeoko Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu diola Gaztelugatxe Monumetu historiko moduan izendatzeko tramiteak hastea aztertzea. Horrez gain, Bermeoko Udalak Ministeritzaren Euskal Herriko Itsasertz Mugarteari eskatu dio Gaztelugatxeren emakida administratiboa.

 

05 / 07 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0