Albisteak

Albistea

#Bermeotunaminbiziarenaurka kanpainaren barne, BTWCek 3.000 euro eman dizkio Bizkaio AECCri

• Atuna jaten 3.000 argazki inguru atera dira #Bermeotunaminbiziarenaurka kanpainaren barne eta balorazio positiboa egin dute antolatzaileek.

• #Bermeotunaminbiziarenaurka kanpaina maiatzaren 9tik 20ra izan da eta parte hartzaileek argazki bat igo dute atuna jaten Instagram, Facebook edo Twitterrera.

Bermeo Tuna World Capital elkarteak, Bermeoko Arrain Azoka elkartearen laguntzarekin, #Bermeotunaminbiziarenaurka elkartasun kanpaina abiarazi zuen maiatzaren 9tik 20ra. Kanpaina horren barne atuna jaten 3.000 argazki inguru atera eta sare sozialetara igo dira eta, horrela, gaur egindako ekitaldian BTWC elkarteak eta Bermeoko Arrain Azokako elkarteak 3.000 euroko txekea eman diote Bizkaiko Minbiziaren aurkako elkarteari, Bizkaiko CIC Biogune-Ciberehd zentroak gibelaren minbizia zelan garatzen den ikerketa finantzatzeko.

Bermeoko Arrantzaleen museoan gaur egindako ekitaldian egon dira Leire Egiarte, BTWCeko dinamizatzailea; Idurre Bideguren, Bermeoko jarduneko alkatea eta Arrain Azoka elkarteko presidentea; José Ramón Bustillo eta Gabriel María Otalora, Bizkaiko AECCren presidentea eta gerentea, hurrenez hurren; eta Malu Martinez Chantar CIC bioGUNEko Liver Disease laborategiaren zuzendaria.

Guztiak “pozik” agertu dira kanpainaren emaitzarekin; izan ere, pertsona asko eta asko izan dira atuna jaten argazkia sare sozialetara igo dituztenak (instagram, facebook edo twitterrera) #Bermeotunaminbiziarenaurka edota #Bermeotunacontraelcáncer hashtag-arekin, eta horrela minbiziari aurre egiteko ikerketaren aldeko euren konpromisoa agertu dute. Ekitaldiko parte hartzaileek eurei guztiei eskerrak eman dizkiete bihotz bihotzez, izan ere, atuna jaten argazkia atera duten pertsona guztien inplikazioa eta parte hartzea ezinbestekoa izan da kanpaina solidario honek izan duen arrakasta izateko.

Era horretan, gogoratu dutenez, kanpaina honekiko konpromisoa pertsona eta elkarte askok adierazi dute, besteak beste, Eneko Atxa sukaldariak, Eli Pinedo eskubaloiko jokalariak, Urdaibai Arraun Elkarteko arraunlariek, Garazi Ibarrolaza influencer bermeotarrak, eta Markinako suhiltzaileek.

Horrez gain, asko izan ziren Bermeoko Arrain Azokan jarritako photocall-etan argazkiak atera zituzten pertsonak, familiak, koadrilak… izan ere, Minbiziaren Aurkako Elkartea eta CIC Biogune zentroa Arrain Azokan stand batean egongo ziran, euren lanaren berri ematen eta ikerketa honek duen garrantzia azaltzen.

Ikerketa

Orain kanpaina honen bidez lortutako 3.000 euroak CIC Biogunek gibeleko minbiziaren prebentzioa eta tratamendua aztertuko dituen ikerketara zuzenduko dira. Proiektu hori María Luz Martínez Chantar doktorearen laborategian garatuko da, Bizkaiko CIC Biogune ikerketa zentroan, hain zuzen ere.

Hortaz, kanpaina honetan euren argazkiekin parte hartu duten pertsona guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie, euren ekarpenarekin minbiziari aurre egiteko ikerketa lagundu dutelako eta #Bermeotunaminbiziarenaurka esperientzia “oso aberasgarria” izan dela adierazi dute.

 

29 / 05 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0