Albisteak

Albistea

736.600 euroko inbertsioa Bermeoko Arene kiroldegia hobetzeko

-Besteak beste, azken hilabeteetan, igerilekuko beiratea, barruko sabaia eta Enrike Zubia margolariaren murala berritu dira eta kiroldegiko larrialdietako eskailera berria jarri da

-Lan hauek burututa, igerilekua zabalduko da

Bermeon, 2021eko martxoaren 24an.- Bermeoko kiroldegiak aurpegi berria estreinatu du. Izan ere, 736.600 euroko inbertsioa egin da igerilekuko beiratea, barruko sabaia eta Enrike Zubia margolariaren murala berritzeko eta kiroldegiko larrialdietako eskailera berria jartzeko. Gainera, lan hauek burututa, igerilekua zabalduko da.

“Gaur hilabeteetako lana aurkezten dugu. Jakin badakit igerilekua hainbeste hilabeteetan zehar itxita egon dela eta bermeotarrentzat egoera hau ez dela atsegina izan. Aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkiet izan duten pazientziagatik. Hala ere, seguru nago itxaron izanak pena merezi izan duela, igerilekua askoz ere hobeto dagoelako”, azaldu du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

Hainbat lan burutu dira azken hilabete hauetan zehar kiroldegian. Alde batetik, igerilekuko kristalera berritu da. Lan hauek aurrera eramateko 525.413,75 euro inbertitu dira eta gastu honen parte bat Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntzarekin burutu da. Bestetik, neguan izandako haize-boladak direla eta, igerilekuko sabaia erori zen eta honek kirol-instalazio honen irekiera baldintzatu du. Bada, sabaia berritzeko 39.427,85 euro bideratu dira.

Margolana

“Berrikuntza lanekin hasi ginenean garbi ikusi genuen gure igerilekuan dugun altxorra ere berritu behar genuela. Txikitatik ezagutzen dugun Enrike Zubiaren murala ez zegoen egoera hoberenean eta, horrelako inbertsioa eginda, uste genuen lan honek berrikuntza bat merezi zuela. Berarekin harremanetan jarri eta gaur aurrean dugun mural eder hau egin du. Espero dut gaur gazteak diren bermeotarrek hemendik 30 urtera ere guk dugun oroitzapen bera izatea. Gure igerilekuaren ezaugarri esanguratsua da, Bermeoko bizilagun batek egindakoa eta, gainera, oso ikusgarria eta gure nortasuna eta kirolaren baloreak uztartzen dituena. Oso pozik gaude Zubia jaunak egin duen lanarekin”, jarraitu du Abaroak.

Lan hauek burututa, igerilekua zabaldu egingo da. COVIDak eragindako egoera dela eta, araudiak betetze eta erabiltzaileen segurtasun eta osasuna bermatze aldera, instalazio hau erabiltzeko hitzordua eskatu beharko da baina, hori bai, abonatuek bakarrik eskatu ahal izango dute. Erreserbak egun berean edo hurrengo egunerako egin ahal izango dira webgunearen edo kiroldegian dauden salmenta makinen bitartez eta, azken aukera bezala (aurreko bi aukera egin ezin dituzten pertsonen kasuan), telefonoz. Erreserba egin eta gero erabiltzaileak ezingo du hitzordua bertan behera utzi edo huts egin. Hiru aldiz huts eginez gero, kiroldegiko instalazioa astebetez erabiltzeko debekua ezarriko zaio. Erabiltzaileen txandak 40 minutukoak izango dira. 5 minutu txanda-aldaketa egiteko eta 10 minutu aldagelan eranzteko eta janzteko.

 

Kiroldegiko larrialdietako eskailera

Bestalde, Bermeoko kiroldegiak aspalditik behar zuen egitura baten lanak bukatu dira: larrialdietako eskailerena, hain zuzen ere. Izan ere, herritar eta erabiltzaileen segurtasuna ez zen bermatzen gaur egun eta egitura hau jartzea behar-beharrezkoa zen. Bermeoko Udalak segurtasun neurriak betetzen ez direla ziurtatzen duen txostena zuen aspalditik. Noski, hau dela eta, bertan gertatu zitekeenaren erantzukizuna Bermeoko Udalarena zen. Hau kontutan izanik, lan hauek aurrera eramatea lehentasunezko jarduna izan zen Udal gobernuarentzat eta horretan jarri zen lehenbiziko egunetik.

Bada, lanak bukatuta daude dagoeneko eta, lehen ez bezala, 100 pertsonatik gorako ekitaldiak segurtasun neurri guztiak betez egin ahal izango dira. Guztira, 162.189,01 euroko inbertsioa egin da larrialdietako eskailera jartzeko.

“Bermeoko kiroldegian inbertsio handia egin da eta ziur erabiltzaileek asko nabarituko dutela. Margolanari eta kristalera berriari esker igerilekuaren irudia atseginagoa izango da eta larrialdietako eskailerari esker, kiroldegia seguruagoa izango da”, amaitu du Aritz Abaroak.

24 / 03 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0