Albisteak

Albistea

Bermeoko Madalen jaietan tradizioa eta festa batuko dira uztailaren 21ean eta 22an

Udalak Madalen egunean parte hartuko duten itsasontziei segurtasun neurriak errespetatzeko eskatu die

 

Bermeoko Madalen jaietan tradizioa eta festa batuko dira aurten ere uztailaren 21ean eta 22an. Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, azaldu duenez, Izaro protagonista duen jai honetan herrikoak zein kanpotik datozenak “gure tradizioarekin eta festarekin disfrutatzeko aukera izango dute”. 

Bermeoko alkateak adierazi duenez, aurten ere, uztailaren 22an, Bermeoko Udalak, antzinatik egin ohi duenez, Izaro uhartearen ipar-ekialderantz dauden mugak adieraziko ditu. Horretarako, betiko moduan, alkateak teila botako du honakoa esanez: ‘Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak‘. 

Bermeoko Udalak  zazpigarren urtez Madalen Egunean herritarrak eurekin itsasontzian Izarora eta Elantxobera joateko plazak zozkatu ditu herritarren artean. “Ekimen horrek harrera oso ona izaten du”, azaldu du. Era berean, egun horretan Mundaka eta Elantxobeko ordezkariak eta erakunde ezberdinetako ordezkariak gonbidatu ditu Udalak, festa hau elkarrekin ospatzeko. 

Madalen bizpera

 

Madalen bizperan Baztarre kaleko jaiak ospatuko dira. Festa goizeko 10:30ean hasiko da txokolatada eta umeen ekintzekin. Umeek 11:30ean txotxongiloekin, eta 12:30ean ipuin kontalariarekin, gozatzeko aukera izango dute Baztarren. 

18:30etik aurrera Kankinkabara txistu taldearen kalejirak giroa alaituko du, eta 19:30ean Kubatik datorren ‘Jade bikotearekin’ disfrutatzeko aukera izango dute Baztarrera bertaratzen direnek. 19:30etik aurrera marmitakoa doan dastatzeko aukera izango da. 21:00etan runba eta flamenko ekitaldia izango dira herriko ijito talde batekin.  Jaiak aurrera jarraituko du gaueko 22:00etan rock taldeen kontzertuekin Baztarren. Antolatzaileak Baztarreko auzokideak dira. 

Horrez gain, 19:30etik aurrera Bermeotarrak Fanfarrearen kalejira izango dugu eta Haitz Nagusije Auzo Elkarteak antolatutako XI. Madalen bezperako bazkaria izango da Bermeoko Kafe Antzokian. Parte hartu nahi dutenentzat izena ematea Lezamiz botikan izango da. Kanta kanta lorue ekimenak herriko kaleak alaituko ditu arratsaldeko 20:00etatik aurrera. 

Madalen Eguna 

Madalen egunari dagokionez, goizean kalejira egongo da Kankinkabara txistu taldearekin. 11:45ean Udalbatza Goiko plazan batuko da eta hortik, txistulariak lagunduta, udalbatzak itsasontzietaraino ibilaldia egingo du honako tokietatik: Etxebarria Tar Kresentzi, San Migeleko eskilarak, Lamera eta Portuzaharra. 12:00etan itsas jaia hasiko da. Ontziratze eta lehorreratzea izotz fabrikaren parean izango  da. 

Ondoren, Bermeoko Udalak herriko banderaren eta ikurrinaren jasoera egingo du Izaro uhartean eta alkateak, ohikoa den legez, teilaren jaurtiko du Bermeoren mugak berretsiz. 

Eguerdiko ordu batak inguru Elantxobera helduko da eta ohorezko aurreskua egingo da, herriko plazan, Alkartasuna dantza taldearen eskutik.  18:00etan Elantxobetik irtengo da, Mundakara joateko eta arratsaldeko 20:00ak inguru helduko dira Bermeora. Portutik Udalbatza, txistulariak lehenengo eta ondoren Bermeotarrak Fanfarreak lagunduta, Goiko Plazaraino abiatuko da. Bermeoko bandera eta ikurrina altxatu eta gero, aurreskuak egingo dira. 

Baina jaiak aurrera jarraituko du; izan ere, 22:00etatik aurrera erromeria izango da ‘Zirkinik ez’ taldearekin Bermeoko Lamerako kioskoan. 

Madalen jaietan guztiok ondo pasatzeko aukera izango dugula nabarmendu du alkateak. “Adin guztietako bermeotarrok eta kanpotik datozenak festarekin eta tradizioarekin gozatzeko aukera izango dugu, eta pertsona guztiak errespetuarekin jaian parte hartzera eta edertasun paregabea duen gure ingurua bisitatzera gonbidatu nahi ditut”, azpimarratu du alkateak. 

Madalenak segurtasun neurriak 

Bestalde, guztion segurtasuna bermatze aldera, Bermeoko Udalak, Madalen Egunean, uztailaren 22an, itsas jaian parte hartuko duten itsasontziei indarrean dagoen araudiak  jasotzen dituen segurtasun neurriak betetzeko eskatu die. 

Bermeoko Udalak gogoratu dutenez, araudiak honako neurriak jasotzen ditu: itsas jaian ezin izango dute parte hartu lau metroko luzera baino gutxiago duten itsasontziek, belaz nabigatzen ari diren itsasontziek, arraunez mugitzen diren itsasontzi edo tresnek (piraguak, kayak, paddle surf tablak…), beste era bateko ur gaineko tresnek, ezta ere sei metro baino gutxiagoko itsasontzi pneumatikoek edo ur motoek, segurtasun taldekoak direnak izan ezik.

 

Horrez gain, itsasontzietako aforoa errespetatu behar dela eta gutxienez ontzian dagoen pertsona bakoitzeko salbamendu-jaka bana izan behar dutela adierazi dute. Era berean, Izaro inguruan, alkateak teila botatzen duen momentuan, itsasontziei euren arteko distantziak errespetatzeko eskatu die. 

Ildo berean, gogoratu dutenez, “itsasontziek seguruak eguneratua, dokumentazioa behar bezala eta salbamendu eta segurtasun baliabideak eguneratuta izan behar dituzte”. “Itsas zirkulazio eta segurtasun arautegia ere bete behar dute”, gaineratu dute. 

Era berean, araudiak ezartzen duenez, “kaian atrakatzeko eta irteteko maniobrak pixkanaka egingo dira, gertu dauden itsasontzien aldibereko maniobrak saihestuz”. “Bidaian, ontzian edo beste ontzi batean dauden pertsonen segurtasuna arriskuan jarriko duen maniobrarik ez da egingo”, gaineratzen du. “Garrantzitsua da neurriak betetzea jaietan segurtasuna bermatzeko eta jaia jai giroan amaitzeko”, adierazi du Bermeoko Udalak. 

 

19 / 07 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0