Prensa
-Aritz Abaroa, Bermeoko alkatea: «Aliantza sinatzea aurrerapauso handia da, tokiko gobernuen artean lankidetza-esparru bat lortzeko eta, horrela,ustiapen- eta kudeaketa-jardunbide arduratsuen bidez baliabidearen jasangarritasuna bermatzeko»
-Hauek dira senidetutako hiriak: Manta (Ekuador), Victoria (Seychelleak), Pago Pago (Samoa Amerikarra), Concarneau (Frantzia), General Santos (Filipinak), Bermeo (Bizkaia) eta Majuro (Marshall Uharteak)
Bermeo, maiatzaren 3a. Bermeon, Bermeoko Tuna Forumen ospakizunaren barruan, Atunaren Munduko Hirien Aliantza sinatzeko ekitaldi ofiziala egin da. Proteina hori beren ekonomian, gizartean, ingurumenean, historian, kulturan eta etorkizunean funtsezko duten udalerrien arteko lankidetza-esparrua da aliantza, eta hiri hauek izan dira sinatzen: Manta (Ekuador), Victoria (Seychelleak), Pago Pago (Samoa Amerikarra), Concarneau (Frantzia), General Santos (Filipinak), Bermeo (Bizkaia) eta Majuro (Marshall Uharteak).
Hiriok, Marc Bigot Concarneauko alkateak zehaztu duenez, «atunaren arrantzarekin batera hazi dira, eta atuna haien historiaren parte da». Hori dela eta, «gaur sinatu den Atunaren Munduko Hirien Aliantza aurrerapauso handia da tokiko gobernuen artean lankidetza-esparru bat lortzeko eta, horrela, ustiapen- eta kudeaketa-jardunbide arduratsuen bidez baliabidearen jasangarritasuna bermatzeko, ezagutza zientifikorik onenean oinarrituta», nabarmendu du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak senidetze-ekitaldi horretan.
«Gure hiriak merezi dugu Tuna World Capital, atunaren munduko hiri, izendapena. Jabetuta gaude hiri askok dutela lotura estua atunarekin; baina, aliantza hau sortu eta martxan jartzeko unean, horietako zazpi gehitu zaizkigu jada», nabarmendu du Bermeoko lehen zinegotziak.
Hitzordu historikoa izan da, hari esker nazioarteko bi konpromiso zigilatu eta ofizial bihurtu baitira Euskadin, biak ere iaz Madrilen eta Lisboan aurkeztutakoak: Atunaren V. Kongresu Nazionalean eta Ozeanoen Mundu Konferentzian, hurrenez hurren. Lankidetza-esparru horrek agerian jarri du erakunde publiko eta pribatuen artean lankidetzaren aldeko sinergiak sortzeko beharra, nazioarteko gobernantzaren bidez ozeanoen jasangarritasunaren bidean aurrera egiteko.
Hiri horiek guztiek leit motiv hau dute: tokiko industria osatzen duten enpresen helburua irabaziak eta aberastasuna sortzen jarraitzea da, baina inpaktu kaltegarririk eragin gabe ekosistemetan, ingurumenean eta balio-kate horietan lan egiten duten pertsonen osasunean. «Hiri hauetan, ozeanoen eta atunaren sektorearen balio-kate osoan kudeaketa eta garapen jasangarrian laguntzea da gure asmoa», esan du Abaroak.
Bermeoko alkatearen hitzetan, «badakigu mundu zabaleko beste lurralde askotan ere haien idiosinkrasiaren parte dela atunaren arrantza. Horregatik, aliatuak batzen jarraitu nahi dugu, bai aliantza honetarako, bai Atunaren Jasangarritasunaren aldeko Nazioarteko Adierazpenerako». Izan ere, «badakigu Bangkok eta San Diego hiriek eta Azore uharteek ere sinatu nahi dutela aliantza», jakinarazi du Bermeo Tuna World Capitaleko (BTWCko) lehendakari Ignacio Serratsek.
Omenaldia Talan
Jardunaldia amaitzeko, ekintza sinboliko bat egin da Talan: eserleku bat ezarri dute Bermeo Tuna Forum hau oroitzeko eta herri horretan sinatu den Atunaren Hirien Aliantza omentzeko.
Ekitaldi instituzionalen ondoren, bertaratuek bisita gidatua egin dute Bermeoko Arroyabe eta Campos kontserba-etxeetan, eta, gero, senidetze-bazkaria Bermeoko kasinoan.
010 (94 617 91 00)