Albistea
• Legegintzaldiko Planeko 50 lan-ildoetatik, jarduketen %76k betetze-maila osoa edo oso altua dute, % 14k maila altua, % 6k erdi-maila eta 2 ekintzek baino ez dute betetze-maila baxua
• “Datuek argi uzten dute, pandemia gorabehera, gure hitza bete dugula eta Gobernu taldearentzat lehentasuna bermoetarren bizi kalitatea eta suspertze ekonomikoa izan direla” adierazi du Aritz Abaroa alkateak
Bermeon, 2023ko martxoaren 31n.- Duela lau urte, Bermeoko Udalak 2019-2023 legegintzaldirako programa aurkeztu zuen, bizi-kalitate hobea eta ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-mailan Bermeo iraunkorragoa lortzera bideratuak zeuden 50 konpromiso biltzen zituena. Gobernu-taldeak % 70etik gorako betetze-maila duten ekintzen % 76rekin amaitzen du legegintzaldia; 14 ekintza egite prozesuan geratzen direlarik, eta 2 bakarrik ezin izan dira bete edota betetze-maila baxua dute.
“Zalantzarik gabe, oso legealdi konplexua izan da. Izan ere, azken lau urte hauetan ia bi urteko COVID-19ak eragindako pandemiari, inoiz bizi izan ez den gerra bati eta prezioen igoerari aurre egin behar izan diogu. Hala eta guztiz ere, eta faktore horiek guztiek aurreikusitako ekintzen gauzatzea baldintzatu duten arren, egoerara egokitzen jakin izan dugu eta 2019an gure bizilagunei egin genizkien promesak betetzen jarraitu dugu, gure konpromisoak betetzeko gai izan gara” adierazi du Aritz Abaroa alkateak.
3 ardatz nagusi
Bizi-kalitatea, aberastasuna eta jarduera ekonomikoa, itsas nortasuna eta kudeaketa-estilo propioa izan dira Bermeoko Udalaren ardatz nagusiak legegintzaldi-plana aurrera eramateko orduan. Helburuz eta betetzeko proiektuz beteriko 3 ardatz.
Bizi kalitatea
Legealdiaren hasieran 24 ekintza proposatu ziren bermeotarren bizi-kalitatea hobetzeko, herri garbi, ordenatu eta kalitatezko azpiegitura eta zerbitzuak (aisialdia, hezkuntza eta haur asistentzia) dituen herri bat mantentzeko, “bizi-kalitatea duen Bermeo bat Bermeo erakargarri, konektatu, irisgarri eta seguru baten sinonimo baita, guztiontzako Bermeo, alegia” adierazi du Abaroak. Horrela, gaur egun, aurreikusitako ekintzen ia %80 gauzatu dira, eta bakarra geratu da egin gabe.
Ardatz honen barruan, beraz, hainbat ekintza jarri dira abian udalerriaren garbitasuna hobetzeko (edukiontziak, ibilgailuak eta garbiketa-makinak berritzea, garbiketa-sistema bereziak ezartzea edo Bermeo Zeurie be bada sentsibilizazio-kanpaina), hirigintza-eraldaketa errealitate izan dadin (pasealeku berria eta Txibitxiagako birmoldaketa, Tonpoiko eremu naturala berreskuratzea, Esparru kalearen eta Bizkai Bururen arteko igogailua, saihesbidetik sarrera berria), alde zaharra hobetzeko (Nekazari kalea berrurbanizatzea, orube hutsak berreskuratzea, kaleen garbitasun berezia), bermeotarren artean kirola eta aisialdia sustatzeko (kiroldegiko instalazioak hobetzea, hala nola gimnasio berria, beiratea eta igerilekuko murala, larrialdietako eskailera…; Penta futbol-zelaia, argiak eta aldagelak berritzea; Martilloko bainugela egokitzea; Benito Barruetako patioa egokitu eta jendearentzat irekitzea; San Martinen haurrentzako jolaserako eta aire zabaleko kirolerako gune berria eraikitzen hastea), beharrizanak dituzten pertsonei zerbitzu onenak eskaintzeko (udal-egoitzan bizikidetza-unitateak sortzea; 75 urtetik gorako pertsonen etxebizitzetan ke-detektagailuak jartzea; adikzioak prebenitzeko plana egitea eta adikzioak prebenitzeko zerbitzu berria abian jartzea) eta Bermeo lotura onak dituen udalerria izan dadin (Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetza, Bermeo-Bilbo Bizkaibuseko linea hobetzeko eta indartzeko, Sollubeko errepidea hobetzeko proiektua berraktibatzea).
