Albisteak

Albistea

Bermeoko udala astelehenean hasiko da banatzen hondakin organikoen edukiontziak erabiltzeko txartelak

·         Banaketa herriko guneen arabera egingo da eta txartelak Berhazen bulegoan jaso ahal izango dira uztailaren 15etik abuztuaren 3ra bitartean

·         Txartelak jaso ahala herritarrak edukiontziak erabiltzen hasi ahal izango dira

 

Bermeon, 2019ko uztailaren 12an.- Bermeoko hondakin organikoen edukiontziak uztailaren 15etik aurrera martxan egongo dira. Izan ere, Berhazen bulegoan astelehenean bertan hasiko dira txartelak banatzen. Herritarrek berea jaso ahal izango dute, betiere beren egunak errespetatuz. Txartela hartutakoan, edukiontziak erabili ahal izango dira.

 

Udalak hiru gune definitu ditu (A, B eta C) txartelak ordenean banatzeko. Edukiontzia erabiltzeko izena eman zuten herritarrek egun zehatz batzuk izango dituzte berea eskuratzeko:

-          A gunea. Uztailaren 15etik 20ra.

-          B gunea. Uztailaren 23tik 27ra. 

-          C gunea. Uztailaren 29tik abuztuaren 3ra.

 

 Udalaren helburu estrategikoetako bat da udalerri zaindu eta garbi bat izatea. Helburu honekin jarri zen martxan hondakin organikoen edukiontziaren ekimena. Ingurumena zaintzea eta Bermeo jasangarri eta txukun bat izatea guztion ardura izanik, Udalaren zeregina da honetarako baliabideak jartzea. Bada, astelehenetik aurrera pausu handi bat emango da zentzu honetan.

 

Ekimena abian jarri eta txartelak eskatzeko epea zabaldu zenean, herritarrek bikain erantzun zuten. Izan ere, 1500 eskari baino gehiago egon ziren. Herritar hauek Bermeoko edozein edukiontzi erabili ahal izango dute, guneak kontutan hartu gabe eta inolako ordutegirik gabe. Udalaren helburua da edukiontziak erabiltzeko erraztasunak ematea. Izena eman ez duenak, hala ere, aukera dauka nahi duenean bere txartela eskatzeko.

12 / 07 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0