Albisteak

Albistea

Urteetako eskaera bati erantzuna emanez, Bermeoko Udalak sarea jarri du Artza frontoian

Gaur goizean, Bermeoko Udalak ofizialki aurkeztu du herriko frontoian jarri den sare berria, Urdaibaiko Itsasalde Kirol Klubak luzaroan eskatutako eskaera bati erantzuna emanez. Hobekuntza horri esker, aukerak zabaltzen dira, eta beste kirol-modalitate batzuetarako aukera ematen du, pala eta zesta-puntarako, esaterako. Sareak, gainera, mesede egingo die kirolariei zein ikusleei, modu seguruan eta erosoan jokatu eta ikusteko aukera ematen baitu.

Herritar, kirolari eta zaleak egon dira inaugurazio ekitaldian, eta Urdaibaiko Itsasalde Kirol Klubak antolatutako zesta-punta partiduez gozatzeko aukera izan dute, udalerriko eta inguruetako haur eta gazteen partaidetzarekin.

Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea “oso pozik” agertu da proiektu honekin: “Harro gaude urteetako eskaera honi erantzuna eman ahal izan diogulako. Hasieratik bagenekien proiektu honek berezia izan behar zuela, horregatik jarri ginen harremanetan sareetako adituekin, hau da, herriko saregileekin. Modu horretara, saregileen lanari balioa emateaz gain, itsas eremutik haratago duten gaitasuna erakusteko aukera ematen digu”.

Sarea, erabiltzean ez denean, frontisean batuta egoteko diseinatuta dago, eta tokiko saregileak arduratuko dira sarearen mantenuaz, haren egoera ona bermatzeko. Lankidetza honen bitartez, udalak Bermeoko lanbide tradizionalak balioan jartzeko duen konpromisoa azpimarratzen da.

Alkateak proiektu honen atzean dagoen “ideia erromantikoa” ere azpimarratu du, udalerriko bi tradizio batzen dituelako: zesta-punta eta saregileen itsas tradizioa. “Pertsona batzuek sare bat baino ez dute ikusiko, baina nik haratago ikusten dut eta gure herriko bi sektore garrantzitsuren batasuna ikusten dut”, adierazi du. Proiektu honek, euskal pilotaren modalitate desberdinak egitea errazteaz gain, Bermeoko kultura-nortasuna aberasten du.

Nadia Nemeh Shomalyk eskerrak eman dizkie saregileei euren laguntza eta prestutasunagatik, baita Urdaibaiko Itsasalde Kirol Klubari ere jardunaldia antolatzeagatik: “Adibide honek erakusten du sektore desberdinen arteko lankidetza onuragarria izan daitekeela gure komunitatearentzat. Asko eskertzen dugu proiektu honetan inplikatutako guztien ahalegina eta dedikazioa”.

Bertaratutakoek bertatik bertara ezagutu ahal izan dute sare berriaren funtzionaltasuna, eta zuzeneko erakustaldiez gozatu ahal izan dute. Era berean, tokiko kirol-jardueran izango duen eragin positiboa ikusi ahal izan dute. Proiektu honek udalak tokiko azpiegiturak hobetzeko eta kirol- eta kultura-jarduerak sustatzeko duen konpromisoa islatzen du.

25 / 06 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0