Albisteak

Albistea

Udalak eta Bermeoko 5 banketxek eta 2 aholkularitzek errenta aitorpena euskaraz egitea sustatzeko hitzarmena sinatu dute

 

 

 

Bermeoko Udalak eta herriko bost banketxek eta bi aholkularitzek elkarlanean errenta aitorpena euskaraz egitea sustatzeko hitzarmena sinatu dute gaur Bermeoko kultur etxean. Elkarlan horren bidez, entitate horiek errenta aitorpena euskaraz egiteko erraztasunak emango dizkiete bezeroei, eta Udalak sentsibilizazio lana egingo du. 

Hitzarmenaren sinadura ekitaldian honakoek parte hartu dute: Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak; Juan Karlos Agirrek, Euskara Saileko zinegotziak; Maite Alvarezek, Euskara teknikariak; Iker Otaoleak Torrealday aholkularitzaren ordezkariak, Javier Basterretxea Bermeo Consulting SL-ren ordezkaria eta Iñaki Kanalaetxebarria, Egoitz Bilbao, Joseba Markaida, Jose Luis Muruaga eta Nadia Nemeh, CaixaBank, Laboral Kutxa, Kutxabank, Banco Sabadell Guipuzcoano eta BBVAren Bermeoko sukurtsaletako zuzendari edota ordezkariak, hurrenez hurren. 

Bidegurenek gogoratu duenez, Bermeoko Udalak 2014tik hona errenta aitorpena euskaraz egitea sustatzeko kanpainak abiarazi ditu. “Hori dela eta, 2017ko errenta kanpainan ere elkarlanean arituko gara Udala, banketxeak eta aholkularitzak, eta horregatik gaur hitzarmena sinatu dugu”, esan du. 

Hitzarmenaren bitartez, Bermeoko Udalak eta banketxe zein aholkularitzek hainbat konpromiso hartzen dituztela azaldu du Agirrek. “Udalari dagokionez, ‘Errenta aitorpena euskaraz’ sentsibilizazio kanpaina martxan jarri dugu, eta horren barne herritarrek errenta aitorpena euskaraz egiteko dituzten baliabideen berri emateko komunikazioa landu dugu: esku-orriak, kartelak, sare sozialak, Bermeon Zer? agenda, hiztegiak…”, adierazi du. 

Bestalde, entitate sinatzaileek honako konpromisoak hartzen dituzte herritarrekiko: bezeroak euskaraz egitera animatu, bezeroei aitorpena euskaraz egiten lagundu, ahoz zein idatziz aitorpena euskaraz egiteko gonbidatu, eta, kanpainaren amaieran, euskaraz egindako aitorpenen kopurua eta portzentajea jaso eta Udaletxera bidali. 

Juan Karlos Agirrek adierazi duenez, herritar gehienen aitorpenak finantza erakundeen eta aholkularitzaren bitartez egiten dira, Bizkaiko Foru Aldundiak etxera eginda bidaltzen dituenen eta internet bidez egindakoen atzetik. “Beraz, herritarrengandik hurbilen daudenez gero, bulego horiek ditugu bitartekari naturalak errentaren kanpainarako”, adierazi du. 

Horregatik, Bermeoko alkateak banketxe eta aholkularitzei errenta euskaraz egiteko kanpainan parte hartzea eskertu die, euren jokaera aktiboaren bitartez euskararen presentzia hedatzen laguntzen dutelako. Gainera, aurten iaz baino entitate gehiagok parte hartzen dutela nabarmendu du, bi entitatek gehiagok (banketxe bat eta aholkularitza bat), hain zuzen ere. “Hori pozgarria da; izan ere, Bermeon euskararekiko konpromisoa duten entitateak gero eta gehiago direla erakusten du”, nabarmendu du. 

Finantza entitate eta aholkularitzako ordezkariek hitza hartu dute eta hitzarmena “oso positiboa” dela nabarmendu dute. Haien esanetan, “gure bezeroei errenta aitorpena euskaraz egiteko aukera ematen diogunean, euskarekiko dugun konpromisoa agertzeaz gain, zerbitzu hobea eskaintzen diogu bezeroari, eta horrek, betiere, balio erantsia ematen dio gure entitateei”. 

“Lehen berba euskaraz egiten dugu, elkarrizketa, ahal den guztietan euskaraz izaten da eta azkenik, dokumentua euskaraz ateratzeko aukera eskaintzen diogu herritarrari eta horrek guztiak, arlo honetan euskara normaltasunez erabiltzeko joera indartzen du”, azaldu dute.

Horrela, Udala zein finantza entitateak eta aholkularitza “hasitako elkarlan honekin jarraitzeko” prest agertu dira, eta herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera animatu dituzte, “guk, gure aldetik, erraztasun guztiak emango dizkiegu hori horrela egiteko”. 

 

 

18 / 05 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0