Albisteak

Albistea

San Juan sua Goiko Plazan mantenduko da, txikiagoa eta behar diren segurtasun neurri guztiak beteta

  • Bermeoko Udalak proposamen desberdinak aztertu izan ditu, beti ere, txostenek eskatzen dituzten segurtasun neurriak kontuan izanik.

Lanketa luzea eta sakona egin ostean, Bermeoko Udalak San Juan sua Goiko Plazan egitea erabaki du. Erabakia guztiz hartuta egon barik, herrian eta herritarren artean zabaldu zen San Juan sua ez zela orain arteko leku berean egingo, eta gaiak ezinegona sortu du, batez ere, Alde Zaharreko ostalarien eta herritarren artean. Hori guztia argitze aldera, gaur azalpenak eman dituzte Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk, kultura zinegotzi Endika Etxebarria Telleriak eta garapen ekonomikorako zinegotzi Maite Caruezo Ugaldek.

Caruezo zinegotziak esan du Bermeoko Udalaren eredua dela herria eta herritarrak entzutea, eta horregatik nabarmendu du erabakia hartu orduko, foro desberdinetan bilduta egon direla kultur talde, ostalari, merkatari eta herritarrekin batera, “uste dugulako hori dela egin behar dena”.

Udaletik egin den lanketa “luzea” izan dela aipatu du kultura zinegotziak, “ez da azken hilabeteko gauza bat”. Iaz, San Juan bezperan egindako “ekitaldi bereziaren” balorazioa egiterako orduan hasi ziren beste aukera batzuk aztertzen. Otsailaren 21eko jai batzordera gaia eroan, eta San Juan bezperari eta suari buelta bat emateko ideia atera zela gogora ekarri du Etxebarriak. Gogoratu beharra dago, jai batzordea irekia dela, eta Bermeoko Udala osatzen duten alderdi politiko guztien ordezkaritza egoteaz gain, herriko kultur eta kirol taldeek parte hartu ahal dutela, baita ere norbanakoek. Proposamen desberdinak aztertzerakoan, ezinbestekoa zen, txosten desberdinak kontuan hartzea, eta horiek aztertzen hasi zen udala. “Alde Zaharreko Plan Bereziak sua Goiko Plazan egiteko arriskuak nabarmentzen ditu, eta modu horretara, jai batzordean sua egiteko beste aukera batzuk aztertu ziren, Portuzarra edo Tonpoia, esaterako. Ondoren, Herri Babesa eta Portu Zuzendaritzarekin harremanetan jarri ginen, eta esan ziguten Portuzarra ez zela leku segurua, eta Tonpoian ezin daiteke egin gune babestua delako. Txostenen arabera, Lamera edo Burujabetasun zelaia ziren horretarako gune aproposenak. Apirileko jai batzordean bi leku horiek aztertu ziren, eta bertako parte hartzaileek ez zuten Burujabetasun zelaia gune aproposa ikusten, orduan hasi ginen sua Lameran egiteko aukerak aztertzen”.

Iazko Goiko Plazako esperientzia kontuan hartuta hasi ziren jai batzordean ekitaldia beste lekuren batean eta zein modutan egin ahal zen baloratzen, “segurtasun neurri guztiak kontuan hartuta, eta beti segurtasuna bermatzeko ahaleginetan”. Herritarren artean udalaren asmo hori zabaldu zen, eta, horregatik, Bermeoko udal ordezkariek Alde Zaharreko ostalari eta herritarrekin bilera desberdinak egin dituzte, prozesuaren berri eman eta eskatutako azalpenak emateko: “Gardentasuna da udalaren eredua, eta horregatik, txosten guztiekin joan gara bileretara, horietan jartzen duena azalduta”. Kultura zinegotziak gogoratu du Bermeoko Udalaren eskuetan dauden txostenak ikusi gura duten horiek, Berhazen eskatzeko aukera daukatela.

Etxebarriak argi utzi du, sua egiteko beste leku batzuk aztertu badira ere, argi zeukatela Alde Zaharra ez zela hutsik geratuko, eta gau horretan protagonismoa izango zuela. Txosten desberdinek sua egiteko Lamera leku seguruagoa dela esaten badute ere (gune zabalagoa delako, irisgarriagoa eta freskatzeko egokiagoa), sua Goiko Plazan egiten jarraitzea erabaki da, aparteko segurtasun neurriak hartuta:

  • Suaren neurria txikiagoa izango da, gehienez jota, 1,5x2 metrokoa.
  • Herritarrei erantzukizunez jokatzeko deia egiten zaie, eta ingurura sastar poltsarik ez botatzeko deia egiten da. Egotekotan, kendu egingo dira.
  • San Juan bezperako ekitaldia oraindik guztiz zarratuta ez badago ere, iazkoarekin alderatuta, perimetroa txikiagoa izango da, iazko jende pilaketa eta inguruko kaleetan jendea harrapatuta geratzeko arriskua ekiditeko.
  • Goiko Plazara doazen kaleak ibilgailuentzako zarratuta egongo dira, larrialdietakoak baino ezingo dira sartu. Kale horietan egongo dira beharrezkoak diren kamioiak aparkatuta; Herri Babesako boluntarioen bi kamioi eta suhiltzaileei eskatutako kamioia.
  • Bidebarrieta kaleko edukiontziak lekualdatu egingo dira.

Bermeoko alkateak gai honetan udalak izan duen ardura nagusia azaldu du: “San Juan suaren ekitaldiaren atzean kultur talde eta boluntario asko eta asko daude, 200 pertsona inguru daude horren atzean. Kriminalizatuta sentitu dira, eta argi utzi behar duguna da, hau ez dela eurengandik etorri den ideia bat. Azken finean, erabaki politiko bat bada ere, erabaki honek ez dauka inondik inora ere ez, kutsu politikorik. Proposamen desberdinak beti aztertu izan dira segurtasun neurriak bermatzeko, eta Alde Zaharrak dituen arriskuak kontuan izanik. Gai honetan bakarrik sentitu gara, ez dugu babesik sentitu”.

29 / 05 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0