Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak udal azokako zorua egokituko du eta erdiko argi zuloa kenduko da azoka erakargarriagoa eta erosoagoa bihurtzeko

 

Bermeoko Udal azoka biziberritzeko apustuarekin  jarraituz, beste pauso bat emango du Bermeoko Udalak. Horretarako, Bermeoko plazako zorua egokituko du eta erdiko argi-zuloa kenduko da, irudi berri bat emanez eta aldi berean hezetasunak saihestuz. “Proiektu honek bezeroen eta saltzaileen beharrizanak izango ditu kontuan eta, horri esker, azoka toki erakargarriagoa eta erosoagoa bihurtuko da; izan ere, mugikortasuna erraztuko da”, nabarmendu du Irune Ormaetxeak, Bermeoko Merkataritza eta Garapen zinegotziak.

Lan horiek jadanik hasi dira eta horien bidez azokaren barruko zoruari tratamendu berezi bat emango zaio. Zoladura hiru geruzadun sistema izango da. Lehenengo poliuretanozko inprimazio elastikoa jarriko da, gero poliureazko mintz bat eta gainean poliuretanozko berniza.  

Era berean, saneamendu sareari dagokionez, kainu-zulo guztiak ikuskatuko dira, garbitu eta, beharrezkoak diren kasuetan, konponketak egingo dira. Era berean, dagoen argi zuloaren goiko estruktura eraitsiko da eta zuloa berreraiki eta itxiko da, udal azokak espazioa irabaziz.

Ormaetxeak adierazi duenez, proiektu honekin hainbat helburu lortu nahi dira: “azokaren estetikan eragin positiboa izan nahi dugu, aurkezpen komertziala hobetuz eta bezeroentzat erakargarriagoa bihurtuz”. “Horrez gain, azokako erabiltzaileen erosotasuna hobetzea nahi dugu eta merkatu kuota zabaltzea,  kontsumitzaile segmentu berriak erakarriz”, gaineratu du.

Ildo horretan, azaldu duenez, “kontsumitzaileengan emozio positiboak eta konfiantzazkoak eragin nahi ditugu, irisgarritasuna, konforta eta ingurumen erantzukizuna bermatuz”. “Azokaren irudi bereizgarria izatea nahi dugu, barnealdea atseginagoa bihurtuz”, azpimarratu du.

Lanak hasi dira jadanik eta, lan horiek direla eta, martxoaren 4an, 5ean eta 6an Bermeoko udal azoka ixtea aurreikusten da. Hala ere, data horietan aldaketarik balego, herritarrei informazioa helaraziko zaie.  

Ormaetxeak gogoratu duenez, Udalak Bermeoko azoka biziberritzeko plangintza bat egin zuen eta horren barne hainbat dira martxan jarritako ekimenak: diagnostikoa, aparkalekuak, azoka bereziak, udal azokako ordenantzaren gaurkotzea ekintzaileak erakartzeko, udal azoka seinaleztatzen duen kanpoko mural izugarria, azokaren argiztapen berria eta barneko sabaian margotutako murala, Gabonetako ekintzak eta orain zorua egokituko dugu eta beste hobekuntza batzuk egingo ditugu.  

“Proiektu berri honek Bermeoko udal azoka edertzen laguntzen digu, herritarrentzat zein azoka bisitatzen datozenentzat udal azoka erakargarriago egiten, hain zuzen ere”, nabarmendu du. 

Irune Ormaetxeak adierazi duenez, ekimen honekin eta aipatutako beste guztiekin, “Bermeoko plaza indartu nahi dugu eta sasoiko tokiko produktuak kontsumitzearen garrantzia azpimarratu, sasoiko produktuak kontsumitzea gure inguruko baserritarren onurarako delako eta gure elikadura ere hobetzen duelako”.

01 / 02 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0