Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak 7.000 bonu jarriko ditu mugimenduan ‘Nik, BermeON’ ekimenaren barruan garatuko duen kanpainan

•Bonuen kanpainan herriko merkatari, ostalari eta turismoko enpresek parte hartuko dute. Guztira, 101 establezimenduk eman dute izena

•Hiru bonu jarriko dira salgai: 4 eurokoa (6 euro gastatzeko), 10 eurokoa (15 euro gastatzeko) eta 20 eurokoa (30 euro gastatzeko)

•Udalak 67.500 euro bideratuko ditu kanpaina honetara

Bermeon, 2020ko ekainaren 22an.-

Bermeoko Udalak ‘Nik, BermeON’ ekimenaren barruan garatuko duen bonuen kanpaina aurkeztu du gaur goizean. Kultur Etxean egin den aurkezpenean, Bermeoko alkate Aritz Abaroa, Turismo eta Merkataritza zinegotzi Kepa Zumeta eta Berton, Bostale eta Berazel elkarteetako eta Bermeo Tuna World Capital-eko ordezkariak egon dira. Guztira, Bermeoko Udalak 67.500 euro bideratuko ditu gaurtik abendura bitartean salgai jarriko diren 7.000 bonuetan. Helburua da herriko merkatari, ostalari eta turismo enpresak laguntzea eta COVID-19ak herrian izan duen inpaktua txikitzea.


Bermeoko ekonomia berraktibatzea helburu duen ‘Nik, BermeON’ ekimenaren barruan garatuko den bonuen kanpainak hainbat berritasun izango ditu. Alde batetik, 7.000 bonuak ez dira batera salgai jarriko. Hilabete bakoitzean 1.000 kaleratuko dira, lehenbizikoa (ekaina) kontutan izan gabe. Izan ere, lehen hilabetean 2.000 jarriko dira salgai. Gainera, hilabete bakoitzean erosten diren bonuak, hilabete horretan erabili beharko dira. Ezingo dira beste hilabete baterako gorde. Informazio guztia erositako bonuan agertuko da erabiltzaileak baldintzak garbi izan ditzan. Hilabete bakoitzean, gehienez, 4 bonu erosteko aukera egongo da. Izan ere, urte osora zabaldu den ekimena da bonuena, besteak beste, helburua herritarrak Bermeoko merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan urte osoan zehar kontsumitzera bultzatzea baita.


Herritarrak, hiru bonu mota aurkituko ditu: 4 eurokoa (6 euro izango ditu gastatzeko), 10 eurokoa (15 euro izango ditu gastatzeko) eta 20 eurokoa (30 euro izango ditu gastatzeko). Hori bai, erosketa bakoitzean, gehienez, bonu bi erabili ahal izango dira eta, gainera, bonu guztiek ez dute balioko parte hartu duten establezimendu guztietan. Merkataritza eta turismoko enpresetan 15 eta 30 euroko balioa duten bonuak erabiliko ahal izango dira eta, ostalaritza establezimenduetan, berriz, 6, 15 eta 30 euroko balioa dutenak.
Esan bezala, kanpaina honetan herriko merkatari, ostalari eta turismo enpresek hartuko dute parte. Guztira, 101 establezimendu izango dira eta hauek zeintzuk diren jakiteko bi aukera egongo dira: www.bermeo.eus webgunea kontsultatzea edo dendak bereizgarria duen edo ez ikustea.
Bonuak erosteko aukera bi egongo dira:  KUTXABANKeko SEJ terminalean (Bermeoko kasuan Lameran dagoen bulegoan) edo modu digitalean (Bermeoko webgunean jarritako loturaren bitartez). KUTXABANKeko bezeroentzako ez du inolako gain kosturik izango, gainerakoentzat, bonu bakoitzeko, 0,73 euro.
Hala ere, kanpaina honetan parte hartzeko aukera ez dago itxita. Izan ere, Bermeoko Udalak kanpainara gehitu nahi diren establezimenduentzat izena emateko beste epe bat zabalduko du abuztuaren 3tik abuztuaren 17ra bitartean (biak barne). Bigarren txanda honetan parte hartzea erabakitzen dutenek irailerako, urrirako, azarorako eta abendurako izena emango dute.
Aipatu beharra dago, kanpaina hau bateragarria izango dela Bizkaiko Foru Aldundiak edo Eusko Jaurlaritzak helburu berarekin egiten duten edozein kanpainarekin. Hau da, erosketa berean beste erakunde batzuetako bonuak erabili ahal izango dira.


Azkenik, kanpainako parte hartzaileek eta Bermeoko Udalak balioan jarri nahi dute herrian produkturik onenak erosteko eta beharrizan guztiak asebetetzeko aukerak daudela, kanpora irtetzeko beharrik eduki gabe. Orain, Bermeoren, bermeotarren eta herriko ekonomia berraktibatzeko momentua ailega delako. 

22 / 06 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0