Aberastasuna eta jarduera ekonomikoa
“Indarrean dagoen legegintzaldian zehar, Udalak lan egin du jarduera ekonomiko berriak sortzeko, ekiteko, berriztatzeko eta enplegu-aukera berriak sortzen dituzten enpresa konprometituak bultzatzeko, azken batean, Bermeo 360º sortzeko” baieztatu du alkateak. Hala, legegintzaldiaren hasieran 14 ekintza planteatu ziren guztira, eta horietatik 12 bete dira, %70a baino gehiagoan. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, eskualdeko garapen ekonomikorako plana egitea, eskualdeko hainbat entitate eta enpresa traktorerekin UBai estrategia abian jartzea, Lokalbide programa abian jartzea, zeinari esker Alde Zaharreko lokaletan 15 negozio berri ireki diren, ekintzaileentzako hobari fiskalak aplikatzea, sektore gastronomikoa eta tokiko produktua Michelin sukaldariekin posizionatzeko lana…
Itsas nortasuna eta kudeaketa-estilo propioa
Bermeo nortasun propioa, euskalduna eta mundura irekia dagoen udalerria da. Ildo horretan, Gobernu taldeak parte-hartzean oinarritutako kudeaketa gardena sustatzearen aldeko apustua egin du. Horrela, eta ahalik eta kalitate handiena lortzeko asmoz, 12 ekintza planteatu ziren, eta horietatik 9 ia % 100ean gauzatu dira. Nabarmentzekoak dira, besteak beste: Bermeoko ondare materiala eta immateriala sustatzeko jarduerak sustatzea (Ortubeko hitzarmena sinatzea, harresiari eta alde zaharreko ateei buruzko seinaletika berria, UPV/EHUren ikastaroak tokiko ondareari buruz, udalerriko eskulturen eta obra artistikoen zaharberritzea eta berreskurapena…), Bermeo Zabaltzen aplikazioa abian jartzea herritarrei informazio zuzena eta berehalakoa eskaintzeko, herritarren lehentasunari eta beharren identifikazioari buruzko inkestak egitea edo bermeotarren euskararen erabilera sustatzeko programa.
“Hori guztia posible izan da kudeaketa eraginkor eta zorrotz bati esker, legegintzaldiaren hasieran hartutako konpromisoak betetzeaz gain, Udalaren egonkortasuna arriskuan jartzen zuten gai historikoak konpontzeko (San Martineko etxebizitzak, Aita Guria), Udalak banketxeekin zuen zorra erdira baino gehiagora murrizteko (7.653.978€ 2017an > 3.322.283€ 2022an) eta inbertsio-ahalmena laukoizteko (782.152,90€ 2017an > 3.339.653,94€ 2022an) aukera eman diguna.
Alkateak nabarmendu du, gainera, legegintzaldiak maiatzera arte jarraituko duela indarrean, eta, beraz, etengabe jarraituko dutela lanean, “martxan dauden proiektu asko ditugu, eta aurrerapenak datozen asteetan ikusiko ditugu”. Aipatzekoak dira, besteak beste, honako proiektu hauek: Itxasbegiko aparkaleku berria eta Txibitxiaga-Itxasbegi igogailua, gaur egun proiektua idazteko prozesuan daudenak; Intxausti kalea berritzea eta Nekazari kaleko bigarren fasea (aurreikuspen teknikoen arabera apirilean hasiko lanak); Tala parkean banku berriak jartzea, apirilaren amaieran hastekoa dena…
“Gizarte-aldaketaren prozesu konplexu horren guztiaren erdian, Gobernu-taldeak bermeotarrei entzuten jakin du, eta herritarren alde lan egiten jardun du, une oro Bermeo bidezkoagoa, solidarioagoa eta modernoagoa eraiki nahian. Datuek argi uzten dute, beraz, Gobernu-taldearen lehentasuna udalerriaren bizi-kalitatea eta suspertze ekonomikoa izan direla. Agerikoa da Bermeo hirigintza-eraldaketan eta bizilagunentzako zerbitzuen hobekuntzan murgilduta dagoela, neurri handi batean erakundeen arteko lankidetzari eta Gobernu-taldeak akordioak lortzeko duen gaitasunari esker. Era berean, badakigu badagoela hobetzeko tartea, eta, horregatik, lanean jarraituko dugu egunetik egunera hobeto kudeatzeko eta gobernatzeko” bukatu du Aritz Abaroak.
010 (94 617 91 00)