Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak “Bizi Bermeo” lelopean arrantza eta itsasoan oinarritutako udako programa zabaldu du

-Turistek zein udalerriko bizilagunek, besteak beste, bisita gidatuak, Escape Village-Yinkana, Bermeo Tuna Tasting, itsas bataioa eta Bermeo Tuna Pintxo Tour bezalako ekintzekin gozatzeko parada izango dute

Bermeon, 2021eko ekainaren 23an.- Udalerriko eskaintza udatiarra oparoa izaten den arren, aurtengoan Bermeora hurbiltzen direnek ez dute aspertzeko aukerarik izango. Izan ere, Udalak, “Bizi Bermeo” lelopean arrantza eta itsasoan oinarritutako udako programa zabaldu berri du.  Horrela, uztaila eta abuztuko larunbatetan, historiako gertakariek herriko izaera nola baldintzatu duten ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dira herrian zehar, “bizi izan genituen mareetatik gatoz” izenburupean.

Gainera, bertaratutakoei, Escape Village-Yinkanaz gozatzeko aukera emango zaie egunero. Familia guztiari zuzenduta dagoen aire zabaleko Yinkana honetan, parte-hartzaileek Arrantzaleen Museoa bisitatzeko edo pintxo bat hartzeko tartea izango dute. Horrez gain, uztaileko asteazkenetan eta abuztuko asteazken eta ostiraletan hegaluzeari eta hegalaburrari buruzko tailer eta dastaketa jardunaldiak burutuko dira. Arrantzaleen Museoan, atunari buruzko arrantzaz ikasiko dute bertaratutakoek, Bermeo Tuna World Capital-en aurkezpena egingo zaie eta hori gutxi balitz, pintxoei buruzko tailerra eta dastaketa burutuko dute.

Arrantzaleen Museoan bertan, “Akurio eta Elkano.1519-1522” izenburuko bisita gidatua egiteko aukera izango dute interesdunek, alegia, orain gutxi arte ezezaguna zen bizkaitarren balentria lehenbiziko mundo biran plazaratzen duen erakusketa. Itsas Bataoia ere bada programa honetan, zerbitzu honen alde egiten dutenek lehenbizi Arrantzaleen museoa bisitatuko dute eta ondoren itsasora egingo dute irtenaldia Hegaluze ontzian.

Halaber, itsasotik gure paisaiaz gozatu nahi duenak ere badu aukerarik horretarako. Hegaluze ontzian Gaztelugatxe, Matxitxako eta Izaro hurbiletik ikusteko parada izango da, gure gune naturalez eta toki esanguratsuez beste ikuspuntu batetik gozatu aldera. Porturatzean, udalerrian elaboratutako hegalabur eta hegaluze pintxoak izango ditu eskura turistak. Bermeo Tuna World Capital logoa duen pintxoa bilatu eta pintxo onenaren lehiaketan parte hartu ahal izango du. Ekintza guzti horietan parte hartzeko, Udalak,  www.bizibermeo.eus/turismo-activo esteka jarri du erabiltzaileen eskura.

23 / 06 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0