Albistea
Gaztelugatxeko kostaldea hondakinez garbitzeko auzolana egingo da azaroaren, 5ean, zapatuan, Bermeoko Udalak eta Lurgaia Fundazioak antolatuta, eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailaren laguntzarekin.
Jardueraren helburu nagusia da itsasoak kalara ekarritako hondakin guztiak kentzea; hala nola, botilak, kutxak, plastikoak, sareak eta sokak. Irune Ormaetxeak, Bermeoko Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, ekimen honekin kostaldean hain berezia den Gaztelugatxeren ingurumen eta bere paisaiaren balioa zaintzen eta mantentzen lagundu nahi dugu.
Ormaetxeak gogoratu duenez, 2015eko uztailean antzeko jardunaldi bat antolatu zen; eta arrakasta handia izan zuen, 40 pertsonatik gora parte hartu baitzuten, hain zuzen ere, adin guztietako boluntarioak, gizon zein emakume.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, pertsona guztiek parte har dezakete jardueran, baina kontuan izan behar da kala harritsua dela. Geralekua azaroaren 5ean, zapatuan, Gaztelugatxe ondoan dagoen Eneperi jatetxearen aparkalekuan izango da, goizeko 09:30ean.
Horrela, itsasbehera aprobetxatuko da garbiketa lanak egiteko. Hasteko, antolatzaileek itsasoaren kutsadurari buruz hitz egingo dute, eta garbiketa lanak zelan egin azalduko dute. Ondoren, lekura oinez jaitsi, eskularruak eta poltsak banatu, eta boluntarioak taldetan antolatuko dira.
Kalaren zailtasuna kontuan izanda, zakuetan jasotako hondakinak haitzetatik errepideraino ateratzeko giza kate bat osatuko da, eta, ondoren, hondakinen edukiontzi batera eramango dira. Hemendik, Bermeoko Udalak hondakin geldoen zabortegi batera eramango ditu. Garbiketa lanetan parte hartzen duten pertsona guztiei ura eta jana banatuko zaie. Jardunaldia 14:30etan amaituko da.
Antolatzaileek gomendatzen dute arropa eta oinetako erosoak (labaintzen ez dutenak eta busti daitezkeenak), ordezko arropa, eta edateko likidoa eramatea.
Materiala eta garraioa antolatzeko eta derrigorrezko asegurua egiteko, ezinbestekoa da parte hartu nahi dutenek izena ematea azaroaren 3ko arratsaldeko 18:30ak baino lehen: info@lurgaia.org posta elektronikoan, 946576110 telefono zenbakira deituta, edo 606141837
telefono zenbakira deituta edo whatsapp bat bidalita. Izena ematerakoan izen-abizenak, adina eta kontakturako telefono bat eman behar dira.
010 (94 617 91 00)