Prensa
Xixili Gimnastika Taldea 1993. urtean sortu zen eta 25 urte daramatza gimnasia erritmikoaren zaletasuna zabaltzen Bermeon eta eskualde guztian. Aurten, bere 25. urteurrena ospatuko du eta horretarako hainbat ekimen antolatu ditu, besteak beste, albuma, erakusketak, bazkaria, aldizkaria eta ikasturte amaierako saioa.
Ekimen horien guztien helburua da Xixili Gimnastika Taldeak 25 urte hauetan egiten ari den lan garrantzitsuaren berri ematea eta herritarrei kirol talde honen eta kirolarien -gehienbat neskak- ahaleginak, esfortzuak eta lorpenak jakinaraztea.
Horrela adierazi dute gaur prentsaurrekoan Irune Ormaetxeak, Bermeoko Kirol zinegotziak, eta Xixili Gimnasia taldeko lehendakariak eta kideak, Bego Usandizagak eta Gotzone Goienetxeak, hurrenez hurren.
Prentsaurrekoan azaldu dutenez, Xixili Gimnastika Taldea 1993an sortu zen Bermeon eta, ordutik gaur arte, 2.000 ume eta gazte baino gehiago pasatu dira Bermeoko Xixili taldetik eta beste horrenbeste Gernikatik; izan ere, Gernikan ere jarduten da.
2017-2018 denboraldian Xixili Taldeak Bermeon 80 ume dauzka matrikulatuta eta Gernikan 110; eskualde guztiko ume eta gazteek- gehienak neskak- osatzen baitute Xixili Gimnastika taldea (Bermeo, Mundaka, Busturia, Forua, Muxika, Bakio, Gernika…). 2 entrenatzaile eta 5 laguntzaile ditu, guztiek profesionaltasun maila altua bermatzen dute, euren formakuntzaren eta esperientziaren bidez.
2017. urtean hainbat izan dira Xixili Gimnastika Taldeak lortutako emaitzak; besteak beste, Jubenil Federatuek Euskalgym eta beste torneo batzuetan lehenengo postua lortu zuten eta Espainiako txapelketan 16.a (90 taldeen artean). Jubenilak A taldeak ere 1. postua lortu zuen Euskadiko txapelketan eta benjaminak eta alebinak 3.ak izan ziren eskola arteko txapelketan.
Usandizagak azpimarratu duenez, Xixili Gimnastika Taldeak “lan eta ahalegin handiak egiten ditugu gimnasia erritmikoaren alde”. Horregatik, bere esanetan, “2018an, taldearen 25. urteurrena aprobetxatuta, taldeko kirolarien lana herritarrei jakinarazi nahi diogu”.
“Gainera, kirol hau egiten duten pertsona gehienak neskak dira eta uste dugu beharrezkoa dela herrian neskak kirolean duten presentzia erakustea, izan ere, askotan ez da islatzen ”, azpimarratu du.
Horrez gain, azaldu duenez, taldearen diru sarrerak dira Bermeoko eta Gernikako Kirol Patronatuen diru laguntzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak eskola arteko kirola bideratzeagatik banatzen dituenak. “Babesleen laguntza lortzea ere gustatuko litzaiguke; izan ere, ahalegin handiak eskatzen duen kirola da gimnasia erritmikoa”, gaineratu du.
25. urteurrena ospatzeko ekimenak
25. urteurrena ospatzeko antolatutako ekimenei dagokienez, urtarrilean kirolari eta entrenatzaile guztien argazkiekin kromo album bat eta egutegiak kaleratu dira. Ekimen horren helburuak dira gimnastak eta kirola ezagutaraztea eta sarrera ekonomikoak izatea. Albuma eta bi pakete kromo bost euro dira eta pakete kromoen prezioa euro batekoa da. Bermeon Danatarik dendan, Luma liburudendan, Loli kioskoan eta Hugo gozoki dendan eskuratu daitezke; Gernikan, aldiz, Samaitz dendan, Berezi liburudendan eta JM bideoklubean.
Horrez gain, ekainaren 8tik 17ra, Xixili Gimnastika taldearen 25 urte hauetako momentu garrantzitsuenen argazkiekin eta maillotekin erakusketa bat antolatu dute Bermeoko Nestor Basterretxea Aretoan
Ildo berean, ekainaren 15ean, Gernikan, eta ekainaren 16an, Bermeon, ikasturte amaierako saioak egingo dituzte. “Ekainaren 16an ere bai, bazkari bat antolatu nahi dugu 25 urte hauetan taldean izandako kirolari, entrenatzaile, guraso eta herritar guztiak gonbidatuta”, adierazi dute.
Ildo berean, aldizkari bat kaleratuko da Xixili Gimnastika taldearen historia azalduz eta kirol honekin harremana duten pertsonei elkarrizketa interesgarriekin, kirola ezagutarazteko helburuarekin.
Bermeo eta Gernikako jaietan presentzia bereziren bat izatea euren xedea dela gaineratu dute, eta Nestor Basterretxean egingo den argazki eta mailloten erakusketa urrian Astran egin nahi dutela azaldu dute.
“Azaroan Xixili torneoa antolatu nahi dugu eta horretara Euskadiko eta beste toki batzuetako talde ikusgarriak gonbidatu, eta, abenduan, Bermeon zein Gernikan Gabonetako erakustaldiak egingo ditugu”, azpimarratu dute.
“25. urteurrena ospatzeko ekimen horien guztien helburua da herritarrei gure taldeak eta gure kirolariek egiten duten lana erakustea, guztiok gimnasia erritmikoarekin gozatu ahal izateko. Gainera, era berean, emakumeek kirolean duten presentzia ezagutzera emateko bidea ere izango da, gure kirolariek egiten duten lana eta ahalegina balioan jarriz”, nabarmendu dute.
010 (94 617 91 00)