Albisteak

Albistea

Bermeoko Udaltzaingoak 14 salaketa jarri ditu alarma gorria egoera dela eta herriko sarrera eta irteerak kontrolatzen hasi zenetik

-Salaketa hauen gehien-gehiengoa herritik justifikatu gabeko arrazoiengatik irtetzeagatik edo sartzeagatik jarri dira, baina baita beste arau-hauste  batzuengatik ere

-Gainera, kontrol hauetatik kanpo eta urtarrilaren 15etik hona, ostalari bat salatu da arau guztiak apurtuz, taberna barruan edariak zerbitzatu zituelako

Bermeon, 2021eko urtarrilaren 22an.- Pasa den urtarrilaren 15etik, Bermeok bere mugak itxita ditu herrira sartzeko edo bertatik ateratzeko. Izan ere, 100.000 biztanleko 500 edo gehiagoko intzidentzia tasa mailan dago duela zenbait astetik hona eta, egoerak hala behartuta, beste batzuen artean, neurri hau hartu behar izan du. Bada, egun hauetan zehar, herriko Udaltzaingoak 14 salaketa jarri ditu arrazoi ezberdinengatik.

Salaketa gehienak errepideetan ezarritako kontroletan jarri dira. Kontrol hauek, gainera, beti egiten dira Ertzaintzarekin koordinazioan. Hala ere, herriko puntu ezberdinetan ibilgailuen kontrolak egiteaz gain, garraio publikoan joaten eta etortzen diren pertsonen kontrola ere egiten da. Helburua bera da: legea betetzen dela ziurtatzea eta, gainera, herritarrei laguntza eskaintzea izan ditzaketen zalantzak argituz eta beharrizanei erantzunez.

Salaketak mota ezberdinetakoak izan dira errepideko eta garraio publikoko kontrol hauetan. Gehien-gehienak herritik justifikatu gabeko arrazoiengatik irtetzeagatik edo sartzeagatik jarri dira (9). Legea garbia da zentzu honetan. Bertatik irten edo sartzeko salbuespenak zehaztuta daude. Baimenduta dagoen ordutegitik kanpo kalean egoteagatik ere pertsona bati isuna jarri zaio kontroletako batean, eta beste pertsona bat erretzeagatik salatu da, ezarritako 2 metroko distantzia ez zuelako gorde ibilgailuaren barruan. Azkenik, kontrol hauetan ere 2 salaketa jarri dira musukoa ez erabiltzeagatik edo behar bezala jarrita ez izateagatik.

Herrian zehar gainontzeko neurriak betetzen direla egiaztatzerakoan, salaketa jarri zaio ostalari bati taberna barruan, arau guztiak apurtuz, edariak zerbitzatzeagatik. Beraz, denak kontutan hartuta, Bermeoko Udaltzaingoak 14 isun jarri ditu urtarrilaren 15etik gaur arte.

“Legea garbia da. Herritik ezin daiteke sartu edo atera behar bezalako justifikaziorik gabe. Lehen egunetan herritarrak informatu genituen, neurria berria zelako eta herritar batzuk zalantzak zituztelako, baina jarraian hasi ginen legea betearazten. Herritarrek ulertu behar dute alarma gorria egoeran gaudela eta guztion osasuna bermatzeko, behar beharrezkoa dela ezarritako neurriak betetzea”, azaldu du Bermeoko udaltzainburu-orde Aritz Floresek.

Baheketa masiboan herritarrak lagundu

Bermeoko Udaltzaingoak, gainera, Bermeon egunotan egin den baheketa masiboan laguntza eman du, segurtasun eta osasun neurriak betetzen zirela ziurtatuz. Izan ere, Osakidetzarekin eta Herri Babesarekin elkarlanean, Artza Frontoian egindako baheketaren antolakuntza lanetan ibili da Udaltzaingoa.

22 / 01 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0