Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak ‘Betikoa, gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz’ kanpainarekin bat egin du

-Herriko 300 establezimendu komertzial eta ostalaritza establezimendu baino gehiagotan ekimen honen karteltxoa jartzeko eskaera egin du Udalak, bezeroak eta lokal hauetako jabeak euskaraz hitz egitera animatzeko

Bermeon, 2021eko azaroaren 18an.-  Bermeoko Udalak Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak martxan jarri duen ‘Betikoa, gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz’ kanpainarekin bat egin du. Honela, herriko 300 establezimendu komertzial eta ostalaritza establezimendu baino gehiagotan ekimen honen karteltxoa jartzeko eskaera egin die jabeei edo arduradunei, bezeroak eta lokal hauetako jabeak euskaraz hitz egitera animatzeko. Euskal Herriko 60 erakundek baino gehiagok bere egin duten kanpaina honen helburua da euskararen erabilera sustatzea.

“Herritarrak eta establezimenduetako jabeak euskaraz hitz egitera gonbidatu nahi ditugu. Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako ekimen honek oso helburu garbia du: establezimendu edo taberna batera sartzen garenean nahi duguna euskaraz eskatzea. Noski, beste aldeari ere gauza bera eskatzen dio. Hau da, establezimenduko jabeak bezeroari lehen hitza euskaraz egitea”, azaldu du Bermeoko Euskara zinegotzi Kepa Zumetak.

Sarritan, denda edo tabernetara sartzen garenean, “jarri betikoa” esaten dugu. Esaldi honek konfiantza erakusten du. Bada, konfiantza hori ardatz hartuta, eta euskararen erabilera sustatzeko asmoz, kanpainaren leloa da ‘Betikoa, gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz’. Hau da, konfiantza eta euskararen erabilera, biak uztartu nahi ditu ekimen honek.

18 / 11 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0