Albisteak

Albistea

Busturialdeko gazteek eskualdeko enpresetan trebatuko dira 'Gaztedi Busturialdea Bekak' programari esker

"Lana bilatzea lana da" programaren eta Gaztedi Busturialdea egitasmoaren baitan, eskualdeko gazteei bertoko enpresetan trebatzeko aukera eskaini gura deutsee Busturialdeko hainbat udalek (Arratzu, Bermeo, EreƱo, Errigoiti, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako udalek) Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera; horretarako, bekak emonaz.

"Lana bilatzea lana da" programak Busturialdeko gazteen enplegua eta ekintzailetza sustatu gura dauz trebakuntza eta garapen pertsonalaren bitartez. 'Gaztedi Busturialdea Bekak' izeneko ekimena programa horren jardun-lerroetako bat da.

Bekek ikasitakoa praktikan jartzeko eta lehen lan esperientzia ordaindua izateko aukera eskainiko deutsie 25 urtetik beherako eskualdeko gazteei. Igez bederatzi gaztek burutu ebezan euren praktikak Busturialdeko beste horrenbeste enpresatan.

Beka bat lortzen daben gazteek aukera izango dabe gehienez sei hilabetez benetazko lan merkatura hurbiltzeko eta prestakuntza eta lana uztartzeko, hau da, eskualdeko enpresatan lanekoak ez diran praktikak egin ahal izango dabez.

Beka horreek eskuratzeko, dana dala, baldintza batzuk bete beharko dabez interesatuek; batetik, langabetuek baino ezin izango dabe eskaria egin, eta, horreek, ganera, 18 eta 25 urte bitartekoak izan beharko dira. Horretaz ganera, Lanbiden izena emona euki beharko dabe. Halaber, ikasketa-maila be egiaztatu behar izango dabe: Lanbide Heziketako goi edo erdi mailako gradua, kirol zein arteetako goi mailako titulua, profesionaltasun ziurtagiria edo unibertsidadeko diplomatura, lizentziatura edota gradua, kasuan kasu.

Baldintza horreetaz aparte, aurretiaz jarduera berean hiru hilabete baino gehiagoko lan-harremanik edo esperientzia profesionalik euki ez daben gazteak izan beharko dira beka eskaerak egin ahal izango dabenak.

Enpresa interesatuak

Gaztedi Busturialdea Beken bigarren edizinoan parte hartu gura daben enpresek, bestalde, otsailaren 13a baino lehen Busturialdeko Gazteria Zerbitzuekaz hartu-emonetan jarri beharko dira 94 617 91 58, 94 627 02 15 edota 94 625 76 09 telefono zenbakietara deituta. 

Lehen aldiz lan arloan esperientzia lortzea da Gaztedi Busturialdea Beken helburua, holan, lan merkatuan errezago sartzea ahalbidetuko deutsielarik. Ganera, parte hartzaileek tutoretza eta coaching-a be izango dabe euren garapenean eta prestakuntzan laguntzeko.

06 / 02 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0