Albisteak

Albistea

Foru Aldundiak suhiltzaileen hornitutako kamioi autoponpa bat laga dio Bermeori herriko Babes Zibileko boluntarioen talderako

-Ibilgailua hainbat larrialdi motari aurre egiteko behar den ekipamendu guztiaz hornituta dago eta Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuak utzi du, Aldundiak eta herriko Udalak sinatutako lankidetza-hitzarmenean ezarri dena betez. Ibilgailuak aukera emango du zerbitzu hobea emateko eta larrialdi-egoeretan Babes Zibileko boluntarioen lana hobetzeko.

-Bizkaiko Foru Aldundiak hitzarmenak sinatu ditu Bermeoko, Karrantza Haranako, Lanestosako, Urduñako eta Otxandioko udalekin, Foru Erakundearen parkeetako suhiltzaile profesionalak iritsi arte hainbat zereginetan jarduteari dagokionez erakunde horietako babes zibileko boluntarioen taldeetako kideek beharrezko prestakuntza eta baliabide teknikoak jaso ditzaten

Bermeon, 2021eko azaroaren 26an.- Bizkaiko Foru Aldundiak autoponpa kamioi bat eman dio gaur Bermeoko Udalari herriko Babes Zibileko boluntarioen elkarterako. Zuzkidura berri hori eta material tekniko guztia Bizkaiko Foru Aldundiko Suteak Prebenitzeko eta Salbamenduko Zerbitzuak laga ditu eta foru erakundeak eta Udalak sinatutako lankidetza-hitzarmenean jasota dago.

2003an egindako ibilgailua hirirako kamioi autoponpa astuna da eta ekipamendu osoa du kabina bikoitzarekin eta trakzio integralarekin. Kamioiak 4.000 litro ur biltzeko kapazitatea eta aparra sortzeko 300 litro espumogeno ditu. Goi-presioko eta behe-presioko ponpa konbinatua du. Ibilgailuaren ezaugarri nagusiak hauek dira: behe-presioan minutuko 4.000 litro ematen ditu 10 bar-eko presioan eta, goi-presioan, 400 litro minutuko eta 40 bar-eko presioan. Zisterna beira-zuntzez indartutako poliesterrez egina dago, eta, ponpa mota horrekin batera, ibilgailua ur gazia erabiltzeko egokia da eta horrek moldakortasun handia eskaintzen du kasu honetan bezalako kostaldeko udalerri batean.

Babes zibileko boluntarioen bost talde Bizkaian

Bizkaiko Foru Aldundiak bost lankidetza-hitzarmen sinatu ditu Bermeo, Karrantza Harana, Lanestosa, Urduña eta Otxandioko udalerriekin, babes zibileko boluntarioen parkea izan dezaten. Hitzarmen horiek foru erakundearen eta aipatutako udalerrien arteko lankidetza-oinarriak ezartzen dituzte, babes zibileko erakundeen bitartez prebentzioaren, suteak itzaltzearen eta salbamenduaren arloan jarduteko.

Horrela, hitzarmen horien arabera babes zibileko boluntarioen erakundeetako kideek prestakuntza eta beharrezko baliabide teknikoak jasotzen dituzte Aldundiaren aldetik talde horiek lehen instantzian jardun ahal izan dezaten Bizkaiko Foru Aldundiko parkeetako suhiltzaile profesionalak iritsi arte. Beste alde batetik, udalek lokal, nabe edo higiezin bat gaitzen dute foru erakundeak utzitako ibilgailuak eta materiala bertan gorde eta zaintzeko. Era berean gutxienez sei laguneko zuzkidura bermatu behar dute, hori delako antolaketa-eredu hori ahalbidetzeko eskatzen den gutxienekoa.

Bermeoko alkate Aritz Abaroak esan du: “oso berri pozgarria da gaurkoa. Eskerrak adierazi nahi dizkiot Bizkaiko Foru Aldundiari. Elkarlanean jarraituko dugu. Balioan jarri nahi nuke, noski, Bermeoko Herri Babeseko boluntarioek egiten duten lana. Euren zeregina ahalik eta hobekien egiteko dotazio egokiak izatea ezinbestekoa da”.

Eta gehitu du: “gure herritarren segurtasuna bermatzea estrategikoa da udal gobernuarentzat.  Herritarren bizi-kalitatea hobetzea da gure helburu nagusietako bat eta, horretarako, ahalik eta herri seguruena izan behar dugu. Gaur jaso dugun kamioi berri honek asko lagunduko du segurtasunari dagokionez. Baliabide berri bat izango dugu, aukera barriak emango dizkiguna”

26 / 11 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0