Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak herritarrei eskerrak eman dizkie 2020ko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan izandako jarrerarengatik

-Alkateak azpimarratu du egun horietan jendea segurtasun eta osasun neurriak betez ibili dela eta lasaitasuna nagusi izan dela herriko kaleetan

-Gainera, Bermeoko Udaltzaingoak irailaren 7tik 16ra bitartean egondako salaketen berri eman du

Bermeon, 2020ko irailaren 23an.- Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak irailaren 7tik 16ra ospatzen dira urtero. Hala ere, COVID-19ak ekarritako osasun krisia dela eta, aurtengo jaiak, inguruko herri guztietan bezala, bertan behera utzi behar izan ziren. Bermeoko Udalak, herriko eragileekin batera, herritarrei deia luzatu zien egun horietan ezer berezirik ez ospatzeko eta indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak zorrotz betetzeko. Bada, jaiegunak pasata, Bermeoko alkate Aritz Abaroak balorazioa eskaini du gaur goizean Bermeoko Kultur Etxean.

“Bermeotarrei eskerrak eman nahi dizkiet egun hauetan jaiak ez ospatzeko egin duten ahaleginarengatik. Udal honetan ordezkaritza duten alderdi guztiek eta herriko eragileek ospakizunik ez egiteko eta arduraz jokatzeko eskatu genizuen eta, oro har eta salbuespenak kenduta, horrela izan dela esan nahiko nuke. Benetan, eskerrik asko. Herriarekiko eta elkarrekiko errespetu osoz jokatu duzue beste behin, eta uste dut hori balioan jarri behar dela. Hori da bidea”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

“Bermeoko ostalariei ere  espresuki eskerrak eman nahi dizkiet. Beraien konplizitate eta laguntza gabe zaila zen segurtasun eta osasun neurriak betetzea. Jaien aurretik 30 ostalaritza establezimendurekin baino gehiagorekin bilerak izan genituen eta bertan hartutako konpromisoak bete dituzte. Eskerrik asko zuei ere”, gehitu du Abaroak.

Azkenik, Bermeoko Udaltzaingoak irailaren 7tik 16ra bitarteko datuak eskaini ditu. Oro har, hauek dira egun horietan irekitako espedienteak:

Maskarilarik gabe ibiltzeagatik zabaldutako aktak: 25

Maskarilaren erabilera desegokia egiteagatik zabaldutako aktak: 6

- Botiloia egiteagatik zabaldutako aktak: 60 (Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren datuak batuta)

- Ordutegia behar bezala ez betetzeagatik ostalaritza establezimenduei zabaldutako aktak: 4

-   Terrazen gaineko araudia ez betetzeagatik zabaldutako aktak: 4

 

 

23 / 09 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0