Albisteak

Albistea

Aurtengo Madalen eguna eta Andramari jaiak bertan behera utziko dituela iragarri du Bermeoko Udalak eta udarako kultur-egitarau zabala prestatu du

-Festak beste modu batera ospatuko direla aurreratu du Udalak, egungo osasun egoerara moldatuta

-Kaleko zinea, Jazzaldia, tailerrak, ikastaroak, kale antzerkia, Liburu eta diska azoka eta Nazioarteko Musika Astea izango dira besteak beste udako proposamena

Bermeon, 2021eko ekainaren 30ean.-  Datorren urtera itxaron beharko dugu Madalen eguna eta Andramari jaiak ezagutzen ditugun gisara ospatu ahal izateko. Momentuz, Udalak, bertan behera uztea erabaki ditu bata zein bestea. Hala ere, aurten ere, Jaietako kartel lehiaketa abian jarri da eta jaietako liburuxka ere argitaratuko du. Hori horrela, udarako kultur-egitarau zabala prestatu du Udalak: kaleko zinea, Jazzber jaialdia, Liburu eta Diska Azoka, Arrantzaleen Museoko udako tailerrak, eta Nazioarteko Musika Astea izango dira gozagai besteak beste.

Iaz ez zen ospatu pandemiaren erruz baina aurten indarberrituta dator Jazzber, Bermeoko Jazzaldia bere XXIII. Ekitaldian. Alex Monfort Trío-k, Emma Nagy Ouintet-ek eta Haizea Martiartu Quartet-ek plazaratuko dute beraien errepertorioa Kafe Antzokian hiru ekitalditan- ekainaren 30etik uztailaren 2ra-. Ildo beretik, uztailaren 9 eta 10ean, Gorefest, fantasiazko eta beldurrezko XX. zinemaldia ospatuko da. Metraje laburreko bederatzi filme izango dira ikusgai Nestor Bastarretxea aretoan eta sarrerak Kutxabank-en eskuratu ahal izango dira.

Nabarmentzekoa San Frantzisko herri ikastetxeko patioan burutuko den umeentzako kale antzerki emanaldia. Markeliñeren CHEF NATURE ikuskizunak txundituta utziko ditu txikienak baina erne; edukiera 100 lagunekoa izango da. Horrez gain, Bermeoko Liburu eta Diska Azoka izango dugu uztailaren 16tik 25era Lameran. Iaz, COVID-19aren erruz, Martxotik udako datetara mugitu behar izan zen eta aurten ere udan ospatuko da.

Uztailean ez duzu gogaitzeko astirik izango, izan ere, kaleko zinea izango baitugu hileko hiru ostiraletan Goiko plazan. Hiru emanaldi, ehun jesarleku eta drama argitsu, komedia bizi eta haurrentzako generoak ikusgai udako gau magikoetan. Alde zaharrari behar duen bultzada emateko Eskandinaviako rock-aren doinuak zabalduko dituen herriko Addar taldeak ere kontzertua eskainiko du Goiko plazan bertan hilaren 24ean.

Hilabeteko egitarauari bukaera emateko bestelako musika saio bat. Oraingo honetan Urdaibaiko organoak jaialdia ikusteko aukera izango dute melomanoek. Ugo Spanu organistak eta Antonio Mura tronpetistak beraien elkarlana plazaratuko dute San Frantzisko elizan, akustika ezinhobeaz gozatzeko.

Abuztua ere indartsu datorkigu Nazioarteko Musika Astearekin. Hilaren 2tik 6ra, Santa Maria elizan eta noski, edukiera kontrolatzeko gonbidapenekin, Aba Taano boskote ugandarra, Banduoneando, Alos Quartet, Josu Okiñena eta Pablo Martos eta Elena Arbonies eta Amaia Zipritia arituko dira ekitaldi jendetsu honi behar bezalako estreinaldi berria emateko.

Zirku tailerra ere izango dugu Talan hilaren 11-n, izena eman beharko da aurretiaz eta tailerra txoko desberdinetan burutuko da (akrobazia, aereoak, ekilibrioak, malabareak…. ) begiraleen kontrolpean noski. Tailerrekin jarraituz, haurrei baino gazteei zuzenduta, 9 urtetik gorako gazteei alegia, Dron tailerra antolatu du Udalak.  Gainera gazteentzako puzgarri berezi bat instalatuko da Burujabetasun zelaian, goizez eta arratsaldez.

Bestalde, Trapu Zaharra taldearen “turisteando” kale antzerkia ere izango da ikusgai San Frantzisko Herri ikastetxeko patioan abuztuaren 25ean, bidaia birtualekin barrez lehertzeko aukera ederra berau. Bukatzeko, ez ahaztu Lameran instalatuko den “La ruta del arte II” ekimena, artelanen informazio-taula bisualak hauek, zure izate kreatiboena elikatu asmoz antolatuta.

30 / 06 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0